Lanaldia 37,5 ordura jaitsiko duten enpresa txikiei laguntzak ematea proposatu du Espainiako Gobernuak

  • Sumarrek PSOEri ezarritako marra gorrietako bat horixe zen, lanaldia jaistea. Hala ere, laguntzak ematea ez zen hasierako asmoetan sartzen.

Goizeroko buletin bat daukat, 'Goizean argi' deiturikoa. Dohainik harpidetu zaitezke.

2024ko irailaren 10ean - 10:10
Joaquín Pérez Rey, Espainiako Lan arloko estatu idazkaria.
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Uztailerako auzia ebatzita utzi nahi zuen Yolanda Díaz ministroak, baina ez zitzaion posible izan, patronalen ezezkoak, Espainiako Diputatuen Kongresuko aritmetika arazoak eta PSOEren zalantzek eraginda. Atseden hartu ondoren, atzo ekin zioten berriro negoziaketari. CCOO eta UGT sindikatuak eta CEOE eta Cepyme patronalek osatzen dute mahaia, Lan Ministerioarekin batera.

Duela 40 urte baino gehiago ezarri zen Espainian eta Hego Euskal Herrian 40 orduko lanaldia, eta ordutik ez da moldatu –Hego Euskal Herrian, tokian tokiko hitzarmen ugarik dute ezarria 38,5 orduko gehienezko lanaldia–. Urteotan asko izan dira langa orokorra jaistea eskatu duten ahotsak. Sumar alderdi politikoak betebehar hori konplitzeko konpromisoa eskatu zion PSOEri, gobernu koalizioa osatzearen truke. Baiezkoa eman zieten elkarri, eta xehetasun zenbaiten berri eman zuen Díaz ministroak iazko urrian: gobernuaren helburua izango zen 2024an 38,5 ordura jaistea lanaldia, 2025ean 37,5era, betiere soldata mantenduta; eta aurrera begirako erronka gisa, 35 ordura jaistea.

Badirudi, baina, lausotzen ari dela hasiera batean esandakoa, orain arte ez baitzen aurreikusten enpresek hobariak izatea, eta badirudi hori patronalaren presioen eraginez izan dela. Díaz ministroak asteleheneko bileran proposatu zuen soldatapean hamar pertsona baino gutxiago dituzten enpresek laguntzak jaso ahal izango lituzketela haien langileei gehienezko lanaldia 37,5era jaitsi eta inor berria kontratatu beharko balute, lanordu hutsuneak betetzeko.

"Ez dugu betorik onartuko"

Horixe, beraz, Díazen proposamena. Adostasun erabatekoa lortzea ez da ezinbestekoa, jakina, azken hitza Espainiako Gobernuak berak eta Diputatuen Kongresuak baitu. Hori oroitarazi du Joaquín Pérez Rey Lan arloko estatu idazkariak, CEOE patronalari zuzenduta: "Ez dugu inoren beto eskubiderik onartuko".

CEOEren buru Antonio Garamendi getxoztarrak gogor salatu izan du lanaldia laburtzeko Espainiako Gobernuaren asmoa. Ez du imintzio txikirik egin negoziatzeko, ez da ezezko jarreratik irten, eta polemikoak izan dira bere zenbait adierazpen: esaterako, "enpresen aurka gobernatzen" ari omen da Espainiako Gobernua, eta lanaldia 37,5era murriztea langileentzat "oparia" dela esan du Garamendik, "hamabi eguneko oporraldia oparitzea".

 


Espainia kanalean gehiago
2025eko abenduaren 24
Espainiako Estatuko esperientziak
Ahuntzak, astoak eta mastinak otsoa uxatzeko

2025eko urriaren 13
Espainia

Eguneraketa berriak daude
⚠️ Hezkuntza kanal berria ARGIAn
Ikas-komunitatearen jarraipen berezia, Mikel Garciaren eskutik
Hezkuntzari egiten diogun jarraipenak koska bat egingo du gora, bai edukiz bai diseinuz berrituta datorren Hezkuntza kanalarekin