Espainiako Gobernuak langabezia prestazioa jasotzeko eskubidea aitortu die, 2022ko urriaren 1a baino lehen ere Gizarte Segurantzan altan izan baina langabeziarako inoiz kotizatu ez zuten etxeko langileei. Instrukzio berriak urte haietako lanaldiak kotizatutzat hartzea ahalbidetuko du, eta, horri esker, milaka langileri lehen ukatua zitzaien ordainsaria jasotzeko atea zabalduko zaie. Neurria, kolektiboak azken asteotan eskuratu duen bigarren aurrerapausoa da, Lan Arriskuen Prebentziorako Legea etxeko lanetara ere zabaldu ondoren.
Etxeko langileen eskubideen borrokak beste garaipen bat lortu du, eta kotizatu ez zuten etxeko langileei ere langabezia saria onartu die Espainiako Gobernuak. 2022ko urriaren 1etik etxeko langileek eskubidea dute langabezia saria jasotzeko, ordura arte ez zuten halakorik jasotzen; hala ere, data horretatik aurrerako aldia baino ez zen onartzen kotizatutzat. Orain, baina, SEPE Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak instrukzio bat eman du 2022ko urriaren 1a baino lehenagoko alta-aldiak ere kotizatutzat jotzeko. Horrenbestez, lehen egindako lanagatik ere langabezia saria jasoko dute urte haietan Gizarte Segurantzan izena emanda zeuden etxeko langileek, langabeziarako kotizatu izan ez bazuten ere.
Neurria Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak 2022an eman zuen ebazpenaren ostean dator. Ondorioztatu zuen Espainian etxeko langileen lan-erregimena “diskriminatzailea” dela, eta ez dagoela arrazoirik kolektiboari langabeziarako eskubidea ukatzeko. Ostera, gertuko beste auzitegi batzuk ere kolektiboaren alde egin dute. 2023ko urrian, esaterako, Bilboko Lan Arloko 7. Epaitegiak arrazoia eman zion etxeko langile bati, eta 11 urte lan egin ostean langabezia saria jasotzeko eskubidea aitortu zion. Kantabriako Justizia Auzitegi Gorenak 2024ean ere aitortu zuen etxeko langileek langabezia mugarik gabe kobratzeko duten eskubidea. Bestalde, sindikatuek etxeko langileek jasaten zuten egoera salatu dute hainbatetan.
Barne agindu berriarekin, 2022ko urritik aurrera kotizatutakoaz gain, kontuan hartuko dira legezko langabezia egoeraren aurreko sei urteak, Etxeko Langileen Sistema Berezian alta emanda egon badira kotizatu gabe. Sei urte aipatzen dira, hori delako kotizatu beharreko denbora tarte gutxienekoa prestazioa bi urtez jaso ahal izateko (arauek baimentzen duen gehienekoa, laguntza-sarera igaro aurretik). Gainera, orain, 52 urtetik gorakoentzako subsidioak aitortzeko, subsidioa eskatu aurreko sei urteetako kotizazio egiaztatuak ere zenbatuko dira.
CCOO sindikatuak eskatu du etxeko langileen eskubideak handitzea ez dadila gera SEPEren instrukzio batean. Aldarrikatu dute erabaki honen euskarria ez da soilik “administrazio-irizpide bat izan behar”, eta dagokion “lege-aldaketaren bidez” onartu behar dela.
Lan Arriskuen Prebentziorako Legean ere urratsak
Hau, ordea, ez da izan kolektiboak azken aldian lortu duen eskubide bakarra. Iragan astera arte Lan Arriskuen Prebentziorako Legetik kanpo zeuden etxeko langileak. Momentura arte, afera honetaz esaten zen gauza bakarra hauxe zen: “Enplegatzailea behartuta dago etxeko langilearen zeregina segurtasun eta osasun baldintza egokietan burutu dadin. Honetarako, neurri eraginkorrak hartuko ditu, etxeko lanaren baldintza espezifikoak kontuan hartuta”. (Etxeko langileen sistema berezia arautzen duen 1620/2011 Dekretuaren 7.2. artikulua). Hau esatea eta hutsaren hurrengoa gauza bera dira. Pasaden astetik, baina, haien lanpostuak dituen arriskuen ebaluazioa egiteko obligazioa dute enplegatzaileek; egiten ez badute, isun ekonomikoak jaso ditzakete.
%93 emakumeak, %70 latinoamerikarrak, eta gutxien kobratzen dutenak
Sektore horretako datuak plazaratu ditu El País egunkariak. Jarduera horrek du Espainiako Estatuko ekonomiaren ordainsaririk txarrena (1.138 euro gordin hilean 2024an, 2.386 euroko bataz bestekoaren aurrean), langile atzerritarren eta nazionalitate bikoitzeko langileen proportzio handiena (%66, eta %20 batez beste lan-merkatu osoan, Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera) eta emakumeen parte-hartze handiagoa (%93). Okupatuen kopurua, oro har, %9 hazi da 2008tik, baina etxeko enpleguak %27 egin du behera. Hego Euskal Herrian, 35.000 etxeko langile inguru daude Gizarte Segurantzan izena emanda.
EHUk aurten argitaratutako ikerketa batek erakusten du EAEko etxeko langileen ia erdiak (%43,10) ez duela inoiz lan kontraturik izan, eta %27,4 egoera irregularrean bizi dela. 2020ean Emakunderen ikerketa baten arabera, EAEko etxeko langileen %70 baino gehiago latinoamerikarrak dira, gehienek dirua bidaltzen dute etxera, eta erdiek zorra egin dute bidaia egin ahal izateko.