Hego Euskal Herriko etxeko langileak langabeziarako kotizatzen hasiko dira

  • Giza Eskubideen Europako Auzitegiak otsailean emandako epai batek Espainiako Gobernua behartu du etxeko langileen egoera hobetzera. Irailaren 7an pasako da indarrean egotera lan harreman berria arautzen duen dekretua, eta aurrerakoan, besteak beste, langabeziarako kotizatu eta langabezia ordainsaria jasoko dute legalki diharduten etxeko langileek. Etxeko langileen elkarteek azpimarratu dute oraindik badela zer hobetu etxeko langileen egoerari dagokionez.

Etxeko langileei gainerako langileen eskubide berberak aitortzea aldarrikatuz, elkarretaratzea Bilbon (Argazkia: Ecuador Etxea)

2022ko irailaren 07an - 09:50
Azken eguneraketa: 11:05

Gaur pasako da indarrean egotera irailaren 5ean Espainiako Ministroen Kontseiluak onartutako errege dekretua, zeinak etxeko langileen lan baldintzak arautuko dituen. Izan ere, gaur artean, Espainiako Estatuan etxeko langile gisa lan egiten duten pertsonek ez dituzte izan langile batek izan beharko lituzkeen oinarrizko eskubideak; besteak beste, langabezia ordainsaria jasotzeko eskubiderik gabe aritu dira, laneko arriskuen prebentziozko legearen babesik gabe, enplegatzaileari aldebakartasunez kontratua etetea ahalbidetzen zion desestimenduarekin, eta etxe barruko langileen kasuan asko eta asko esklabutzatik gertu dauden egoeretan.

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak otsailean emandako epai batek behartu du Espainiako Gobernua etxeko langileen egoera hobetzera. Etxeko langileak diskriminatzea leporatzen zion epaiak, genero bazterketa iritzirik sektore feminizatu horretako langileek langabezia eskubiderik ez izateari. Hala bada, interpelazio horren ondotik, Espainiako Kongresuan aho batez erabaki zen lan harreman berria arautuko duen dekretua lantzea. Dekretuaren ondorioz, aurrerakoan legalki diharduten etxeko langileen egoera nabarmen hobetuko da: batetik, langabezia ordainsaria jasoko dute; bestalde, egoera zehatzetara mugatuko da enplegatzaileak aldebarkatasunez kontratua eteteko duen eskubidea; eta horrez gain, lan arriskuen legearen babesarekin jardungo dute, nahiz eta Yolanda Diaz Espainiako Lan ministroak babes hori "modulatu" beharra dagoela aipatu duen, lantokia eremu pribatua denez gero. Informazio eskubidea ere aitortu zaie langileei, eta hortaz agiri guztiak idatziz jaso beharko dituzte. Azkenik, enplegatzaileei %80 arteko hobariak eskainiko zaizkie kotizazioak ordaintzeko, eta enplegatzaileak kaudimenik ez duenean, Soldatak Bermatzeko Funtsera jotzeko eskubidea aitortuko zaie langileei, funtsak bere gain hartuz kotizazioak.

Erreformak 373.121pertsonari eragingo die Espainiako Estatuan, eta Hego Euskal Herrian 34.000 ingururi.

Etxeko langileen egoera hobetzeari dagokionez aurrerapauso hori, Europako Auzitegiaren epaiak ez ezik, etxeko langileek eta haien alde borrokan diharduten elkarteek aurrera eramandako borrokaren ondorio dira. Halere, hobekuntzak hobekuntza, oraindik ere zer hobetu badela azpimarratu du ATH-ELE Bizkaiko Etxeko Langileen Elkarteak. Publiko egindako idatzian, besteak beste, adierazi dute Gizarte Segurantzari dagokionez lege berriak urtebete atzeratu duela (2024ko urtarrilera) erregimen orokorrarekin parekatzeko epea eta langabezia ez dela jasoko legezko epeak bete arte, eta zaindutako pertsona hilez gero soilik hilabeteko indemnizazioa aitortzen zaiola langileari –"indemnizazioa egindako lan-urteen proportzioan handitu behar zen, eskatzen genuen bezala", adierazi dute–.

Oinarrizkoa den erreforma baten absentziaz ere ohartarazi du ATH-ELEk Atzerritarren Legeari erreferentzia eginez, eta denontzako paperak exijitu ditu.

 

 

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Lan eskubideak
Tubos Reunidos enpresako sindikatuek salatu dute amiantoa agertu dela labe batean eta zenbait egunez lana ez zela gelditu

Enpresa batzordeak salatu du otsailaren 26tik martxoaren 3ra bitartean amiantoa agertu zela labe kalibratzailean egindako obretan eta egun horietan lanak ez zirela eten. Enpresak azaldu du ohartu bezain pronto hartu zituela neurriak.


Greba mugagabean daude Gasteizko Udaleko autobus zerbitzuko langileak

Lehen bi egunetan %100eko jarraipena izan du grebak TUVISAn, enpresa batzordearen arabera. Jaurlaritzak %30eko gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu. Lan baldintzak eta zerbitzu publiko osoa hobetzea eskatzen dute langileek.


2023-12-11 | ARGIA
Astebeteko grebari ekin diote Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako eskola erlijiosoetan

Bost egunetik hirutan manifestazioak egingo dituzte hiru hiriburuetan. ELAren arabera, jarraipena %70ekoa izan da lehen egunean.


2023-11-27 | Hala Bedi
Michelinek 150 langile kaleratzeko mehatxua egin du

Enpresak komunikabideei filtratu die berria langileei eta batzordeari jakinarazi aurretik. Kaleratzeen iragarpena langileek eta LAB sindikatuak Michelineko zuzendaritzaren "deriba autoritarioa" salatu ostean etorri da.


Bost hilabetez kobratu barik egon ostean, Bizkaiko Correoseko langileek greba mugagabea abiatu dute

Correos posta-zerbitzuak garbiketarako azpikontratatutako Limpiezas J. Cordoba enpresako langileek salatu dute bost hilabete daroatzatela soldata kobratu barik eta, egoera konpontzeko neurririk hartu ez delakoan, greba mugagabera joatea erabaki dutela jakinarazi du ESK... [+]


Eguneraketa berriak daude