Giza Eskubideen Europako Auzitegiak otsailean emandako epai batek Espainiako Gobernua behartu du etxeko langileen egoera hobetzera. Irailaren 7an pasako da indarrean egotera lan harreman berria arautzen duen dekretua, eta aurrerakoan, besteak beste, langabeziarako kotizatu eta langabezia ordainsaria jasoko dute legalki diharduten etxeko langileek. Etxeko langileen elkarteek azpimarratu dute oraindik badela zer hobetu etxeko langileen egoerari dagokionez.
Gaur pasako da indarrean egotera irailaren 5ean Espainiako Ministroen Kontseiluak onartutako errege dekretua, zeinak etxeko langileen lan baldintzak arautuko dituen. Izan ere, gaur artean, Espainiako Estatuan etxeko langile gisa lan egiten duten pertsonek ez dituzte izan langile batek izan beharko lituzkeen oinarrizko eskubideak; besteak beste, langabezia ordainsaria jasotzeko eskubiderik gabe aritu dira, laneko arriskuen prebentziozko legearen babesik gabe, enplegatzaileari aldebakartasunez kontratua etetea ahalbidetzen zion desestimenduarekin, eta etxe barruko langileen kasuan asko eta asko esklabutzatik gertu dauden egoeretan.
Giza Eskubideen Europako Auzitegiak otsailean emandako epai batek behartu du Espainiako Gobernua etxeko langileen egoera hobetzera. Etxeko langileak diskriminatzea leporatzen zion epaiak, genero bazterketa iritzirik sektore feminizatu horretako langileek langabezia eskubiderik ez izateari. Hala bada, interpelazio horren ondotik, Espainiako Kongresuan aho batez erabaki zen lan harreman berria arautuko duen dekretua lantzea. Dekretuaren ondorioz, aurrerakoan legalki diharduten etxeko langileen egoera nabarmen hobetuko da: batetik, langabezia ordainsaria jasoko dute; bestalde, egoera zehatzetara mugatuko da enplegatzaileak aldebarkatasunez kontratua eteteko duen eskubidea; eta horrez gain, lan arriskuen legearen babesarekin jardungo dute, nahiz eta Yolanda Diaz Espainiako Lan ministroak babes hori "modulatu" beharra dagoela aipatu duen, lantokia eremu pribatua denez gero. Informazio eskubidea ere aitortu zaie langileei, eta hortaz agiri guztiak idatziz jaso beharko dituzte. Azkenik, enplegatzaileei %80 arteko hobariak eskainiko zaizkie kotizazioak ordaintzeko, eta enplegatzaileak kaudimenik ez duenean, Soldatak Bermatzeko Funtsera jotzeko eskubidea aitortuko zaie langileei, funtsak bere gain hartuz kotizazioak.
Erreformak 373.121pertsonari eragingo die Espainiako Estatuan, eta Hego Euskal Herrian 34.000 ingururi.
Etxeko langileen egoera hobetzeari dagokionez aurrerapauso hori, Europako Auzitegiaren epaiak ez ezik, etxeko langileek eta haien alde borrokan diharduten elkarteek aurrera eramandako borrokaren ondorio dira. Halere, hobekuntzak hobekuntza, oraindik ere zer hobetu badela azpimarratu du ATH-ELE Bizkaiko Etxeko Langileen Elkarteak. Publiko egindako idatzian, besteak beste, adierazi dute Gizarte Segurantzari dagokionez lege berriak urtebete atzeratu duela (2024ko urtarrilera) erregimen orokorrarekin parekatzeko epea eta langabezia ez dela jasoko legezko epeak bete arte, eta zaindutako pertsona hilez gero soilik hilabeteko indemnizazioa aitortzen zaiola langileari –"indemnizazioa egindako lan-urteen proportzioan handitu behar zen, eskatzen genuen bezala", adierazi dute–.
Oinarrizkoa den erreforma baten absentziaz ere ohartarazi du ATH-ELEk Atzerritarren Legeari erreferentzia eginez, eta denontzako paperak exijitu ditu.