Hanlonen printzipioa Spratly uharteetan

  • Hanlonen printzipioaren juzgu egin beharko da, agian: “Inoiz ez iezaiozu gaiztakeriari egotzi ergelkeriak ederki esplika dezakeena”. Protagonista nagusiek biziro hobesten dute aukera hori.


2024ko maiatzaren 14an - 10:25

Kontua da oraintxe betetzen direla 25 urte “BRP Sierra Madre korapiloa” katramilatzen hasi zenetik.

1999ko garaitsu honetan, Filipinetako aginte gorenak, hau da, Joseph Ejercito Estrada presidenteak (izenaren nondik norakoak nahiko zuzen islatzen du pertsonaia), eta haren Defentsa ministroa zen “Orly” Mercadok erabaki zuten “Sierra Madre” gerraontzi zaharra, desegin ordez, Second Thomas Shoal / Ayungin / Renai Jiao hondarperaino atoian eraman eta bertan uztea, hondoa jota, Palawan uharte filipinarretik 110 itsas-miliatara dagoen hareatza haren burujabetasuna aldarrikatzeko. Jiang Zemin-en gobernu txinatarrak gogotik egin zuen protesta, gure artean Spratly uhartedia deitu ohi den itsasalde hura guztia bere manupekoa dela zeritzolako. Orduan eta orain.

Aurreko bost urteetan, handik 22 itsas-miliatara dagoen Mischief Reef / Panganiban / Meiji Jiao haitz-puntaren inguruan sututako kalapitak ezartzen zuen testuingurua. Tenore eta erregimen desberdinekin, betiere haren burujabetasuna beretzat aldarrikatua duen Txinak, egitura iraunkor ziztrin samar batzuk eraikitzeari ekin zion han. Filipinek gogotik arbuiatu zuten pausoa. “Sierra Madre” zaharra hondoa jota utzi eta bertan soldadu-taldetxo bat finko egonarazteak jokaldi zuhurra ere bazirudien.

Urteen epaia oso bestelakoa dela esan liteke. Alde batetik, 1999an jada 50 urteko ontzi zaharra zen “Sierra Madre”, hondakin hutsa da gaur egun. Kosta egiten han egon behar duten soldadu filipinarren bizimodua imajinatzea. Horrexegatik, besteak beste, ekin dio Marcosen egungo administrazioak bertan zerbait berriagoa, eta bizigarriagoa, eraiki nahiari. Bere garaian, antza denez, Duterte eta Xi Jinpingen artean hitzartu zena hautsiz. Eta txinatar kostazainen ur-kanoien zurrustak nozituz hartarako hornidurak eraman nahi izan dituzten bakoitzean.

Bizkitartean Mischiefen, duela mende laurdeneko haitz-punta hura, dezenteko irla bilakatu baita, aire- eta itsas-base osoa bihurtzeko. 2014-2015ean Spratly uhartedian Txinak, “irlagintza” medio, eraiki zuen defentsa-sistema erraldoiaren gotorlekuetako bat da, ezbairik gabe. Eta bertatik bertara du kontrolpean ingurumaria.

Ez zen oso zuhurra izan “Sierra Madre”-ren aurria hara eramatea.

Baldin eta benetako asmoa ez bazen, eta ez bada, gertatzen ari den moduan, tentsio-sortzaile izan zedila. Baina kasu horretan, Hanlonen printzipioa ezesten hasi beharko ginateke.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Filipinak
Adimen artifizialaren eztandak lan esplotazio digitala ezkutatzen du

“Hodeia” izen etereoak ezkutatzen ditu ur eta energia kantitate handiak kontsumitzen dituzten zerbitzariz betetako pabiloiak. Bada, adimen artifizialak ere badu B aldea: Asia, Afrika eta Hego Amerikako milioika pertsonen lan esplotazioa. The Washington Posten... [+]


2022-09-05 | Axier Lopez
Getariako eta Filipinetako lehorreratzeak, nork zer omentzeko?

Asteartean Elkanoren Lehorreratzea herri antzerki berezia egingo dute Getarian. Eusko Jaurlaritzak ezarritako jai egunarekin bat eta Elkano Cadizko Sanlúcar de Barramedara heldu zela 500 urte bete direla eta. Halere, ez da mundu bira horrek eragindako lehorreratze... [+]


Walden Belloren kontrako jazarpena salatu dute mugimendu altermundialistek

Walden Bello Filipinetako idazle, ikerlari eta antiglobalizazio aktibista ezaguna abuztuaren 8an atxilotu zuten; abuztuaren 9an fidantzapean atera zuten kartzelatik behin behinean. Focus on the Global South Gobernuz Kanpoko Erakundearen zuzendari exekutiboa da Bello, besteak... [+]


Eguneraketa berriak daude