Hirugarren aldiz, Usansolo udalerri bilakatzearen aldeko hautua nagusitu da herri-galdeketan

  • Igandean herri-galdeketa egin dute, eta Usansoloren desanexioaren aldeko postura nagusitu da. Bozka eman dutenen %81,54 Usansolo Galdakaotik bereizi eta udalerri bilakatzearen alde agertu da.

Argazkia: Javierme

2022ko martxoaren 30an - 10:28

Hirugarren aldiz, Usansolo udalerri bilakatzearen alde egin dute herritarrek. Hala adierazten dute igandean egindako herri-galdeketaren emaitzek: %81,54 Usansolo Galdakaotik bereizi eta udalerri bilakatzearen alde agertu da. 3.771 pertsona zeuden bozka ematera deituta, eta horien %63,12k parte-hartu zuen galdeketan.

1987an eta 2014an agertutako iritzi berari eusten diote usansolotarrek. Urte horietan ere burutu baitzituzten galdeketak, Usansoloren desanexioaren aldeko postura nagusituz. Alabaina, erakundeek ez zieten zilegitasunik aitortu. Igandeko galdeketa ere ez da loteslea berez, baina badu desberdintasun esanguratsu bat aurrekoekin konparazioan: azken galdeketa ofiziala da, Galdakaoko Udalak antolatu duenez gero. Zentzu horretan pozik agertu zen Usansolo Herria plataformako bozeramaile Monika Mena, Berriari egindako adierazpenetan: "Poza sentitu genuen, sikiera berrogei urte luzeren ondoren lortu dugulako Galdakaoko Udalak ofizialki galdetzea ea udalerri independente izan nahi dugun".

Hurrengo urratsak zein diren azaldu du Menak. Orain Galdakaoko Udalari dagokio galdeketaren emaitza eta memoria bidaltzea Bizkaiko Foru Aldundiari, eta bigarren horrek loteslea ez den txosten juridikoa osatuko du, Bizkaiko Batzar Nagusiarena izanik azken hitza.

Usansolo Herria plataformatik espero dute beren borondatea errespetatua izatea: "Memorian argi gelditzen da Usansolok baldintza ekonomikoak, juridikoak, soziologikoak, bideragarritasunari buruzkoak, zerbitzuetakoak eta abar betetzen dituela, eta herritarron iritzia ere argi gelditu da. Beraz, Batzar Nagusietatik espero duguna da hori errespetatzea eta gure borondate eta erabakia onartzea, besterik ez". Galdeketak bilakaera hori izanez gero, prozedurak ez luke iraun beharko bi urte baino gehiago.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Usansoloren segregazioa
2023-06-30 | Ilargi Manzanares
Espainiako Gobernuak Usansolo Galdakaotik bereiztea errefusatu du

Lurralde Politikako Ministerioak ukatu egin du eskaera, ez duela gutxieneko biztanle kopurua (5.000) argudiatuta. Kudeaketa batzordeak, Galdakaoko Udalak eta Bizkaiko Aldundiak erabakiaren kontrako errekurtsoa jarriko dute.


Usansolo herri izateko legedia aldatzea eskatu dute EAJk, EH Bilduk eta Ahal Duguk Espainiako Kongresuan

Usansolotarrek 30 urte daramatzate herri izateko lanean, eta orain bide horren azken txanpan daude. Espainiako Legedian, aldiz, oztopoak egon daitezke eta horiek gainditzeko, asteazken honetan EAJk, EH Bilduk eta Ahal Duguk proposamen bateratua aurkeztu dute Madrilen.


2022-10-03 | ARGIA
Usansoloren desanexioa onartu daiteke Bizkaiko Batzar Nagusien hurrengo bileran

Larunbatean, desanexioaren aldeko aldarria berriz atera dute kalera Usansolon, eta urriaren 15erako mobilizazioa deitu dute. Bizkaiko Batzar Nagusietan beren borondatea bete dadila, hori lortu nahi dute ekimenokin. Izan ere, Bizkaiko Batzar Nagusien hurrengo bileran bozkatuko... [+]


2022-03-28 | ARGIA
Usansolo herri independente gisa eratzearen alde bozkatu du %81ek

Usansolon erroldatuta dauden 16 urtetik gorako 3.647 lagun zeuden deituak Galdakaoko Udalak antolatutako galdeketara, eta haietatik 2.302k (%63,12) eman dute bere iritzia. Herri independente gisa eratzearen alde agertu dira %81,54.

 


Eguneraketa berriak daude