GuraSOSek gazteei proposatu die maiatzaren 24an mobilizatzea erraustegiaren aurka

  • GuraSOS elkarteak hedabideen aurrean egin du Gipuzkoako hondakinen kudeaketaz sustatu duen Hitzartu prozesuaren urteotako balorazioa eta proposamen berria mahairatu du: gazte erakundeei eta oro har gazteei proposatu die maiatzaren 24an, ostirala, mobilizatzea gai honen inguruan

Joseba Belaustegi eta Joxemari Izetak aurkeztu dute GuraSOSen proposamena Donostian. (Argazkia: GuraSOS)

2019ko maiatzaren 13an - 14:16

Joseba Belaustegik eta Joxemari Izetak Donostian eskainitako prentsaurrekoan aurreratu dutenez, gazte eta ikasle erakundeekin ari dira elkarlanean mobilizazio handi bat antolatzeko maiatzaren 24an, udal hauteskundeen bezperaurrekoan; mobilizazio hori kokatu dute mundu osoan gazteek klimaren alde ostiraletan antolatzen dituzten elkarretaratzeen ildotik.

Gainerakoan, GuraSOSeko buruzagiek Hitzartu prozesuaren balantze ekonomiko eta orokor bat eskaini dute eta alderdi politikoei dei egin diete hondakinen kudeaketa osasuntsua present egon dadin hauteskundeotako programa eta eztabaidetan.

 

Hona hitzez hitz GuraSOSeko arduradunek esanak:

Aste honetan bete dira hiru urte GuraSOS eratu zenetik. Gogora ekarri nahi dugu zertarako jaio ginen: gure seme-alabak erraustegia abian jartzetik babesteko, hau da, hondakinen kudeaketaren arazoa gizarte akordio handi baten bidez konpontzeko, gure osasuna eta ingurumena ahalik eta gehiena zainduz.

Intentsitate handiko hiru urte izan dira eta ahalegin betekoak. Hori ezingo du inork ukatu. Gure ekimenaren erakusle nagusia Hitzartu prozesua izan da, eta amaitu berri dugu, bi aste barru egingo diren udal eta aldundietako hauteskundeen atarian.

Horregatik, hiru urteotako balorazioa egitea tokatzen da, eta era berean hausnarketa egitea, hauteskundeei eta hurbileko etorkizunari buruz.

Hitzartu prozesua berdinik gabeko gizarte ekimena izan da. Errepara zifra hauei, adierazgarriak dira eta:

80.000 euroko aurrekontua

Gaur arte 75.125,93 euro bilduak.

10.000 lagunek baino gehiagok egin dute beren diru ekarpena

7.000 lagunek “babes kutxen” bitartez.

115 komertziok parte hartu dute “babes kutxak” banatzen.

50.000 lagunetik gora izan dira mobilizazioetan parte hartu dutenak.

1.078 lagunek hartu dute parte Hitzartu parte-hartze prozesuan.

200 boluntariok egin dituzte lan guztiak auzolanean (ikus-entzunezkoak, diseinu grafikoa, defentsa juridikoa, etab…)

Kultura eta kirol eta kazetaritzako 180 pertsona famatu baino gehiagok eskaini dute beren irudia edota ekimenak babestu dituzte.

Era askotako 25 elkarte baino gehiagok (sindikatuak, herri elkarteak, ekologistak, mediku elkarteak) eman diote babesa ekimenari.

Prozesu guztia prestigio handiko Batzorde zabal batek bermatu du. Batzordekide izan dira honako hauek: parte-hartzeetan aditua den CSICeko zientzialari bat (Ernesto Ganuza), EAEko Auzitegi Nagusiko magistratu bat (Garbiñe Biurrun), unibertsitateko bi katedradun (Pedro Ibarra eta Juanjo Alvarez) eta, Eusko Jaurlaritzako ingurumen kontseilari ohi bat (Esther Larrañaga) eta idazle bat (Bernardo Atxaga).

Eta horren guztiaren emaitza “herritarrek bultzaturiko Hiri Hondakinen Kudeaketa Plana 2019-2030”, ingeniaritza batek egina, aurrez herritarrek zehaztutako irizpideen arabera.

Plan bat teknikoki eta ekonomikoki bideragarria eta hondakinen kudeaketaren egungo arazoa isuri kutsagarri gabe eta CO2 gehiegi sortu gabe egitea ahalbidetzen duena, eta halaber, eraikitako instalazioak birdiseinatzea posible egiten duena eta haiek etorkizun hurbileko premietara egokitzea dakarrena, hots, plastikoaren gizartea amaitzen denerako egokitua.

Instituzioek bi aukera zituzten: mundu eta Europa mailan nagusi den egoerara egokitu, hots, plastikoan oinarrituriko kontsumo ereduaren amaierarako, eta benetako parte-hartzea eskatu duen eta hondakinak erraustearen osasun eta ingurumen arriskua errefusatu duen gizartera irekitzea; ala, aitzitik, eredu zaharkitu eta etorkizunik ez duena defendatzea eta hari tematsuki eustea, diseinaturiko azpiegiturek erakusten duten bezala.

Orain arte horretara zer-nolako arrazoiek eraman dituzten, intuizioa badugu (politikoak eta elektoralak, ekonomikoak, hartutako konpromisoak, okertu egin direla aitortzeari edo “ahul” agertzeari dioten beldurra), eta horrek bestalde, immobilismora eraman ditu eta “sendotasun” itxura ematera.

Horrek gure ahalegina porrotera kondenatua dela esan nahi al du?

Erabateko ezezkoan gaude. Uste dugu benetan instituzioak aterako direla galduan, baldin eta hautatutako bideari eusten badiote.

Hitzartu ekimenak frogatu du gizartea antola daitekeela eta abian jar dezakeela teknikoki konplexua den prozesua, eta praktikara eraman arrakastaz eta kalitate tekniko handiz. Frogatu dute badirela parte-hartze kanalak eta teknikak instituzioetakoek ez bezala funtzionatzen dutenak, eta administrazioek ez dakitela edo ez dituztela abian jarri nahi. Hautsi du instituzioek duten kudeaketaren monopolioarekin. Gizarteak badu ahala, eta gainera hobeto egiten du.

Sekretua? Irtenbide bat eraikitzeko aniztasunarekiko errespetu guztiz zorrotzetik abiatu behar da, zorrotz aritu behar da eta espiritu eraikitzailea izan beharra dago.

Instituzioek ekimen hau ezkutatu nahi izan dute, hain zuzen arrakasta bildu duelako. Izatez, kritika negatiborik den txikienik ere ez dute egin ahal izan. Nork sinets lezake aukera txikiena izan balute ez zutela eginen?

Nolatan hitz egin liteke gobernamenduaz eta partaidetzaz, aldi berean Hitzarturen tamaina eta irismeneko gizarte ekimen bat gutxiesten bada? Kontraesana bistakoa da, haien argudioen ahultasuna bezala.

Ondorioa: badago alternatiba bideragarria eta haren aldeko baldintza objektiboak ere bai. Alderdi subjektiboa falta da, lehenbailehen bide horretatik jotzeko borondate politikoa.

HAUTESKUNDEAK

Gai hau hauteskunde eztabaidan sartu nahi dugu.

Orain arte agintariek eman izan duten erantzunak -“erabakiak gipuzkoarren ordezkari legitimoek hartzen dituzte”- ez digu balio. Mundu guztiko ordezkari legitimoek gure planeta ingurumen amildegira eramaten ari dira. Gobernu demokratiko eta gehiengoen ordezkarien erabakien ondorioz izateak ez dute planetaren suntsipena, ekosistemen eta bioaniztasunaren suntsipena on bihurtzen.

Mingarria da ikustea instituzioek erakutsi duten gizarte mugimenduekiko eta batez ere herritarren lanarekiko mespretxua.

Bistan dago zerbait ez dela ondo egiten ari. Edota baietzean daude? Bistakoa da erabiltzen ari diren “irtenbideek” ez dutela balio: arazoaren sorburu dira. Ez ote daude aldatzeko prest?

Berrikuspena eskatzen dugu. Autokritika. Zuzenketa. Berandu izan baino lehen. Koherenteak izateko garaia da. Lehian diren alderdi guztiek iraganean hondakinen kudeaketari buruzko gaian izan duten jardueraren autokritika egin dezatela eta etorkizunari begirako ekarpena.

Erraustegiari buruzko erabakiarekin ere bai. Nahi dugu azter dezatela ea HITZARTU prozesutik herritarren bultzadaz sortu den hondakinen kudeaketa Plana abian jartzeko aukerarik badagoen, eta Batzar Orokorrei eta Aldundiari aurkezten diegu. Nahi dugu azter ditzatela orain arte hartutako erabakiak, kontuan izanik euren aterabidea plastikoa erretzean datzala (nahasturari berotze-ahalmena ematen diona baita) eta plastiko hori urte gutxiren buruan ezingo dela erraustu.

Bizitza, osasuna eta ingurumenaren segurtasuna lehen lerroan jarri nahi ditugu, Barne Produktu Gordinaren aurretik. Eztabaida hori ireki nahi dugu. Jakin horretaz alderdiek eta batez ere gizarteak zer duen esateko.

Benetan erraustegia da irtenbidea, ala, aitzitik, ingurumen, ekologia, osasun eta ekonomia aldetik arazo handi bat?

Zein gizarte eredu eta zein eredu ekonomikori balio dio erraustegiak? Erraustegiak etorkizuneko ingurumen premiei lotutako ereduari erantzuten dio?

Zein gobernamendu ereduri erantzuten dio? Gizartea aintzat hartu al dute? Instituzioek egun ingurumen eta osasun aldetik dugun egoera larriarekin koherente jokatzen al dute? Behar-beharrezkoa al da jarrera aldatzea eta irtenbideak ere?

Hausnarketa-eguna baino lehen, dei honi emandako erantzunen balorazioa egingo dugu.

GIZARTEAREN AHOTSA: MAIATZAREN 24AN MOBILIZAZIOA

Eztabaida, parte-hartze eta mobilizazioko 4 urte izan dira. Gipuzkoako gizarteak alternatiba tekniko bat jarri du mahai gainean. Klima-aldaketara eta ingurumen-suntsipenera eraman gaituzten inertzia eta eredua zuzentzeko mobilizazioak zabaltzen ari dira Europan.

Gazte erakundeei eta oro har gazteei proposatzen diegu azter dezatela ea komeni den maiatzaren 24an belaunaldiarteko mobilizazio handi bat egitea.

Ordua da herritarren ahotsa entzuteko, hots, etorkizuneko belaunaldien ahotsa. Etorkizunaren alde, bizitzaren eta gizakiaren alde, EZ PLASTIKOARI ETA EZ CO2ARI. ERRAUSTEGIA ARAZOA DA, EZ IRTENBIDEA. BADAGO ALTERNATIBA. EREDUA ALDATUKO DUGU.

Helarazi nahi dugun mezua argia da. Planetaren etorkizuna eta giza biziraupena ezin ditugu ordezkari politikoen esku utzi. Gizartearen ordua da. Instituzioak behartu behar ditugu ingurumena suntsitzeko bidea alde batera uztera.

Harremanetan jarri gara jada ikasle eta gazte erakundeekin, eta espero dugu aste honetan bertan harremanek fruitua ematea. Gauza bera egingo dugu gainerako gizarte erakundeekin.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gipuzkoako erraustegia
2024-05-08 | ARGIA
Zubietako erraustegi inguruetan kutsaduraren "igoera kezkagarria" aurkitu eta martxara deitu dute

Zubietako erraustegi inguruan laginak biltzen bost urte daramatza ToxicoWatch fundazioak, metal astunen, dioxinen, PCBen eta PFASen bila. Horiek guztiak ageri dira laginetan eta gainera kutsaduraren “igoera kezkagarria” aurkitu dutela jakinarazi du Errausketaren... [+]


Jaurlaritzak ez zuen Zubietatik Artaxoara eramandako hondakinen karakterizazioaren berri

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailak ez zuen Artaxoara eramandako hondakinen karakterizazioari buruzko informaziorik; hala dio Eusko Legebiltzarrera igorritako dokumentazioan. Gipuzkoako erraustegia kudeatzen duen Ekondakinek lixibiatuak bidaltzen jarraitu zuen, Ecofert enpresak... [+]


2024-01-30 | Uriola.eus
Zorrotzara iritsiko diren lixibiatuak jo-mugan

Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak komunikatu bat eskaini du Gipuzkoako erraustegiko lixibiatuak Zorrotzara bidaltzeko asmoaren inguruan.


2023-11-17 | Irutxuloko Hitza
GuraSOS plataformak Zubietako erraustegiaren ikuskaritza bat eskatu du batzar nagusietan

GuraSOS plataformak Zubietako erraustegiarekiko duten jarrera ukatzailea aurpegiratu zieten foru agintariei asteazkenean Gipuzkoako Batzar Nagusietan egindako agerraldian. GuraSOSen bozeramaile eta abokatu Joseba Belaustegik azaldu zuenez, egungo arazoen aurrean beste alde... [+]


Eguneraketa berriak daude