"Hizkuntza eskubideak, norenak?!" mahai-ingurua apirilaren 4an Arrasaten

  • Arrasate Euskaldun Dezagun elkarteak eta ARGIAk elkarlanean antolatu dute. Bilboko udaltzainen aurrean euskarari eutsi zion Arkaitz Zarragak. Berdin egin zuen Eneka Alvarezek, Donostian, ertzainen aurrean. Mozal Legeaz isuna jaso dute biek. Bi euskara irakasle eta euskaltzale hauek mintzatuko dira mahai-inguruan eta Lander Arbelaitz ARGIAko kazetariak moderatuko du. Arbelaitzek grabatu zuen Alvarezek jasandako hizkuntz eskubide urraketa, eta bi ertzainek epaitegi penalera eraman dute kazetaritza lan horregatik.


2019ko apirilaren 02an - 07:51

Apirilaren 4an, osteguna, 19:00etan Arrasateko Kulturate-n (Azoka kalea, 1) da hitzordua. ARGIAren mendeurrena ospatzeko ekitaldietako bat da, Arrasate Euskaldun Dezagun elkarteak eta ARGIAk elkarlanean antolatua. Aurrerapen modura, hona Zarraga eta Alvarezek egin zituzten adierazpenetako batzuk, Arbelaitzek ARGIAn egin zien elkarrizketan:

A. Zarraga: Kontzientzia berezia dugu horrekin. Nire kasuan, nirekin topo egin zuen udaltzaina euskaltegitik pasatakoa zen. Horrelako ikasle batzuk baditugu, hizkuntz perfilaren bila doaz, eta hori lortutakoan ez zaie axola handik harago ezer, lana dute eta kitto. Sistema honek porrot egiten duela erakusten du argi eta garbi. Administrazioa ezin da belarriprest izan, ez da nahikoa ulermen maila izatearekin. Nirekin euskarazko harreman osoa izatea nahi dut. Gainera, jakin behar dute hizkuntza eskubide batzuk daudela eta beraiek errespetatu behar dituztela, nik neuk erabakitzen dudala zein hizkuntzatan aritu. Hori agerian geratu da.

E. Alvarez: Kasu hauek ez dira isolatuak, oihartzuna lortu dute hainbat arrazoirengatik. Justu gu biok oso jakitun gara gure eskubideak zein diren. Hala ere, halakoak egunerokotasunean gertatzen dira. Kontua da euskaldunari beti dagokiola insistitzen aritzea, eskubideak gogoraraztea... zure partetik indar bat eskatzen du, ahalduntze bat, lan nekeza baita. Hala ere, jende guztia animatzen dut urraketak salatzera, eta eskubideak bermatzen ez dizkiguten artean talka hau egongo da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: ARGIAk 100 urte
2019-12-22 | Jakoba Errekondo
Barietatea eta aniztasuna

Duzunaritzeko kultura ezagutzeko aukera izan dugu 111 hostoz eta orriz jantzi liburuaren aurkezpen egunean. Argiak mendea bete duen ospakizun saila borobiltzeko egun gustagarria. Ehun urtetako kazetaritza goratzeko nekazaritzaren alorrean oinetakoak zikinduz ibiltzea baino bide... [+]


2019-12-22 | Estitxu Eizagirre
Mendeurrenak hiru opari: bata jendeari, bestea ARGIAri, handiena Euskal Herriari

Urte biribil honek opari bana egin digu Argia Jendeari, Euskal Herriari eta komunikazio proiektuari. Zabalduko ditugu?

 


2019-12-22 | Garazi Zabaleta
Duzunaritze argiaren mendeurrenaren lekuko

2019a urte berezia izan da ARGIArentzat, esku artean duzun ale hau ere bada horren adibide. Ehun urte betetzea ez baita lorpen makala, are gehiago euskarazko hedabide txiki batentzat. Ospakizunek forma ezberdinak hartu dituzte urte oso honetan zehar eta, nola ez, landa eremuko... [+]


Eguneraketa berriak daude