Ibaia

  • Zirriborroak eta gero alternatiba eta utopien etorkizuna irudikatzen duten ipuin laburren bilduma da. Ibaia kontakizunean, Uxue Alberdi idazleak genero-ikuspegidun hirigintzaren ondorio eraldatzailea irudikatu du. Horretarako, Usurbilen garatutako saiakuntzetatik abiatzen da, HAPOren (Hiri Antolamendurako Plan Orokorra) berrikuspenetik eta Txirikorda belaunaldiarteko etxebizitza komunitariotik, besteak beste. Fabularen hasiera hemen irakur daiteke, eta 2021eko ekainaren amaieran ipuina doan banatuko da Gipuzkoako hainbat taberna eta igarobideetan. Proiektuaren webgunean bai eta Whatsapp eta Telegram bidez ere egongo da eskuragarri, testu eta audio formatuentan.


2021eko ekainaren 22an - 09:33
Azken eguneraketa: 11:45
Ilustrazioa: Paula Estévez
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Orainean gelditu nahi dut, orainean bizi;

sekula iragan ez den iraganaren zama sentituz

eta dagoeneko hemen den etorkizunaren zelatan.

Donna Haraway

 

Ez dago solistarik, akonpainamendua besterik ez.

Fred Moten

 

I

 

Zapatilak eta beroki arina jantzi, atea zarratu, eta hirugarren solairuko ilunantza zeharkatuta iritsi zen Luz Izaroren etxeraino. Atea jo gabe, zain gelditu zen. Eskailera-begitik haur baten lantu motela entzuten zen.

Igogailua hartu zuten. Haurra bularraren kontra urrumatzen ari zen Rober egongelan; titia kentzen laguntzen ari zitzaion Mariri, bigarren pisuko bizilagunari. Diosal apala egin zien, hatz txikiaren punta umearen ahoan preso.

Hego haizeak izpiliku usaina zekarren. Etxepeko plaza isilik, aterpean bilduta zeuden bizikletak eta jostailuak. Gaueroko paseoen kontura, oreka erritmikoa lortua zuten bi atsoek. Mirko irakasle zaharra irakurtzen ari zen bentanapeko kulunkaulkian. Bintu okinaren etxabetik argi apal bat hedatzen zen bidera. Lur eta hareazko kamioan barrena ibaiertzeko zidorrera egin zuten baratze komunaletatik aurrera. Hontz zuriaren hegada seinalatu zion Izarok, kanpandorrearen inguruan; atzetik jarraitu zien, arima nagi batek nola.

Ia errioaren mailaraino jaitsiak ziren. Ez zen argirik ikusten Troiako auzoan. Luzen aitona angulari ibilia zen bazterrotan, egunez hondar saltzaile eta gauez angulari, ala txiki batekin eta bahea herrestan. «Eta ni, nork kuidatuko nau ni?». Errioaren murmurioak hildakoen bozak kantatzen zizkion Luzi. Urteetan eraman zuen erruaren lokatza, zingira bularrean, aita alarguna eta aitona ezindua herrian utzita Madrila alde egin zuelarik, sinistuta bizitzako hautuen bi muturretan zeudela inor kuidatzea eta arkitekto izatea.

—Noiztik ez daukan Odeiren berririk?

Zeinu hizkuntzan mintzo ziren bi andreak; Izaro gorra zen jaiotzez. Madrilen ezagutu zuten elkar, fakultateko talde feministan. Erantzun bat nola, paduraren arnasotsa aditu zuen Luzek: mareabehera. Milioika burbuila ibai hondoko lokatzetan hatsanka. Errioa biziberritzen hasia zen jarduera industriala erregulatu zenetik. Oinez jarraitu zuten, korrontearen kontra. Gaztainondo baten adarrean pausatu zen hontza. Urrunean, fabriken auzunea begiztatu zuten, partez bizitoki bilakatua orain. Itzalak bereizten ziren pare bat leihotan. Artista gautarrek ere lanean behar zuten Elkarlan Gunean.

—Jarri dun hirekin harremanetan?

—Duela aste batzuk. Baliteken bisitan etortzea. Baimena lortu zain zegonan.

Isilik gelditu zen Luz. Batzuetan eraikintzat hartzen zuen bere burua.

—Haren ama haiz, Luz.

Eskuineko hatz erakusleaz eta luzeaz masail bat ukitu zuen, eta gero bestea. Luzek uste zuen ama ezin zela izan barrutik itxi ezin den edifizio bat. Etxe guztiei opa zizkien ihesbidea bezala krisketa.

—Laurogeita sei urte zeuzkanat, Izaro.

Urrats batzuk egin zituen aurrera. Gero, lagunarengana jiratuta, esan zion:

—Hoa Babiloniaraino. Hemen itxarongo dinat, hotzik ez dun gaur.

Babilonia baserri okupatua handik pare bat kilometrora zegoen. Errioa zabaldu egiten zen pare hartan, eta uharte bat sortzen ibaiaren erdian. Gazteek lantzen zituzten orain irlako lurrak, eta kooperatiba bat martxan jarria zuten Babiloniako bebarruan. Harantz egin zuen andrezaharrak, arintasun miragarriz. Urubiaren kantuak ez zion zirkinik eragin.

Izaro aldendu orduko, bizkarra urki baten kontra bermatu, gonak doi bat altxatu, hankak zabaldu, eta zutik pixa egin zuen Luzek. Lurrun beroa sentitu zuen izterretan gora. Ikusi ez arren ondo ezagutzen zuen paisaiaren errepasoa egin zuen. Ingurua izendatzeak sosegatzen laguntzen zion: otoitz bat bezala zerrendatu zituen ihitza, haltzak eta lezkadia, zumar hostozabalak eta zumar hostotxikiak, haran hondoetako hariztiak, intxaurrondo beltz bakanak, gaztainondoak, maldetako artelatzak, urkia, hurritza, xarma. Pikondoa izendatu, eta pikuen usain latza aditu zuen. Gero, ibaiertzeko bankuan eserita arnasa hartzen zuen bitartean, gaueko trena entzun zuen herrira iristen eta herritik urruntzen.

 

II

 

Ilunpeko paseoetatik bueltan, Izarorekin eta bizilagun goiztiarrekin gosaltzen zuen Luzek. Atsegingarriak ziren bizikideen kalaka eta uraren borborra, xigorkien eta fruituen urrina. Egunkariak eta aldizkariak trukatzen zituzten; zenbait edizioren harpidedunak ziren etxepean. Paperak bigarren bizialdi bat izan zuen biztanleria deshiritartzearekin batera: jendearentzako zegoen jendeak ez zuen uneoro estimula zezaten behar; aski zuen paperaren laztan sotila, tintaren usaina; sendagarria zen orria pasatzeko keinua bera. Elkarrekin pentsatzeko trebetasun linguistiko eta sentsorialak garatu zituzten, sukaldeko errezetak trukatu. Txirikordan, aditu errotatiboaren sistema erabiltzen zuten: lantzean bati egokitzen zitzaion zekienaz ohartu eta besteei ematea. Atzean utzia zuten post-it aroa; ideia konplexuak ez zitzaizkien koloretako paper zatietan kabitzen. Hormetako mapa kontzeptualek ez zieten gorputzean behera egiten; bazekiten inon egotekotan ñabarduretan zegoela jakituria, eta aditzen ikasi zuten, hitz horren bost zentzuetan: entzuten, ulertzen, usaintzen, sentitzen, adosten. Asmo jakinik gabe ere aritzen ziren solasean. Ezertarako balio ez duten gauzen garrantziaz jabetuta, hizketarako denbora eta artea ez ziren mehe saltzen: auzoan, beste ezeren gainetik estimatzen zuten mintzakide ona.

Pikaolara begiratu zuen Luzek, pareko etxebizitzara: leihoen atzean esnatzen ari ziren auzotarrak. Hurrup egin zion kafeari. Berrogei urte lehenago, proiektuaren hasieran, eztabaida luzeak izan zituzten leihoen tamainari buruz. Ez zitzaien gutxi kostatu barruaren eta kanpoaren arteko harremana adostea. «Intimitate hemorragia bat» proposatzea leporatu zien zenbaitek. Izarok –hatz erakusleak begietan– elkar ikustearen garrantziaz eman zuen hitzaldia gogoangarria izan zen. Zeinu hizkuntzan esan behar izan zien hurkoari entzutea ere oinarrizkoa zela. Orduan, Izarorekin ahaztuta, interpreteari oldartu zitzaizkion herritar zenbait. Ez zen arraroa sasoi hartan. Interpreteari egin zioten kontra, argudiatuz gorra izanda erraza zela zarata defendatzea. Izarok pazientzia handiz azaldu zien XX. mendeko etxe burgeseko eskailerak ehun urte baino ez zituela, norberaren etxetik txintik ez ateratzearen ideia zuzenean zegoela norbanako produktiboen eraikuntzari lotua, elkar sentitzeko hil edo bizikoa zela elkarri enbarazu pixka bat egitea. Ez traba, ez molestia, ez eragozpen: enbarazu itzuli zuen interpreteak, Luzen jaiotetxean esaten zen bezala: «Kendu hadi enbarazutik, neska».

Gosaritakoak garbitu, eta lo kuluxka egitera erretiratu zen Luz. Egunean lau orduko lanaldia arautu zenetik, desagertu egin zen zortzi ordu segidan lo egiteko inposizioa, eta ohikoak ziren kuluxkak. Luzek zahartzaroan errekuperatu zituen goizerdiko loaldiak, amaberria zen garaitik albora utziak. Madrilen, beharrezkoak izaten zituen bizirik irauteko: bazter orduetan egiten zuen lo, bazter orduetan lan; denbora, oro har, bazter orduen konkista saiakera bilakatu zitzaiola ohartu zen egun batean.

Eskaileretan gora, Marirekin eta haur txikiarekin egin zuen topo. Hilerri-lili olioaren eta esne hartzituaren usaina zerion umearen mamiari. Luzek izpiliku olio tanta bat jartzen zuen bularrean lotarako; hala egiten zuen erdituz geroztik. Baziren berrogeita hemeretzi urte Odei jaio zela, eta ez zekien horren esanahia osoki ulertzen. Ihes egiten zion zerbaitek; haizea sartzen zitzaion saihetsartean. Pentsamendu antropozentrikotik urruntzeak on egiten zion. Gogoa gurasoen eta kumeen loturetatik libre bizi ziren musker, tximeleta eta hegaztietan jartzeak sosegatzen zuen. Agian ez zen sekula prest egon gizon baten ama izateko. Agian ez zuen zentzuz barneratu semea egun batean gizon egingo zela, ez zela sekula emakume egingo, eta zitekeena zela arkitektura kultural hartarako materialak etxetik kanpo bilatzen saiatzea. Ez zuen garaiz pentsatu; lanpetuegi egon zen akaso, edo baliteke, sinpleki, zenbait gauza ezin pentsatuzkoak izatea gertatu aurretik.

Herrira itzuli zenean, nerabe bat baino ez zen Odei; makulu bat ere bai Luzentzat, ez baitzitzaiokeen batere samurra gertatuko hezurrak, besterik gabe, aspaldi atzean utzitako jaioterrian plantatzea hazteko inor izan gabe, bere burua soilik ordezkatuz. Odei umeagoa izatera, intsektuak pinuen erretxinetan harrapatzen erakutsiko ziokeen, igel-euria entzuten, ahabi-zukuz ezpainak margotzen; edo, agian, idealizazio bat baino ez zen hura guztia, baina, dena dela, Odeik ez zuen ipurtargien fosforeszentziarekin liluratzeko adinik: Luzen umezaroko lurrak ez zion semeari sehaska-kantarik abesten. Oroitzapenek bereizten zituzten bi gogoren jabe ziren.

Inoizka, atzera begiratzen zuen Luzek. Ez zuen asko usteko tradizioak jotako eskualde hura bilakatuko zenik hirigintza feministaren erreferente; are gutxiago berari deituko ziotenik proiektuaren gidaritza hartzeko. Eskerrak laster batu zitzaien Izaro, bere irla izenaren kontrako tenperamentu sozialarekin lur zatiak batzera. Orduan errazagoa izan zen dena lanean eta etxean, Izarok bai baitzeukan arintasun bat eta Odeirekiko antze bat Luzek faltan zuena.

Begiak zabaldu zituenean, ibiltzeko premia sentitu zuen ostera. Azken-aurreko fasean zegoela esaten zion bere buruari: pixkanaka zingiraz, basoez, bideez despeditzen ari zen. Ez zen ariketa dramatikoa; betiko zidorretan oinez, abegi egingo zion lurra zapaltzen zuen. Intsektuei adi egiten zituen urratsak; norekin batera bizi zen pentsatzea nahitaezkoa zitzaion norekin batera hilko zen ulertzeko. Akaso, bokalean behera, itsasoraino iritsiko zen egunen batean. Leihotik, haizea ikusi zuen ezkiaren hostajean. Jaka eta oihalezko kapelua jantzi zituen. Batzarrerako ordua zen; elizan behar zuten zozketan hautaturiko herritarrek. Mendekotasun handiko pertsonen zaintza zen auzia. Luzek gogoratzen zuenez, ziklikoki errepikatzen zen gaia.

Txirikordatik irten zen. Eurena zen herriko etxebizitza kolaboratiboetan zaharrena, eta Pikaola eta Txulunbre etxeak igaro eta ezkerretara egin zuen, Basatxotik. Basatxon, zaharrak bakarrik bizi ziren; paxatxo deitzen zioten gazteek, burlaizez. Han bildu ziren belaunaldi arteko etxebizitzetatik independizaturiko adinekoak eta LGTBIQ kolektiboko asko. Izarok eta Luzek ere bazekiten zer zen zahar-etxe kontserbadore batean amaitzeko izua. Horixe zen etxebizitza kolaboratiboak bultzatzeko izan zuten motiboetako bat; bizitza osoa aktibismoan eman ondoren, ez zuten heteroaraua eta kontrol soziala inposatuko zizkien moja-etxe almidoi-usaineko batean amaitu nahi. Frutaria, arrainduna eta liburuzalea agurtu zituen. Arotzaren ataurrean, kizkur ebaki berria zirudien txirbilak. Txiñorkako sukaldean, harrikoa egiten ari zen haur talde bat. Zuastin, bazkaltzen ari ziren artean. Leihoetatik diosal egin zioten auzotarrek. Aspaldi zen etxeek zenbakirik ez zutela.

Zubia igaro, eta tren geltokirantz hartu zuen. Rashak agurtu zuen kalearen beste aldetik; konpost gunetik zetorren, lan jantzia oraindik soinean. Emakume hura eta lau seme-alabak hogei urte atzera iritsi ziren herrira, pandemia aroko hirugarren kolapsoan kostaldeko azken hotela itxi eta lanik gabe gelditu zenean. Ez zen bakarra izan. Turismoaren gainbeherak eskualde osoa astindu zuen: kostaldea mamu-herri bihurtu zen, eta jendea ohartu zen ezin joango zela nahi zuenean nahi zuen tokira. Paralisi behartuak kolapsatu egin zituen asko; joateko entrenaturiko gorputzek ezin izan zioten gelditzearen ideiari eutsi. Azelerazioarekin eta elebazioarekin bat eginda zeuden organismoek zapart egin zuten, dotorezia izpirik gabe. «Bide bazterrean jaso ditinat», erakutsi zizkion Rashak arrosa zuri bi. Zerua seinalatu zuen: «Aurten, portatu dun». Laino xareei begira, aurrera jo zuen Luzek, gogoa bere baitara bilduta.

Urte gutxi lehenago hegan egitea eskubidetzat zutela azaltzen zietenean, barre egiten zuten haurrek. Ume koskorrek abioiarena egiten jarraitzen zuten, zabaldegietan korrika, besoak luze eta zangoak arin, zeruan sekula halakorik ikusi gabeak izanagatik haien arrastoek eta haizearen kilimak bizirik baitzirauten fantasiazko aireportuetan. Autokarabanen hilerrietan ere jostatzen ziren haurrak; ume taldeek okupatu egiten zituzten, eta nerabe eta gazteek, autorik ezean, aurreko belaunaldietako familia nuklearren inbertsioen gainean jotzen zuten larrua. Death-beat musikaren erritmora dardaratzen ziren. Desagerturiko hots eta ahotsekin egindako konposizioak aparretan zeuden: hegazkinen aireratzeak, elizetako koruak eta AP-8ko trafikoaren ultrasoinuak erritmo organiko motelekin nahasten zituzten. Karabana-nekropoli haietako batzuk migranteen auzo bilakatu ziren. Mundua behin eta berriz hankaz gora jarri zuten birusek inguruari beha jarri zuten ezinbestean gizakia; progresoaren ideia itzulikatu zen, eta hondakinen artetik sortzen hasi behar izan zuten ezinbestean. 2020an, auto hegalarietan ibiliko omen zen biztanleria, baina horren ordez Glovoko langileak bizikletan zebiltzan. Ikaragarri garestitu ziren ura, elektrika eta gasa. Izurriek argi utzi zuten zein hauskorrak ziren orduko ekonomia bezalaxe orduko hiriak ere. Ipurdi bistan gelditu ziren ziutateak: ez zuten gehiago bizitzeko balio. Eraginkortasunaren, produktibitatearen eta azkartasunaren parametroetan soilik zuten zentzu apurren bat. Faktore bat aldatu, eta goitik behera erori zen dena. Hiriguneak hustu ahala gainezkatu ziren aldiriak, eta laster hasi zen barrualderako exodoa. Ahal zutenak jaioterrietara itzuli ziren; aspergarritzat eta urri-kaskartzat jotako herriak birpopulatu zituzten; auzo abandonatuetako tximinietatik ke-hariak ateratzen hasi ziren neguan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Literatura
Joxe Azurmendi idazle eta pentsalaria hil da

Joxe Azurmendi (Zegama, Gipuzkoa, 1941-2025) idazle, filosofo eta saiakeragilea zendu da. Literatura eta pentsamenduaren arloan lan itzela egindakoa, intelektual gisa ez ezik, euskararen eta kulturgintzaren aldeko mugimenduetan engaiaturik eman zuen bizitza osoa. Besteak... [+]


Igeri ala ito

Zoriona, edo antzeko zerbait
Karmele Mitxelena
Elkar, 2024

------------------------------------------------------------------

Helduentzat bigarren liburua du Karmele Mitxelenak. Lehenengoa ipuin liburua izan zen, eta honetan ere nabari zaio ipuingile eskua; izan ere,... [+]


Arlote alprojak edo langabe arruntak?

Lur jota Parisen eta Londresen
George Orwell
Igela, 2025

------------------------------------------------------------

George Orwell Abereen etxaldea (Animal farm, 1945) eta 1984 (1949) eleberriengatik ezagutzen dugu, euskarara itzuliak biak. Baina horien aurretik Down... [+]


2025-06-25 | Castillo Suárez
Alferrikako bidaia

Lehengoan batera elkarrizketatu gintuzten Gonzalo Hermo poeta galiziarra eta neu. Kontatzen nion niri ere gustatuko litzaidakeela esatea nire aurrekoak marinelak izan zirela, baina nire familian denak dira galdatzaileak. Gainera, eremu industrial batean bizi naiz, itsasotik... [+]


Oraindik gara mitiko

Antzinako berri-berriak
Kae Tempest
Igela, 2022

-----------------------------------------------------------------

This poem was written to read aloud / Poema hau ozen irakurtzeko idatzi zen.

Horrela hasten da Kae Tempesten Antzinako berri-berriak liburua, lehen... [+]


“Ezin dugu prekaritateaz hitz egin metafora ulertezinekin”

Ane Zubeldiak (Hondarribia, 1994) eta Eider Adeletxek (Pasaia, 1995) osatzen dute Mejillon Tigre kolektiboa. 2016tik 2019ra Autobiographikal saioa egin zuten, hainbat emakume poeten lanak biltzen zituen zuzenekoa; eta ordutik beste hainbat proiektu ere egin dituzte bakarka... [+]


Libra zaitez beti azal zurien eraginetik

Txori Gorri. Andre siux baten  idazlanak
Zitkala- Sa
Testu zaharrak, 2022

-------------------------------------------------------------

Zitkala-Sa hegoaldeko Dakoten erreserban (AEB) jaio zen 1876an. Eskolan asimilazioan oinarritutako hezkuntza jaso zuen, eta horren... [+]


Debako liburutegian haurrek jasaten duten diskriminazioa ezabatuko dute

6 urtez azpiko haurrek egunean ordubetez baino ezin zuten egon Debako liburutegian, eta egoera hori aldatzeko borrokan aritu da herriko ama talde bat. Udal gobernuak jarrera aldatu eta onartu du herritar guztiek, duten adina dutela, nahi dutenean egon ahal izatea liburutegian... [+]


Joxe Austin Arrieta. Irabazlearen errelatoaren aurka
“Memoria-ariketa da ‘Palinpsestoa’, ahal izan dudan zorrotzena eta zintzoena”

Belaunaldi oso baten liburua da Palinpsestoa. Idazten dakien modura idatzi du Arrieta Ugartetxeak, eta horixe dateke alde gaitza. Gainerakoan, hortxe gure iragan hurbila, gerra ondoa, apaiz giroa, euskara, militantzia… eta ez hain hurbila ere, senide nagusien gerra... [+]


Euskal sorkuntza patxadaz aurkezten dizun plaza

Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azoka iragan da ekainaren 7an, 40 bat argitaletxe eta diskoetxe eta milaz gora bisitari elkarturik herriko plazan. Euskaraz bagara lelopean iragandako seigarren edizio horren balorapen baikorra egin dute Baltsan eta ARGIA antolatzaileek: euskara... [+]


Bidaide eta gogaide, poesiaren ibilietan

Bidaide eta gogaide XVII. mendeko Arnaud Oihenarteren Atsotitzak eta neurtitzak liburuan kausitu dezakezu, eta bidean kausitu eta gustura ondoan harturiko bidai-lagunari erraten zitzaion "gogaide". Aurelia Arkotxak ekarri zuen gurera, Zubiburu solasaldian, hain justu... [+]


Giza Liburutegiak LGTBI+ pertsonen testigantzak ekarriko ditu Nafarroako sei herritara

Neska transexual baten ama, haurtzaroan bere genero identitateagatik bullyinga jasan zuen gizona edota LGTBI kolektiboko nikaraguar erbesteratua ezagutu eta horietakoren batekin bizipenak partekatu eta solastatu nahi duenak aukera izango du datozen egunetan Nafarroako sei... [+]


‘Poesia mailu bat da’ literatur jardunaldiak egingo dituzte bigarrenez Gasteizko Gaztetxean, asteburu honetan

Gasteizko Gaztetxean batzen den Azpimarra irakurle taldeak antolatu ditu topaketak. Ostegunean stand-up ikuskizun batekin hasita, Xabier Montoiaren eta Maddi Sarasuaren arteko mahai inguruarekin amaituko dituzte jardunaldiak, osteko Azpimarraren poesia ekitaldi musikatuarekin.


Mahai ingurua: Aurelia Arkotxa eta Rakel Pardo
Bidaide eta gogaide, poesiaren ibilietan

Bidaide eta gogaide XVII. mendeko Arnaud Oihenarteren Atsotitzak eta neurtitzak liburuan kausitu dezakezu, eta bidean kausitu eta gustura ondoan harturiko bidai-lagunari erraten zitzaion "gogaide". Aurelia Arkotxak ekarri zuen gurera, Zubiburu solasaldian, hain justu... [+]


Eguneraketa berriak daude