"Euskal Herriak ez ditu hondakinen bereizteaz Europak ezarritako helburuak betetzen"

  • Hobeki elkarteak Euskal Herriko hondakinen inguruko txostena egin du eta hori gaur aurkeztu dute Larrabetzuko Udaletxean. “Hondakinak batzeari dagokionez, Europak ezartzen dituen helburuak ez ditugu betetzen eta horretarako bitartekoak landu beharra dago”, esan du Eneritz Arbelaitz Oiartzungo zinegotziak eta Hobekiko kideak. Iñigo Gaztelu Larrabetzuko alkatea eta Mattin Aldaia Hernaniko zinegotzia ere egon dira prentsaurrekoan.


2019ko martxoaren 01an - 09:29
Eneritz Arbelaitz Oiartzungo zinegotzia, Iñigo Gaztelu Larrabetzuko alkatea eta Mattin Aldaia Hernaniko zinegotzia, Hobekiren azterlana aurkezten. (Argazki: Aikor)

“Hiri hondakin solidoen kudeaketaren inguruan gaur egun nagusi den eredua jasangaitza da”, esan du Arbelaitzek. Ildo honi jarraituz, Europar Batasunak Europa eraginkor bat lortzeko ibilbide orria garatu zuen, Zazpigarren Ekintza Programa izeneko ekimenaren barruan. Besteak beste hondakinak kudeatzeari buruzko araudia zehaztu dute bertan. Hau da, Europako Estatu guztiek helburu hauek bete beharko dituzte: 2020rako, hiri-hondakinen erdia birziklatu eta berrabili behar da; 2025erako, % 55; 2030erako, % 60; eta 2035erako, % 65.   

“Ez dago Euskal Herri mailako hondakin batzeari buruzko politika antolaturik. Horren haritik, zail egin zaigu txostena egiteko datuak jasotzea, herrialde bakoitzak hondakinak era ezberdin batean zenbatzen dituelako. Ipar Euskal Herrian ez dago datu bereizturik, Akitania osoko datuak baizik. Beste lurraldeei dagokienez, egoera ezberdinak ditugu: Nafarroak beteko lituzke helburuak; Araba eta Gipuzkoa ekintza estrategikoak zehazten dabiltza; eta Bizkaiak plana behar du, dagoena zaharkitua delako”, aipatu du Arbelaitzek.

Hiri-hondakinak

“Hobekuntzak somatu ditugu, bai, baina orain arte, hondakin kopurua murrizteko estrategiak garatu beharrean, hondakinak tratatzeko teknologian gabiltza lanean. Beraz, zabortegietara bideratzen ditugun hondakinen artean birziklatu ahal den hondakin asko galtzen da alferrik. Beraz, bereizketa hobetu behar da, batez ere hondakin organikoak, horiek hiri-hondakinen % 40 baitira. Ez ditugu europar aginduak beteko, organikoak era egoki eta bereizi batean ez baditugu kudeatzen. Atal horretan ere baditugu emaitza ezberdinak, lurralde batetik bestera: Araban, 6,36 kilo pertsonako baino ez dira batzen urtean; Bizkaian, 5,76; Gipuzkoan, 65,56; eta Nafarroan, 37,48”.

Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitatearen datuen arabera, 2018an, Larrabetzu izan zen hondakin organiko biztanleko gehien batu zuen herria, 34,8 kilo. Bailaran, aldiz, batezbestekoa askoz txikiagoa da, 5,6 kilo biztanleko, alegia. Hala ere, gure herrietan gero eta zabor organiko gehiago batzen da. 2013an, 64.000 kilo batu ziren; eta 2018an, 172.000 kilo.   

Hobeki hondakinen kudeaketa hobetzeko Euskal Herriko toki erakundeen elkartea 2018an sortu zen. Larrabetzu elkarteko kidea da, beste 9 udalekin batera: Leintz Gatzaga, Berastegi, Hernani, Oiartzun, Segura, Usurbil, Berriatua, Zaldibia eta Donemiliaga. “Herri-erakundeok arduraz eta erantzukizunez jokatzera behartuta gaude. Lan honetan, ordea, elkarren arteko komunikazioa faltan botatzen da. Hutsune hori betetzeko asmoz, Hobeki elkartea sortu da, bere bitartez udalek egiten dutena beste udalen ezagupenera iritsi dadin. Elkarlana eta koordinazioa helburu dituen elkartea da, betiere kontuan hartuta hondakinen kudeaketa eta horren inguruko egikaritzapenak udalen esku daudela”, adierazi dute hobekielkartea.eus webgunean.

Albiste hau Txorierriko Aikor aldizkariak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hondakinen kudeaketa
Espainiako Estatuan inoiz baino ur gehiago botilaratu da, eta behera egin du Hego Euskal Herrian

2022an errekor historikoa hautsi zen Espainiako Estatuan, ia 8.700 milioi litro ontziratu baitziren, Geologia eta Meatzaritza Institutuaren estatistikaren arabera. Aurreko urtean baino 580 milioi gehiago dira horiek, eta 2019an ezarritako mugarria baino % 4,8 gehiago.


Plastiko-fabrikatzaileek iruzur egin dutela erakusten du txosten batek

Sektoreko enpresek hamarkadak daramatzate praktika sustatzen, nahiz eta ebidentziak izan ez dela bideragarria, Center for Climate Integrity-ren ikerketa baten arabera.


Zaldibarko zabortegiaren hondamendia gogoratu dute laugarren urteurrenean

Zaldibar Argitu plataformak ekitaldia egin du igandean. Ez dago berririk “euskal oasian”, adierazi dute, “Eusko Jaurlaritzak dena ondo egin zuela errepikatu zuen”.


2024-01-30 | Uriola.eus
Zorrotzara iritsiko diren lixibiatuak jo-mugan

Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak komunikatu bat eskaini du Gipuzkoako erraustegiko lixibiatuak Zorrotzara bidaltzeko asmoaren inguruan.


Aierdik dio Artaxoan ez zela jaso behar Gipuzkoatik zetorren inongo hondakin likidorik

Artaxoako konpostatze plantara Gipuzkoatik Nafarroara bidalitako lixibiatuek Nafarroako Gobernuko eta Gipuzkoako Diputazioaren arteko hika-mika piztu dute. Ostegun honetan Jose María Aierdi kontseilari nafarrak gaitzetsi egin ditu atzo José Ignacio Asensio diputatu... [+]


Eguneraketa berriak daude