GuraSosek eskatu du errausketaz eztabaidatzeko aukera “gizarteari bueltatzea”

  • Zubietako errauskailuak haurrengan izan dezakeen eraginaz kezkatutako senideen elkartearen ustez hondakinen kudeaketaren gaia “despolitizatu” egin behar da.


2016ko ekainaren 02an - 17:51
(Argazkia:GuraSos)
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

GuraSos elkarteak errausketaren gaia bideratzeko proposamena plazaratu du ohar-bidez eta auzia “despolitizatu, gizarteratu eta birbideratu” egin behar dela iritzi dio. Elkartearen esanetan “egungo liskar agertokia eutsi ezina da” eta “muturreko politizazioa” bizi dugu.

Zentzu horretan, oso kritiko agertu da Imanol Lasa Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak asteartean egindako adierazpenekin. Lasak zalantzan jarri zuen errausketaren ondorioez informatzen ari diren medikuen lana eta esan zuen ez dagoela “ebidentzia zientifikorik” kaltegarriak direla baieztatzeko: “Zerk legitimatzen du bera medikuei onartzen ez diena esatera?” galdetu du GuraSosek.

Bestalde, EH Bilduk eta Ahal Duguk Batzar Nagusietan errausketaren eraginen inguruko komisio bat eratzeko egin proposamenaren harira, elkartearen ustez ez da “zilegi” mediku eta ikertzaileak halako ekimenetan “nahastea”.

GuraSosen ustez gizarteari ez zaio eman “informazio zehatza eta eztabaidatzeko aukerarik” errausketaren inguruan, eta gaia “gizarteari bueltatzea” eskatu du. Modu berean, foru ordezkariei eskatu diete “baretze bide bat ireki” dezatela, obren lizitazio prozesuaren abiadura moteltzearekin hasita.

Elkartea maiatzaren hasieran aurkeztu zuten eta manifestu bat plazaratu zuten Zubietako errauskailuaren proiektua bertan behera uzteko eskatuz. Senideen artean 5.000 atxikimendutik gora bildu ditu dagoeneko manifestu horrek webgunearen bidez.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hondakinen kudeaketa Gipuzkoan
Eguneraketa berriak daude