ARGIA.eus

2021eko urriaren 18a

Bernie Sanders ezkertiarrak Trumpi aurre egiteko hautagai serioa dela erakutsi du New Hampshiren

  • Bernie Sanders 78 urteko hautagaiak irabazi ditu Amerikako Estatu Batuetako New Hampshireko estatuko demokraten hauteskunde primarioak. Alderdi demokrataren adar ezkertiarrenaren parte, gastu sozialera bideratzeko zergen igoera da bere proposamen nagusia. Ez du hautagai izateko lehenengo saiakera: 2016an ere aurkeztu zen baina Hillary Clintonen aurrean galdu zuen.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate
2020ko otsailaren 12a
Bernie Sanders mitin batean.

Sona handia izan duen albistea izan da New Hampshireko Bernie Sandersen garaipenarena. Joan den otsailaren 3tik AEBetako alderdi demokrata barne-hauteskundeetan murgiduta dago aurtengo azaroan hautagai errepublikarrari –ia ziurra da Donald Trump izango dela– aurre egingo dion pertsonaren bila. Asko dira hauteskunde primarioetara aurkeztu direnak, baina Bernie Sanders eta Pette Buttigieg izan dira orain arte babes zabalena jaso dutenak. Ezkertiar eta moderatuen artean dago lehia, beraz.

Sandersek jendartean interes handia piztu zuen 2016an, Hillary Clintonen aurka galdu zituen primarioetan. Ordura arte entzun gabeko diskurtsoak egin zituen Sandersek: bere burua sozialista demokratiko bezala definitu eta langileen eskubideen aldeko jarrera zuen. Asko dira uste dutenak primario haiek berak irabazi izan balitu presidente izatera ere iritsiko zela, hau da, Donald Trump garaitu zezakeela.

Aurten, presidentegai demokrata izateko lehian berriz ere, hauteskunde kanpainarako diru-dohaitza gehien jaso duen hautagaia da. Ez du enpresek emandako dirurik onartzen, eta hala ere, 121 milioi dolar bildu ditu bere jarraitzaileen artean; donazio horien %63 200 dolarretik beherakoa izan da.

Datuei begira

Momentu honetan, bi estatutan soilik izan dira demokraten barne-hauteskundeak; Iowan eta New Hampshiren. Lehenengoan Buttigieg moderatuak irabazi zuen, baina boto oso gutxiko aldearekin. Bigarrenean berriz, Sandersek. Guztira, bi delegatu gehiago ditu hautagai moderatuak Sandersek baino, baina azken honek boto kopuruan irabazten du. Ekainera arte luzatuko da presidentegai izateko lasterketa. 

Amerikako Estatu Batuen hauteskunde sistema konplexua da bere horretan. Estatu bakoitzak erabakitzen du egingo den bozketa mota; hauteskundeak edo caucus-ak. Lehenengoak hauteskunde irekiak izan daitezke, botoa emateko erregistratuta dagoen edonori zuzendua, edo alderdiak horrela nahi badu, militanteentzat bakarrik mugatua. Bigarren aukera, caucus-ak, esparru itxi batean egiten da, eta bertaratutakoek eskua altxatuta ematen dute botoa.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: AEB  |  Sozialismoa

AEB kanaletik interesatuko zaizu...

Azkenak EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude