Emakumeak borrokan

Hartzaren eguna Donibane-Lohizunen

  • Aurten ere, eta urteroko kontuari jarraituz, otsailaren 9an, larunbatarekin, hartza, mendietako leize-zuloak utzirik, Donibane Lohizuneko karriketara etorri zitzaigun. Harekin batera ibili ziren, kalez kale eta bazterrez bazter, Lapurdiko inauteria osatzen duten gainerako pertsonaia koloretsu eta miresgarriak.

Joseba Aurkenerena / Zuzeu
2019ko otsailaren 18a
Argazkia: Intza Gutierrez / Zuzeu

Osora ehun bat lagun, dena kolore, dena dantza eta dena alaitasun. Hortxe ziren, Donibaneko euskal harrotasuna zabalduz, Begiraleak elkarteko dantzari gazte eta trebeak. Begiraleak ospetsua dugu Lapurdiko itsas-hegian euskal kulturaren alde egiten duen lan handiagatik, eta inauterian ere, Hartzaren Eguna antolatuz, euskal hazia lur emankorrean ereiteko prest dugu beti.

Segizioa goizeko 10etan abiatu zen, eta eguraldi ederraz baliatuz, Donibaneko karrikak inaute giro ezin hobeaz bete zituzten. Aitzinean Baionatik etorritako joaldunak zihoazen eta ondoren zaindari batek soka luze batez loturik zeraman hartza. Ondoren, musikariak, hiruburuak, zirtzilak eta gainerako pertsonaiak. Donibaneko zaindariak makil handi bat eramaten ohi du eskuan, eta makilan kiribildurik soka handi luzea, hartza loturik eramaten duena. Zaindariak nahi duelarik, soka luzatzen du eta hartza jendearen gibeletik abiatzen da, haurrak izutuz, emazteen zarpak ebatsiz, dendetan sartuz eta bestelako bihurrikeriak eginez. Hartza gisakoa bada ere, sobera bihurria da eta barrabaskeriak egitea maite du.

Aipatu makilaren goiko muturrean loturik, eta koloreetako xingolen artean, ereinotz edo erramu adaxka bat izaten da. Erramu adaxka hori magikoa omen da eta izpiritu txarrak, eritasunak eta ezbeharrak uxatzen omen ditu. Hartz-eramailea, horrela deitzen baitzaio aipatu zaindariari,  atorra beltzez, galtza ilunez eta kapelu beltzaz janzten da, oinetan abarkak ditu eramaten eta ohiko euskal mukanesa gorria lepoan. Mukanesa hau euskal marrazki horiz eta beltzez apaindua da.

Hartzaren Egunean, beste pertsonaia bat aipatu beharra dago: hiruburuak. Zortzi inguru izaten dira, zakuz eta koloreetako xingolez jantziak, eta hiru buru dituztenak. Hortik datorkie izena. Aurpegia zapi fin batez estalirik eramaten dute eta buru gainean hegal zabaleko lastozko kapeluak. Binaka joaten dira eta aitzinean Zibulohi izeneko gidari moduko pertsonaia joaten ohi da. Honek erratz handi batez egin beharreko bideak garbitzen ditu. Pertsonaia hau ere, antzeko arropaz janzten da. Hiruburuek hainbat dantza egiten dute. Bada Hiruburu Dantza izenekoa, arras berezia dena, eta soka luze baten inguruan dantzatzen dutena. Sokadantza bat dela erran daiteke. Dantza honen bukaeran kantu labur bat abesten dute eta hau amaitzen delarik, soka utziz, ikusleengana abiatzen dira eskuan daramaten maskuriaz kolpatzen. Kantuak honela dio:

Donibane ta Ziburu

ihes egin denak seguru,

uru uru gu gira hiruburu,

kasu jende ta inguru.

Hartzaren segizioa, hasieran aipatu dudan bezala, goiz-goizean abiatzen da Begiraleak elkartetik eta karrikaz karrika ibiltzen dira  Karrika Handian (Ganbetta ere deitua), herriko plazan, merkatu aitzinean… dantza eginez. Hainbat ostatutan jan-edariak, xokolata beroa, eta horrelakoak  ematen dizkiete eta horietan ere hainbat dantza egiten dute. Eguerdian denek umore onez elkartean bazkaltzen dute, eta arratsaldean, 4ak irian, berriz karrikaz karrikako ibiltzeari ekiten diote. Hiruburuek, zirtzilek eta gainerako pertsonaiek makil-ttiki dantza, hainbat dantza-jauzi, fandango eta arin-arin, zortzikoa… dantzatzen dituzte. Hauxe izaten da Hartzaren Eguneko usaia.

Zirtzilak. Argazkia: Intza Gutierrez.

Aurten, otsailaren 9an, urteroko errituala errepikatu zuten kale eta plazak betetzen zituzten donibandarren plazera eginez. Hortxe ibili zen hartza bazterrak nahasten eta alaitzen.

Inauteria neguko hotza eta iluntasuna gainditu nahi dituen aroa dugu, udaberriari eta eguzkiari deika aritzen zaien aro luze eta hitsa. Aurten ere, donibandarrek, urteroko erritoari jarraiki, horretan ari izan dira, eta ainitz urtetan horrela arituko direlakoan nago, Donibane Lohizunek euskaldun izaten jarraitzen duen bitartean, bederen. Luzaz horrela izan bedi!

Hori dena laburtu nahi izan dut hiru koblatan. Ahairea edo doinua: Haize hegoa kantu ospetsuarena erabili dut horretarako. Horratx:

 

1.- Donibane Lohizuneko

hartz eder miresgarria,

karrikaz karrika dabil

dantzan eta dantzan biran,

kaskarotak hor dabiltza

dantzan makilak joaz,

inauteria etorri zaigu

udaberriaren bila.

 

2.- Neguko gau luzeak

ta egunak laburrak,

zeru hits eta iluna,

euria eta aro hotza.

Heldu zaigu hartz handia

eguzkiari deika,

udaberriaren xerka,

heldu da inauteria.

 

3.- Soka inguruan dabiltza

hiriburu alaiak,

dantzari emanak dira

zangoak beti airean.

Zaku arropak ta xingolak

ta kapelu zabalak.

Hiriburuen garaia

Donibanera iritsi da.

 

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Inauteriak  |  Donibane Lohizune

Inauteriak kanaletik interesatuko zaizu...
2019-03-17 | Koldo Izagirre
Astean asteko portada hautatua
1985eko otsailaren 17a

Mugaz gaindiko dibertimendua

“Gazteak euskarari lotzeko, eta euskara plazerarekin lotzeko tresna ederra da Libertimendua”. Makeako libertimenduan idazle aritu den Xan Berterretxeren hitzak dira. Eta ideiek ez dutenez mugarik ezagutzen, Iruñeko gazte euskaldun batzuek hitz horien esanahia jaso eta beren gorputzetik iragan dituzte. Emaitza: satira, kritika, zirtzilkeria, antzerkia, dantza eta musika koktela. Inauteria. Ala beste manera batez esanda: Libertimendua. Baxenafarroatik Nafarroa Garaira egin du... [+]


Joaldun

Suitza, Letonia, Kroazia, Kantabria, Polonia, Sardinia, Malerreka… Europako txoko askotan bizirik iraun duen erritoa. Bakoitzak bere molde, jite, soinu eta erritmora egokitua. Gurean mende luzez Ituren eta Zubietan baizik gordetakoa, egun Euskal Herriko herri askotara zabaldu dira joaldun taldeak. Txuntxurro azpian zomorrotuta, isipuaren erritmora gorputzaren mugimendua talde-soinu bilakatzeak zirrara eragiten jarraitzen duen seinale.


2019-02-08 | ARGIA
Lau Libertimendu izango dira Lapurdi eta Nafarroan 2019an, horietatik bat Iru˝ean

Joan den igandean, otsailak 3, Makea, Lekorne eta Luhusoko (Lapurdi) gazteek eskainitako Libertimendua lehenbizikoa izan da 2019koen artean. Ondorengo hiru Nafarroan hiru herri edo eskualdek antolatuta aurkeztuko dituzte: Amikuzeko gazteek Donapaleun bata, Aldude, Banka eta Urepelekoek bestea eta hirugarrena lehenbiziko aldiz Iruñako jendeek prestatua.


2019-02-05 | dantzan.eus
Zergatik atzeratu dira aurten inauteriak?

Aurtengoan ohi baino beranduago ospatuko ditugu inauteriak. Otsailaren 28an izango da Ostegun Gizena eta martxoaren 5ean Inaute Asteartea. Nolatan horren berandu?

 


Eskola eta herria

Goizeko 7ak, etxeko arropa zaharren hautaketa egin, mozorroa jantzi eta gurutzatu dugu herria kalerik kale. Etxera bueltan datorren gau-paseroa, tabernari goiztiarra, egunkari banatzailea, begiradak gurutzatuz elkarren ondoko mundu paraleloak agurtu ditugu instantean. Euria ari du baina gogotsu nator, eskerrak halako egunak badiren gurean, bestela galdurik geundeke orden ofizialak ezartzen digun isolamenduan.

Irla bat gara itsasoan, aniztasuna eta tendentzia globalak nagusi diren XXI... [+]


Libertimendua Donapaleutik pasatu da Bankarako bidean

Ez da jakiten gazte belaunaldi bakoitzak zertan mamituko duen  bazterrak inarrosteko daraman sugarra.  Inauteri giroko Libertimenduan aurkitu dute, antza, Iparraldeko gazte batzuek. Eman su, neska mutilok, garraztasun gehiegi ez baina errukirik ere gabe, ez sorginei  (horretarako gaude heldu burutsuok eta EITB) baizik eta zerbait aginte –material zein sinboliko- duen orori.


2018-02-23 | dantzan.eus
Zalduondoko inauterien berreskurapenaren kronika

40 urte baino gehiago galduta egon ondoren, 1975ean, inauteriak berreskuratu zituzten Zalduondon. Urtebetera, Zalduondoko inauterien inguruko kronika idatzi zuten Punto y hora  aldizkariko 1976ko apirilaren 1eko alean; Sancho el Sabio dokumentazio zentroak digitalizatu eta sareratu du. Festaren eta pertsonaien deskribapenak eta hainbat argazki ageri dira artikuluan.


2018-02-12 | dantzan.eus
Maria Pilar Urriza, gizonezkoekin batera Lantzeko plazan zortzikoa dantzatu zuen lehen emakumea

Gaur eta bihar zortzikoa dantzatuko da Lantzeko plazan, inauterietako partehartzaile askok Maria Pilar Urrizarekin ikasi zuten dantzatzen. Maria Pilar Urriza 1942an jaio zen Lantz-en.


Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude