Hernaniko eta Usurbilgo udalek (EHBildu) debekua salatu eta organikoa herrian bertan konpostatzen ahaleginduko dira

  • Hernaniko udalak eta Usurbilgoak (bien gobernu taldeak EHBilduko zinegotziek osatzen dituzte) publikoki erreazionatu dute Atez Ate bildutako hondakin organikoak tratatzeko konpost planta bana eraikitzeko baimenak ukatu zaizkiela eta. ARGIAk argitaratu ditu bai Hernaniko udalak eta bai Usurbilgoak jaso dituzten debekuei buruzko informazioak. Herritarrei nork bere proiektuaren zertzeladak azaltzeaz gain, bi udalek salatu dituzte GHK eta Diputazioaren debekuak eta bio-hondakinak udalerrian bertan kudeatzeko asmoekin aurrera jarraitzen dutela berretsi. 


2019ko maiatzaren 06an - 11:38
Nekazariek kudeatutako konpost-planta txiki bat Austrian.

Hernaniko udalak gaia apirilaren 30eko oso bilkuran eztabaidatu zuen, Hernanin Zero Zabor elkarteak aurkeztutako mozio baten harira. Bertan Mattin Aldaia Ingurumen zinegotziak xehetu zituen Hernaniko konpost planta proiektuaren ezaugarriak, salatu zuen hondakinen kudeaketan behin eta berriro EAJ eta PSEk kontrolatutako erakundeetatik (izan diputazio edo mankomunitate) Hernaniri egiten zaion diskriminazioa eta zigorra, tartean –behin eta berriro epaileek berretsi duten bezala– gehiegizko tarifak kobratuz, eta iragarri zuen udal gobernu taldeak bat egiten zuela HZZren mozioarekin. Orain Hernaniko (Ahal Dugu) zinegotziak ere berdin bozkatu zuen eta, aldiz, kontrako botoa eman zuten EAJ eta PSEko zinegotziek. Onartutako mozioaren azken puntuak dio hitzez hitz: "Horren aurrean, Hernaniko udalari eskatzen diogu irmo eutsi diezaiola bere asmoari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzen diogu bere erabakia alda dezala". Osoko bilkuran, bozketaren unean Luix Intxauspe alkateak berretsi zuen proiektuarekin aurrera jarraitzeko asmoa. (Ikusi beherako Aldaia zinegotziaren hitzaldia, HZZk bere Facebookean bildu duena).

Usurbilgo alkate Xabier Arregi, berriz, prentsa ohar bidez (ikusi albistearen beheko aldean) salatu du GHK-k hondakin guztiak beren eskuetatik pasatzea nahi duela, “beraiek nahi erara kudea ditzaten” eta iragarri du Usurbilek gai honetan daraman bide eredugarriarekin aurrera egiteaz gain, konpost planta txikiaren asmoarekin ere aurrera jarraitzeko erabakia.

Xehetasunetan sartuta, Arregik jakinarazi du proiektu berriak aurreikusten duela atez ate bildutako organikoa tratatzeagatik horretan ariko den baserritarrari 70 euro/tonako ordainduko zaizkiola, urtean baserritar horri 4.000 euro inguruko diru-sarrerak ahalbideratuz, kinka larrian dauden nekazarientzako diru-sarrera osagarri inportantea. Konparatzen jarrita, Usurbilek gaur egun GHKri 138 euro ordaindu behar dio tonako, bere organikoa tratatzeagatik. Nabarmentzekoa da GHKk tarifa bera ezartzen diela organikoa garbiago edo zikinago entregatzen dutenei. Hori da Atez Ateko herriek beren organikoa gertutik kontrolatzeko daukaten beste motibo bat, beraiek oso garbi entregatutako bio-hondakina (Usurbilen bilduak %1,23ko zakarrak baizik ez dauzka, askoz gutxiago kaleko edukiontzietan bildutako beste guztienak baino) askoz zikinagoekin batera nahastuta tratatzen dutelako, kalitatea erabat jaitsiz, tarifa bidegabea pagatzeaz gain.

Horixe salatu du Xabier Arregi alkateak: “Nola edo hala, hondakin guztiak beren eskuetatik pasatzea nahi dute, beraiek nahi erara kudea ditzaten. Horra zein den arazoa. Mundu guztian eta mundu guztiak ontzat eta eredugarritzat jotzen duena, GHK-k debekatu egiten du. GHK-k ez du inola ere ametitzen hondakinen kudeaketa modu egokiago, arduratsuago eta probetxugarriagoan egin dezagun. Horregatik, errotik moztu nahi ditu horrelako ekimenak”. Horregatik, Arregiren irudiko, garbi dago Gipuzkoan gertatzen ari den ereduen talka dela eta GHK-ren ereduak ardatz bat eta bakarra duela: errauste-planta. “Ezin da ulertu bestela”. Hori guztiagatik, Usurbilgo udalak proiektuarekin aurrera jarraituko duela iragarri du.

Hona hemen hitzez-hitz Hernaniko eta Usurbilgo udal gobernuen erreakzioak:

Hernani, Mattin Aldaia (EHBildu) Ingurumen zinegotziaren mintzaldia apirilaren 30ko plenoan:

Konposta planta bati buruz ari gara eta utziko didazue proiektuaren nondik norakoak azaltzen

Hemen sortzen dena hemen erabili

Udal jatorria duten hondakinen frakzio organikoaren (UHFO) kudeaketa-eredu berezituak erronka benetan garrantzitsuak dira bai teknika aldetik eta bai administrazio aldetik ere, eta lehentasunezkotzat hartu behar dira ondorengo arrazoi hauengatik:

Hiri-hondakinen konposizioan frakziorik ugariena da; izan ere, masan % 40 eta % 50 artean dabil.Aldi berean, horrexek du eraginik handiena hondakinen gainerako frakzioetan, eta hondakin-bilketaren eraginkortasuna areagotzen du baldin eta frakzio organikoaren gaikako bilketa/tratamendua (kalitatekoa) gehitzen badiogu.

Hezetasun handia du, % 70 ingurukoa, eta hori dela eta:

- horren bilketan eta garraioan batez ere ura mugiarazten da, hori ez da sistema iraunkorra.

- biltegiratzean hezetasun hori likido gisa askatzen da, eta materia organiko disolbagarriak (lixibiatuak) eduki handia dute horren barruan; ondorioz, azkar eta kontrolik gabe hartzitzen dira eta frakzio honekin lotutako usain txarren arrazoi nagusi bilakatzen dira.

- Materia organikoa, ingurumen-baldintza arruntetan, berehala hasiko da deskonposaketa eta eraldaketa prozesuak garatzen, bere baitan dituen mikroorganismoen eraginez, eta hezetasun handiak are gehiago erraztuko du prozesu hori.Prozesu hori denboran luzatzen denean (egunak) eta horren gainean inolako kontrolik egiten ez denean, mikroorganismo anaerobioak garatuko dira (usain txarrak eragiten dituzten substantzia gaseosoen sortzaile), lixibiatuak askatuko dira eta mikroorganismo patogenoak ugarituko dira.

- Herritarrarekiko hurbil dagoenez eta usteltze-ahalmen eta eragin kaltegarri hauek dituenez, kudeaketaren arazo eta akatsak azkarren nabarmentzen dituen hondakin-frakzio bilakatzen dira, eta aldi berean, ingurumen-hezkuntzaren aldetik ahalegin handienak eskatzen dituen alorra osatzen dute.

- Hondakinen materia organikoaren azken helmuga lurra da, landareen euskarri eta elikagai gisa jokatuko duen substratu edo medeagarri bihurturik, hau da, lurraren emankortasuna iraunaraztea.Horrexegatik, ez dugu inoiz ahaztu behar zein izango den haren benetako azken helmuga.

Teknikoki erraz samarra da hondakin bat kalitatezko baliabide bihurtzea, baina eraldaketa hori ahalik eta ongien eta eraginkorren gerta dadin beharrezkoa da lehen unetik bertatik kontuan izatea garatuko den kudeaketaren estrategian zein izango diren faktorerik garrantzitsuenak, eta nagusiki, frakzio organikoaren gaikako bilketa-eredua izango da hori.

Proiektu honen helburua, eta horrela adierazi genuen, ez da bakarrik atez ate biltzen den organikoa konposta bizia bihurtzea baita ere kontutan hartuko luke:

- Landareetan aplikatzen diren erbizida eta ongarri kimikoen gehiegizko erabilera lurra kutsatzen ari dela.

- Aldi berean, baserritarren simaurra, purineak eta abar kantitate handietan sortzen dira. Ez direla behar bezela aprobetxatzen eta Osasuna eta ingurugiroarentzat arriskutsuak bihurtzen ari direla.

- Hauek guztiak baliabide bezela ikusi behar dira ez hondar bezela.

Elikadura, Osasuna eta ingurugiro osasuntsu batean bizitzeko funtsezko eskubideen salerosketak herrien soberanía mehatxatzen duen munduan, premiazko zaigu paradigma aldaketa bat, bizitza erdigunean kokatuko duena. Hondakin organikoen kudeaketa gure gizartearen ardura da eta ideia horri moldatutako elkartruke eta ekoizpen eredu eta proposamenak behar ditu. Ideia honi erantzunda proposatzen da proiektu hau.

Ekonomia sozial eta eraldatzaileari helduta hartu eman zuzenak, gertukoak eta osasuntsuak sustatu nahi ditugu. Honekin zer esan nahi dugu: komunitatea sortu nahi dugula, gertu bizi eta lan egiten duten pertsonen arteko harremana ahalbidetu nahi dugula eta harreman hauek bai pertsonen artekoak bai lurrari dagozkionak errespetuzkoak, parte hartzaileak eta ez kutsakorrak izango direla. Modu honetan eraginkortasuna handituz eta elikagai hobeak haziz.

- Ekonomia social eta eraldatzailean oinarritutako proiektu honen helburu zehatzak dira:

- Atez ateko hondakin organikoa transformatu eta balio erantsi bat eman

- Herritarrak eta lehen sektoreko uztiategien arteko elkarlan sustatu, dauzkagun beharrak asetzeko asmoz

- Transformatutako lehengaia erabiltzea, kostu baxuagoa duela demostratzea bertako baserrietan landa lurzorua onera ekartzeko eta ekoizpena hobetzeko

- Hainbat eragile (nekazari, abeltzain, teknikari…) ekoizpen sistemen (konbentzional, organikoa, ekologikoa…) inguruan kontzientziatzea praktika birsortzailen bitartez eta ingurumen onurak sortzearen bitartez.

- Praktika hauen ingurumen inpaktua eta inpaktu sozioekonomikoa aztertzea.

Proiektu hau, Eusko Jaurlaritzaren bitartez, PIMA laguntzetara aurkeztu genuen, Espainiako Ministerio de agricultura y pesca alimentación y medio ambiente 82597 Euroko laguntza eman ziguten. Proposatzen genuen konposta planta 2000 Tn kudeatzeko izango zen, atez ate jasotzen ditugun organikoa 1700 Tn delako.

Foru Aldundiari (EAJ eta PSE) lehendabizi hitzez eta geroago idatziz oniritzia eskatu genien, bere erantzuna ezekoa izan da.

Ez da lehen aldia Foru Aldundiak Hernaniko herriaren aurka jotzen duela. Orain dela gutxi eta prentsaurrekoan azaldu genuen bezala Sanmarkoren agintariak (EAJ eta PSE) 100.000 Euro gehiago kobratu nahi ziguten hernaniarrei jasotako balizko zerbitzuengatik. Epaileak arrazoi eman ziguten eta dirua bueltatzen hasi dira.

Guzti honengatik, gobernu taldeak, bat egiten dugu mozio honetan egiten den eskaerari eta aldeko botoa emango dugu.

Xabier Arregi: “Mundu guztian eta mundu guztiak ontzat eta eredugarritzat jotzen duena, GHK-k debekatu egiten du”

Usurbilgo Udalak garatu nahi duen herri-konpostaren proiektua kudeaketa jasangarrian, ekonomia zirkularrean eta tokiko garapenean oinarritutakoa bada ere, GHK-k ez du onartu nahi. GHK-rentzat ez da egoki Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko 2109-2030 Planean aurreikusi gabeko azpiegitura handietatik aparte tratatzea hondakinak. Horregatik, Xabier Arregi alkateak salatu du GHK-k, nola edo hala, hondakin guztiak beren eskuetatik pasatzea nahi duela, “beraiek nahi erara kudea ditzaten”. Edonola ere, Usurbilgo Udalak herri-konposta sortzeko egitasmoari eutsi egiten dio, eta ingurumen-baimenak tramitatzen jarraituko du.

Usurbilek bide luzea egin du organikoaren kudeaketan. Gaur egun 700 familiek baino gehiagok kudeatzen dute euren organikoa auzokonposta eta autokonpostaren bidez. Kopurua esanguratsua izan arren, Usurbilgo Udalak ez du horretan geratu nahi: Usurbil 0.0 programaren helburuetako bat bio-hondakin guztia herrian bertan kudeatzea eta erabiltzea da, eta, hain zuzen, helburu horrekin sortu du herri-konposta egitasmoa.

Proiektuaren funtsa

Behemendi izango da hondakinak kudeatuko dituen erakunde publikoa. Hala, Udalak Behemendiri emango dio bildutako organikoa. Bestetik, Behemendi eta baserritarren artean kontratu bat egingo da, eta baserritarrek Behemendiri lur zati bat utziko diote azpiegitura jartzeko. Baserritarra arduratuko da konpostatze-prozesua zaintzeaz eta kontrolatzeaz, eta sortzen den konposta eurentzat izango da. Hala, baserritarrek organikoa kudeatzegatik diru saria izango dute. Beraz, dirua herritik kanpo eraman ordez, herrian bertan geratuko da. “Baserritarrari 70 euro/tonako ordainduko zaizkio. Beste diru-iturri bat, beraz, baserritarrarentzat. Urtean 4.000 € inguru izango direla kalkulatzen dugu”, dio Ibon Goikoetxea Ingurumen teknikariak. Une honetan Udala 138 €/Tn-ko ordaintzen dizkio GHK-ri, organikoa kudeatzeagatik. “Beraz, nabarmenak dira onurak”. Gainera, Ibon Goikoetxeak nabarmendu du Usurbilen biltzen den organikoaren kalitate ona. Berriki aztertu du Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak bio-hondakinaren kalitatea eta, hark emandako datuaren arabera, inpropioen maila % 1,23koa baino ez da.

Xabier Arregi Usurbilgo alkatearen hitzetan, hondakinen kudeaketa jasangarrian, ekonomia zirkularrean eta garapen lokalean oinarritutako proiektua da. Gainera, Espainiako Ingurumen Ministerioaren dirulaguntza du egitasmoak, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailari atxikitako Ihobe Sozietate Publikoak ere begi onez ikusi du, eta San Marko mankomunitateak berak idatziz jakinarazi du oso egokitzat duela proiektua. “Dena du alde. Tira, den-dena ez. Bada salbuespen bat: Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak ez du onartu nahi”, zehaztu du Arregik.

San Marko eta GHK ez datoz bat

Denbora luzea darama Usurbilgo Udala proiektu honetan lanean, eta udalaz gaindiko administrazioak trabak bata bestearen atzetik baino ez dira jartzen ari. Proiektua martxan jartzeko, Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren baimena baino ez du falta. Jaurlaritzak proiektuari oniritzia eman aurretik, ordea, San Markoren zein GHKren “baimena” beharrezkoa zela esan zioten Udalari, hots, “hondakinen jabeen baimena”. Ondorioz, bi erakundeetan egin du kontsulta Udalak, eta bietatik jasotako erantzunak kontrajarriak izan dira. Izan ere, proiektuak San Markoren oniritzia jaso duen bitartean, GHK-k ukatu egin dio baimena. Hitzez hitz, hauxe erantzun zion San Markok Usurbilgo Udalari, otsailaren 18an igorritako erantzunean: “...baserrigintzan helburu duen erabilera ekonomia zirkularraren eredu gisa izan daitekeela kontuan hartuta, Mankomunitate honetako Zuzendaritzatik proiektua oso egokia dela uste dugu”.

Alta, GHK-k ez dio baimenik eman nahi Usurbilgo Udalari herri-konpostaren proiektua gauzatzeko, haren esanetan, “ez baita udal eskumenekoa”. GHK-k bidalitako erantzunean gogorarazten du 2007an Kontsortzioari hondakin orokorrak tratatzeko zerbitzuaren eskumena esleitu zitzaiola, eta horixe bera berretsi zela bai 2002-2016ko Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokorrean zein 2019-2030eko planean ere. “Beraz, aipatu dugun proiektuak hautsi egiten du plan integral horretan aurreikusten den kudeaketa eredua eta foru araua urratzen du”. Kontsortzioaren irudiko, Usurbilgo Udalak bio-hondakinak kudeatzeko egin duen proiektuko azpiegitura “goi-horniduraren sareko azpiegitura” da, eta “ezin da foru planifikazioan aurreikusten ez den hondakin azpiegiturarik gauzatu”. “Usurbilgo udalerriaren esparruan sortzen diren hiri-hondakinen tratamenduari dagokion edozein erabaki Gipuzkoako Kontsortzioak baino ez du hartu ahal izango”, gaineratzen du idatziak.

Hain zuzen, horixe bera salatu du Xabier Arregi alkateak: “Nola edo hala, hondakin guztiak beren eskuetatik pasatzea nahi dute, beraiek nahi erara kudea ditzaten. Horra zein den arazoa. Mundu guztian eta mundu guztiak ontzat eta eredugarritzat jotzen duena, GHK-k debekatu egiten du. GHK-k ez du inola ere ametitzen hondakinen kudeaketa modu egokiago, arduratsuago eta probetxugarriagoan egin dezagun. Horregatik, errotik moztu nahi ditu horrelako ekimenak”. Horregatik, Arregiren irudiko, garbi dago Gipuzkoan gertatzen ari den ereduen talka dela eta GHK-ren ereduak ardatz bat eta bakarra duela: errauste-planta. “Ezin da ulertu bestela”.

Egitasmoari eutsi egingo dio Udalak

Horren aurrean, eta etorkizunari begira, Usurbilgo Udalak herri konposta sortzeko egitasmoari eutsi egiten dio eta, horrenbestez, nahiz eta GHK-ren erantzun hori izan mahai gainean, Eusko Jaurlaritzatik lortu beharreko ingurumen baimenak tramitatzen jarraituko du. Aldi berean, egitasmoa begi onez ikusi duten gainontzeko erakundeei (Espainiako Ingurumen Ministerioari eta Ihoberi) jakinaraziko zaie momentuz jasotako diru-laguntzak ezin izango direla exekutatu, aipatu arrazoiengatik.

Testuinguru honetan, esan behar da dagoeneko argitaratu direla Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko 2109-2030 Plan Berria eta EAEko Auzo Konpostaren Dekretua. Usurbilgo Udalaren ustez, bi dokumentu horiek “zentzugabeko trabak” jartzen dizkiote hondakinen gestio lokalari. Udala aztertzen ari da bi erabaki horiek judizialki errekurritzeko aukera, uste baitu ez direla errespetatzen Usurbilen eta usurbildarron eskubideak eta Europak markatutako jarraibideen kontra doazela.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hondakinen kudeaketa
Plastiko-fabrikatzaileek iruzur egin dutela erakusten du txosten batek

Sektoreko enpresek hamarkadak daramatzate praktika sustatzen, nahiz eta ebidentziak izan ez dela bideragarria, Center for Climate Integrity-ren ikerketa baten arabera.


Zaldibarko zabortegiaren hondamendia gogoratu dute laugarren urteurrenean

Zaldibar Argitu plataformak ekitaldia egin du igandean. Ez dago berririk “euskal oasian”, adierazi dute, “Eusko Jaurlaritzak dena ondo egin zuela errepikatu zuen”.


2024-01-30 | Uriola.eus
Zorrotzara iritsiko diren lixibiatuak jo-mugan

Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak komunikatu bat eskaini du Gipuzkoako erraustegiko lixibiatuak Zorrotzara bidaltzeko asmoaren inguruan.


Aierdik dio Artaxoan ez zela jaso behar Gipuzkoatik zetorren inongo hondakin likidorik

Artaxoako konpostatze plantara Gipuzkoatik Nafarroara bidalitako lixibiatuek Nafarroako Gobernuko eta Gipuzkoako Diputazioaren arteko hika-mika piztu dute. Ostegun honetan Jose María Aierdi kontseilari nafarrak gaitzetsi egin ditu atzo José Ignacio Asensio diputatu... [+]


Eguneraketa berriak daude