Heroinaren itzulera Arrasatera: belaunaldi oso baten zorigaitza ekarri zuen droga

  • Orain dela bizpahiru hile Monterron parkean aurkitutako xiringek alarma gorria piztu zuten. Azken hilabeteetan ere, alde zaharrean "heroina saltzen dela" salatu dute bertako hainbat bizilagunek. 30 urteren bueltan, heroina gure kaleetara itzuli da eta Mondraberri.eus atariak drogek egun eta iraganean Arrasaten edukitako inpaktua bildu du.

Ibai Trebiņo @errusiarzalea  |  Mondraberri @mondraberri
2016ko uztailaren 29a

Astelehena da, arrasatear askorentzat lanera itzultzeko eguna. Alde Zaharreko kaleak erdi hutsik daude eta asteburuko ajearen ondorioak nabari daitezke oraindik. Ekaitzaren ostean dator barea eta Ferrerias kalean lasaitasuna da nagusi; edari-banatzaile batzuen lanek baino ez dute apurtzen astelehen goizeko giro lasaia eta aldi berean tristea. Kale erdian "punk" estetika daraman gazte batek negar egitera ekiten dio bat-batean, errutina eta lasaitasuna apurtuz. Laguntza eske gerturatzen zait.

25 urte baino gehiago ez dituen gaztea diru eske etorri da. Goseak jota, "sabela betetzeko edozer gauza" behar duela dio, malkoen artean. "Ez daukat dirurik, asteburua parrandan eman dut eta neukan diru guztia gastatu dut. Ez daukat nora joan, nire familiak ez du nirekin ezer jakin nahi... lagundu iezaidazu mesedez".

Gazteari laguntza ematen saiatu naiz, baina bere nahiak ezin ditudanez asetu, berakin solasteari ekin diot. Bat-batean aitorpen ziraragarri bat egiten dit: "zaldia kontsumitzen dut eta 'mierda' hontatik ezin nire burua atera". Denboran 30 urte atzera egin dugularen sentsazio garratza piztu zait. "Heroina, nola demontre da posible?".

Hilabete baino ez da pasatu udaletxeko langile batzuek Monterron parkean bi xiringa aurkitu zituztenetik eta hori da egun, gaztearen historiarekin batera, heroina Arrasatera itzuli delaren erakusle garbiena. 

Gaia bolo-bolo dabil kalean. Estigmatizazioa edota beldurra medio, gutxi batzuek baino ez dira ausartu askok dakitena salatzera: hots, Alde Zaharreko hainbat etxebizitzetan heroina saltzen dela. "Mugimendu arraroak ikusten dira atari horretan. Jendea gora eta behera ikusten dugu uneoro", esan digu Alde Zaharreko bizilagun anonimo batek. "Denok dakigu bertan heroina saltzen dela, baina...". Guztion ahoan dagoen arren, trafikanteen aurkako neurriak zergatik ez diren hartzen galdetzen diote bere buruari hainbatek.

"Eraginkortasun txikikoa ematen badu ere, bi urte pasatu behar dira trafikanteen aurkako operazio bat burutu ahal izateko", azaldu digu drogaren aurkako borrokan buru-belarri murgilduta dagoen iturri ofizial batek. Hori da hain zuzen, prozedura ofizialak behar duen denbora eta askoren galderari entzunik ematen ez badio ere, hau izango litzateke ildo logiko batetik planteatuta, 'modus operandi'-a ulertzeko gakoa: 'Trapitxero' txikiak azkar atxilotzeak narkotrafikante potoloen aurkako operazioei ateak itxiko liokelako.

Profil ezberdinetako droga saltzaile eta kontsumitzaileak

Errealitateari so eginez, drogen kontsumoak gorakada bat pairatu izan du azken urteotan Arrasaten. Drogen kontsumoan aditua den iturri anonimoak horrela definitzen du egungo egoera: "Orain dela 10-15 urte drogen kontsumoak behera egin zuen nabarmen eta azken urteetan berriz, gorakada bat izan da". Herriko gune ugaritan aurkitu daitezke –bere esanetan– kontsumitzaileak, "San Andres edo Otalorako kaleeko taberna batzuetan" besteak beste. Kasu gehienetan "droga biguinen" kontsumoa da gehien hedatuta dagoen kontsumoa, esaterako hatxisa edo marihuana. Baita 'speed'-a edo kokaina. Azken hau da duda barik, azken urteotan gorakada handiena izan duena Arrasaten, klase ertainek –posizio ekonomiko onekoak gehien kontsumitzen duten droga bilakatu delarik. Izan ere, Arrasatek -egoera sozio-ekonomiko 'pribilegiatua' duen herri bat dela ezin da ahazti eta horrek testuinguru aproposa kokainaren kontsumorako. Arrasatek osagai egokienak biltzen ditu kokainaren hedapenerako.

Heroinaren kasuan berriz, historikoki klase baxuen artean kontsumitu izan ohi den droga izan da eta egun 'txiroenen' artean kontsumitzen den droga izaten jarraitzen du. Kontsumoari dagokionez, zainetik sartuta aurkitu daitezken kasu gutxi batzuk baino ez daude, eta gehienak erreta kontsumitzen dute droga hau. Gainera -dio adituak- "oso erraza da edozein taberna baten kanpokaldean heroinazko zigarrillo bat erretzea, inork ez du jakingo hatxisa, kokaina edo heroina den". 

Droga saltzaileen profilari dagokionez, klase sozialen arabera sailkatu daitekela esan genezake; Alde batetik, trafikante txikiak edo 'trapitxeroak' egongo lirateke, 'jatorri sozial apaleko' jendearen artean gehien ematen den tendentzia delarik. Bereziki latinoen artean, Kolonbia edota Errepublika Dominikanatik etorritakoen artean. Bizi baldintza gogorren aurrean 'bizirautera' kondenatuta dauden gazteen artean hain zuzen ere. Bestalde, trafikante handiak egongo litzateke. Hauek estatus handiagoko jendearen artean aurkitu ditzazkegu, gehienak arrasatearrak edo euskaldunak direlarik.

Azkenik, zorionezko beste talde bat bereiztu daiteke kontsumitzaile-saltzaileen arteko eskema honetan: "drogaz paso egiten dutenak" alegia. Gure iturriaren arabera, azken talde hau gero eta nabarmenagoa da eta "politikarekin zerikusia ere ez dutela" azpimarratu behar da. "Normalean nahiago dute emakumeen edo futbolaren inguruan hitzegitea, droga edo politikaren munduan murgilduta egotea baino". 

Arrasateko belaunaldi oso bat txikitu zuen droga

80. hamarkadara itzuli ote garen gure buruari galdetu beharrean gaude. 80. hamarkadan bizi izandako heroina kontsumoa kontestu zehatz batean eman baitzen: Desindustrializazioa, gatazka politiko-armatua, ezgonkortasun ekonomikoa etabar. Soberan frogatuta dago drogen kontsumoaren atzean, estatuaren itzala zegoela, disidentzia politikoa gelditzeko saiakera garbia zegoela. Gaur egun gauzak zeharo aldatu direla esan daiteke. 

Orain dela 30 urte baino gehiago hasi zen heroina kontsumitzen Euskal Herrian eta Arrasate ez zen salbuespena izan. Orduan, kooperatibaren"ezgonkortasunak" (sozioen semeen inguruko politikarik ez zen existitzen adibidez) egoera sozio-ekonomiko latza utzi zuen Arrasaten. Bestalde, gatazka armatuak Arrasaten izandako 'atxikimendua' ere faktore garrantzitsuan bilakatu zen. Elementu hauek heroinaren kontsumorako baldintza egokiak sortu zituzten eta fenomenoaren gorakada ulertaraztera laguntzen dute.  

Heroinaren fenomenoak bete-betean jo zuen orduan Arrasate eta berarekin batera, herriko belaunaldi oso baten zorigaitza ekarri zuen. Horien artean, Eduardo Macebo 'Portu' RIP taldeko baxujolea izan zen, duda barik,esanguratsuenetarikoa, Arrasateko 80. hamarkadako "punk" eszenan erreferentzialtasun handiko pertsona izan zen Eduardo Mancebo 'Portu' eta bere historia ezagutu nahi izan dugu, Karlos Mancebo anaiaren eskutik.

Argazki oina

Orduan, heroinaren kontsumoa guztiz hedatuta eta normalizatuta" zegoen, "Egoera sozio-ekonomiko latza paraitzen zuen orduan Arrasatek eta heroina zeozer berria zenez" kontsumoa azkar hedatu zen. Debekatuta dagoen zerbaiten aurka egiteko tendentzia naturalak ere 'lagundu' zuela uste du Karlosek eta horri esker, heroinaren kontsumoak gorakada nabarmena izan zuen herrian. 

Drogen kontsumoak eragindako ondorio latzak gogoan ditu Karlosek, bera mundu hortatik aldendu zen arren, lehen pertsonan bizi izandako zorigaitza izan zen. Bere lagunengan izandako ondorioak ondo gogoratzen ditu: "Lagun asko galdu nituen bidean, batzuk mundu hortatik irtetzea lortu zuten eta beste batzuk ordea...ez". Pena handiarekin gogoratzen ditu urte hoiek eta bere anaiak bizi izandakoaz ere hitzegin nahi izan du. "Infernu bat izan zen". 18 urtez bere familiak pairatu beharreko infernua. "Pertsona bat heroinara engantxatuta dagoenean, droga erosi ahal izateko dirua lapurtu beharrean dago eta noski, horrek arazo handiak sortzen ditu familia bakoitzean, gurea ere ez zen salbuespena izan". Lehen eskutik bizi izan zuen Karlosek bere anaiaren esperientzia, 'Portu' bera baino urte t'erdi nagusiagoa baitzen. Drogen munduan sartu baino lehen 'Portu' pertsona alaia eta dibertigarria zen, "Kirola egiteko gaitasun handiko pertsona" Karlosen esanetan. "Txirringan, futbolean...kirola egiten ondo moldatzen zen pertsona bat zen". Bere pasioen artean musika zegoen ere, RIP taldearen eskutik 'punk' olatua Arrasatera ekarri zutenen artean aintzindari izan zen 'Portu'.

Eszenatokian ondo moldatzen zen, Sid Vicious eredu zuen 'punk' arrasatearra. "Zuzeneko emanaldietan asko mugitzen zen, pertsona bizia zen, baino denbora aurrera egin ahala, gero eta estatikoa bilakatu zen eszenatoki gainean". Drogaren eraginez, bere izaera pizkanaka aldatzen joan zen 'Portu' eta gazte alai bat izatetik drogarekiko erabateko depedentziara izatera pasatu zen. "Mundu horretan murgilduta zeunden gehienak heroinaren inguruko 'bizitza estilo' bat eraiki zuten, heroinarekiko erabateko dependentzia zuten". Halere, beste askok bezala, 'Portu-k' ere mundu hortatik ateratzeko ahalegin ugari egin zituen. "Behin eta berriz saiatu zen arren, azkenik ezin izan zen mundu hortatik bizirik irten. Egia da gurasoek ez zutela inoiz itxaropena guztiz galdu, baino saiakera bakoitzaren ondoren etsipena zen nagusi". Eduardo Mancebo 'Portu' 1997an hil zen.  

'Isilpeko' hildakoak

Eguerdiko kafearen orduan gaude eta azukrea nahasteari ekiten dio, pentsakor eta burumakur, gure iturri 'anonimoak'. Arrasaten drogek izandako ondorioak soberan ezagutzen ditu eta bere ezagupenak gurekin konpartitu nahi izan ditu gaurkoan.

Heroinaren agerpena seinale txarra da baino aurrera begira egin beharrekoak zehazteko ordua heldu zaigu. "Orain dela 30 urte, gazte asko heroina kontsumitzaileak bilakatzen ziren, formazio eza zela eta. Orain berriz,badago egoera honi buelta emateko gaitasuna eta baliabideak. Formakuntza behar da, eskoletan ikasgai berezi bat behar da agian eta etxean kontrol apur bat ere. Formakuntzaren bideari ekin behar zaio" esan digu konbentzimendu osoz adituak. "Jakin badakigu, eta bagenekien orduan, HIESaren ondorioz hildakoen kasu gehienak heroinarekin zerikusi zuzena zutela eta ez sexu harremanekin. Askok bestaldera begiratu zuten. Gure isiltasunak jende asko hil du".

Albiste hau Mondraberrik argitaratu du eta egile eta komunikabideen baimenari esker ekarri dugu ARGIAra

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Drogak  |  Arrasate

Drogak kanaletik interesatuko zaizu...
2018-10-15 | ARGIA
Kanadan marihuana ekoiztu eta kontsumitza libre izango da asteazkenetik

Urriaren 17tik aurrera Kanadan erabat libre izango da kalamua ekoiztea bezala kontsumitzea, osasuna artatze bezala aisialdirako. Ez da cannabisa despenalizatu duen lehen herrialdea izango (2013an egin zuen urrats hori Uruguaik, AEBetako bideratzi estatutan libre da, 29 herrialdetan erabilera terapeutikorako baimentzen da...) baina bai handiena. Eta dagoenekoz ondorio ekonomiko batzuk erere hasi da erakusten, belarrarekin lotutako negozioen beroaldeiarekin.


2018-09-27 | ARGIA
EAEko adikzioen gaineko inkesta: alkoholaren eta tabakoaren kontsumoak behera egin du

Aldiz, azken bost urteetan gora egin du psikofarmakoen eta kalamuaren kontsumoak, Eusko Jaurlaritzaren "Adikzioen gaineko inkesta. Euskadi 2017" txostenak jasotako datuen arabera. Jokoa ere hazi da, kirol apustuak bereziki.


2018-07-27 | Axier Lopez
Jai alternatiboen eredua ezbaian
Martxa ere borroka da

Frankismoaren ondoren, auzo elkarteen eskutik, jai herrikoiek eztanda egin zuten Euskal Herrian. Hortik garatu da txosna gunea oinarri duen eredua, herri mugimendu eta ezker abertzaleko antolakundeek sustatuta. 40 urtetan asko aldatu da egoera politiko eta soziala, baina hein berean aldatu al dira jai gune alternatiboak? Aro politiko berrian, aurreko garaietatik datozen inertziak ezbaian jartzen hasi dira eta jaiak ere ez dira salbu.


Kanadak marihuana legeztatu du, baina askorentzat berandutxo

Kanadako Senatuak ekainaren 7an bedeinkazioa emanda, hiru hilabete barru marihuanaren kontsumoa bezala salerosketa libre izanen dira han. AEBetan legezkoa den estatuetan ikusi denez, kalamuaren trafikoan aritzeak ez du gehiago gaiztagin bihurtuko inor, osasun arazoentzako eskuratu ezinean zebiltzanei eguna argituko zaie eta estatuak diru asko bilduko du zerga berritan. Baina drogen kontrako gerran buru ibili direnetako batzuk izango dira orain negozio berrien onuradunak ere.


'Fariņa' berriz salgai: liburua bahitzeko agindu zuen auzitegi espainiar berak baimena eman du orain

Madrilgo Probintzia Auzitegiak otsail honetan agindu zuen  Nacho Carretero kazetari galiziarraren Fariña liburua bahitzeko, PPko alkate ohi batek narkotrafikoarekin izandako harremanaren berri ematen zuelako. Ia lau hilabete geroago, epaitegi berak kendu egin du liburuaren aurkako kautelazko neurri hori eta berriz ere liburu-dendetan saldu ahal izango da.


2018-06-12 | Hala Bedi
Herri mugimenduak drogekiko dituen jarrerak aztertuko dituzte Gasteizen

'Herri mugimendua eta drogak' izenpean, solasaldia antolatu dute Gasteizko Txosnek larunbaterako, ekainaren 16rako.


2018-06-08 | ARGIA
Kokaina oso purua ari da kontsumitzen Europan: zergatik?

Purutasun maila oso altuko kokaina kontsumitzen ari da Europan azken hamarkadan, Europar Batasuneko drogen kontrolerako agentziak egindako ikerketa baten arabera. Era berean, drogen kontsumoagatik tratamenduan dagoen jendearen kopurua ere gorantz doa.


2018-04-24 | Miren Osa Galdona
Droga trafikoa eta haur pornografia egotzita, PPtik bota dute militante bat Bizkaian

Carlos Abajo Enkarterrietako koordinatzailea da alderditik kaleratu dutena. Pasa den larunbatean, argazki sexualen truke adin txikikoei dirua eskaintzen ari zela atxilotu zuten. Droga trafikoarekin ere lotura izan dezakeela iradokita, alderdiak bertan behera utzi du bere militantzia.


'Fariņa' liburuan agertzen diren euskal izenak: diru-zuriketa, haxix kiloak eta hilketa bat

Zentsura judizialaren erruz, debekatuta dago aurrerantzean Fariña liburua zabaltzea. Baina eskuratzea ez da ezinezkoa. Ezta zaila ere. Bilatzen dakienak dendaren batean ere aurkituko du segur aski –azken finean, koka erostea ere legez kanpokoa da eta, erosi, erosten da ezta?–. Nik asteburu honetan erosi nuen, liburua, ez koka, eta deigarriak egin zaizkit Carreteroren lanean agertzen diren euskal konexio batzuk.


2018-02-25
'OxyContin' epidemia AEBetan: gure medikuak bihurtu gaitu jonki

Droga epidemia berriaren biktimak ez dira ghetto txiroetako gazte baztertuak. Oraingoan eltxoak pozoiarekin bezain ugari erortzen direnak dira langileria eta klase ertain zuriko seme-alabak, auzo estandarretakoak, etxe txiki baten eta bi autoren jabe diren gurasoak, zaharrak bezala gazteak. Edozein klasetako oinazeri aurre egiteko agintarien bezala medikuen establishmentaren bedeinkapen oroz OxyContin opiazeoa hartzetik abiatuta jonki amaitu dutenak.


Azkenak
EGILEAK
Eguneraketa berriak daude