Nafarroako Gobernuak tramiteak abiatu ditu Espainiako estatuak hondamendi-eremu aitortu dezan. Kaltetutako eremuetako udalerrietako alkateekin batuko da Maria Chivite, egoera egonkortzen denean.
Suteak larunbatean hasi ziren, eta batzuek etenik ez dutela dirudien arren, beste sute batzuk egonkortzen hasiak dira, hala nola Galipentzukoa, Lodosakoa, Erreniegakoa edo Obanos ingurukoa.
Aragoiko Gobernuak atxilotu bat baieztatu du, Esako urtegiraino iritsi den suteari lotuta. Jatorria Aragoin duen sua berak piztua izan dela susmatzen dute. Kasik Leireko monastegiraino ailegatu ziren sugarrak.
Galipentzu inguruko suteak piztua jarraitzen zuen astelehenean, eta arratsaldean herria hutsarazi zuten. Hurrengo goizerako egoerak hobera egin du. Galipentzuz gain beste hainbat herri izan ziren hustuak; honako hauek dira, navarra.es-en arabera: Lerga, Olleta, Eslaba, Makirriain, Santsoain eta Amatriain.
AEMETen arabera, ostegunean euria egingo du Nafar hegoaldean. Ipar partean euria ari du dagoeneko.
Hondamendi-eremua izendatu nahi dute
Nafarroako Gobernuak, bestalde, erre diren esparruak hondamendi-eremu bezala aitortzea nahi du, Espainiako estatuari hala eskatzeko izapideak abiatu ditu, eta egoera egonkortu bezain laster deituko ditu Maria Chivite lehendakariak kaltetutako herrietako alkateak.
Chivitek azaldu duenez, Pedro Sánchez Espainiako presidentearekin kontaktuan egon da asteburuan zehar suteen gorabeheren berri emateko. Nafarroa inguruko lurralde-buruekin ere hitz egin duela adierazi du, suteak etetzen laguntzen ari baitira Aragoi, EAE, Errioxa eta Gaztela-Mantxa.
Euskal herritarrei ekarpena egiteko eskatu die. Errigorak beren konpromisoa erakusteko 10.000 euro jarrita abiatu dute kanpaina.
Nafarroako Gobernuak suteen kudeaketa defendatu du eta Javier Remirez lehendakariordeak bere karguan jarraituko duela ziurtatu du.
Suak kalteturiko laborantza lur gehienak zerealari eskainitako lurrak dira. Erretako baso eremua berriz, 12.000 hektareatik gorakoa dela aurreikusten da.
Pedro Sánchez Espainiako Gobernuko presidenteak iragarri du akordio bat egingo dela suteek kaltetutako lurraldeak hondamendi-eremu izendatzeko.
Egoerak hobera egin du eta suteak egonkortu dira, gainera makinariarekin uzta biltzeko debekua bertan behera geratu da baina herri batzuk oraindik hutsik daude.