Heziketa Bereziko ehunka langile elkarretaratu dira Lakua aurrean

  • Hezkuntza publikoko sektorekako hirugarren grebak jarraipen zabala izan du beste behin. Sindikatuen arabera Heziketa Berezian diharduten 1.000 langile ingurutik %75 ez da lanera joan.


2017ko azaroaren 23an - 16:05
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Hezkuntza publikoan udazkenean egiten ari diren mobilizazioek ez dute etenik, abenduaren 12ko greba handia zerumuga dutela. Ostegun honetan Heziketa Bereziko langileak atera dira kalera eta ELA, LAB eta Steilas sindikatuek emandako datuak aintzat hartuz gero arrakastatsua izan da greba deialdia: langileen %75 ez da lanera joan.

Eusko Jaurlaritzaren egoitza nagusiaren aurrean, Gasteizko Lakuan, ehunka lagun bildu dira protestan, zeinu hizkuntzan trebatuak, langile sozialak, hezkuntza laguntzako espezialistak, fisioterapeutak, itzultzaileak...

Besteak beste eskatzen dute asteko jarduna zehaztea, lanaldi partzialak mugatzea eta behin-behinekotasun tasa jaistea. Langileon esanetan, lanpostu zerrendako 400 postu egiturazkoak dira eta egonkortu egin beharko lirateke.

Azken urteetan soldatetan murrizketa handia izan dute Heziketa Bereziko langileek, erosmen ahalmena %12 gutxitu baitzaie. Bestetik, ikasturtean denbora luzez lanean igarota ere, uda garaian ez dute soldatarik jasotzen eta epe hori ez zaie puntuatzen.

Hori guztia salatzeko ari dira borrokan eta Jaurlaritzako Hezkuntza sailari eskatu diote negoziazio bat martxan jar dezala.


Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Hezkuntza kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.