Gran Kursaaletik Kursaaleko kubora segundo bakarrean

  • Road movie hiritar bat egin liteke Donostian desagertu diren zinema aretoen aztarnei jarraikiz. Bai Donostiakoei eta baita beste edozein hiri edo herritakoei ere.


2021eko irailaren 18an - 20:58
Azken eguneraketa: 23:26
Gran Kursaal eta Viktoria Eugenia ageri diren postal zaharra. (Koldo Mitxelenako Donostiako postalen funtsa)

Hiru hamarkada luzeren ostean berriro ere Donostiara itzuli nintzenean, adiskide eta ezagunen galdera ezinbestekoa izan zen hirian zer-nolako aldaketak nabarmentzen ote nituen.

Aldaketa handiena paisaia linguistikoan aurkitu nuela erantzuten nuen. Hain zuzen ere, garai hartan ez bezala, euskara eskuarki eta esfortzu berezirik egin behar izan gabe aditzen eta ikusten nuela. Bestelako kontu arkitektoniko eta urbanistikoak barneratutako aldaketak zirela, hiriko eraikin berriak eta hiria estutzen duten errepide korapiloak, aldez edo moldez, irudietan ikusiak neuzkalako.

Egunkarietako karteldegiari erreparatuta, Donostian zinema areto gutxi batzuk baino ez zirela gelditzen ohartuta nengoen arren, gertaera horri ez nion garrantzia berezirik eman, harik eta 69. Zinemaldian murgiltzen ari nintzela zinemak jasan duen aldaketa funtsezko horretaz jabetu naizen arte.

Donostiatik alde egin nuenean, gaur egun Moneoren kuboak eraikiak dauden lekuan, hiriaren dotoreziari garrantzia gailena ematen ziotenen lotsarako, hesiz inguratutako orube handi bat baino ez zen egon urte luzetan.

Orubea baino lehen 1921ean Gran Kursaal izeneko kasinoa eraiki zuten. Kursaal hitz alemanak etimologikoki zaintzarako gela edo lekua esan nahi du, eta Europa erdiko bainuetxeen eraikin tipikoa zen. 1924an Primo de Rivera diktadoreak jokoa debekatu zuenean, bestelako jardueratarako erabilera eman zitzaiona. Eta, aldi batez, zinema areto ere bilakatu zen.

Zehazki noiz izan zen ez dakidan arren, oroitzen dut Gran Kursaalera eraman gintuztela gurasoek. 1973a baino lehen izan behar zuen, urte hartan eraitsi baitzuten. Lew Wallacen eleberrian oinarrituta William Wylerrek 1959an zuzendutako Ben-Hur pepluma ikustera joan ginen, filma ikusteko baimendutako adina bete gabe genuela. Aretoaren sarrerakoak gure adina galdetuz gero eman beharreko erantzuna ondo ikasarazi ziguten etxetik atera aurretik. Eta astelehenean, ikastolan, Masala eta Ben-Hurren arteko zalgurdi lasterketa irudikatzen aritu ginen jolas-orduan.

Donostiatik alde egin ondoren desagertutako aretoen zerrenda egiten hasi nintzenean, ohartu nintzen uste baino handiagoa izan zela galera.

Merezi du desagertutako aretoak auzoz auzo zerrendatzea, Gipuzkoako hiriburua ezagutzen ez dutenak ere Donostian zeukaten hedapenaz jabetzeko: Amaran, Astoria eta Rex Avenida; erdigunean: Amaya, Bellas Artes, Novedades, Novelty eta Actualidades (ondoren Kutxaren areto bihurtuta Kresala zineklubak erabiltzen zuena); Grosen, Savoy; Alde Zaharrean, Petit Casino, Miramar eta Antzoki Zaharra (Principal izenez bataiatuta); Egian, Dunixi. Eta, noski, Viktoria Eugenia antzokia, Bulebarraren mutur batean.

Alegia, filmak ikusteko aukera zegoen bestelako areto ez-komertzialez gain, gutxi-asko auzo bakoitzak bazeukan berea.

Gaur egun, Antiguan badago zinema areto bat. Baina, joan den mendearen hasieran ere antiguarrek eduki zuten beren aretoa: Heriz eta Matia kaleek bat egiten duten Villa Arcadia eraikinaren planoetan, gaur egun banketxe bat eta lehenago Etxeberria taberna egon zen lekuan, “café-cine” bat ageri da, Charola Cinema izena jarri ziotena.

Road movie horren bidez ikusi ahal izango genuke zerk ordezkatu duen zinema aretoa, eta jabetuko ginateke filmak ikustea gertakizun publiko izatetik etxezuloan egiten den gertakizun pribatu eta askotan indibidual ere izatera pasatu den. Hori bai, pantaila gero eta handiagoetan, eta komunera edo sukaldera joateko ikuskizuna nahieran eteteko ahalmenarekin.

Zinemaldiaren lehen egunean joan nintzen Zhang Yimouren Segundo bakar bat ikustera. Ia bost hamarkadaren ondoren, segundo bakarreko denbora-bidaia orduko Gran Kursaaletik oraingo Kursaaleko aretora Ben-Hurren zalgurdiaren gainean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinemaldia 2021
BESTELAKO ZINEMALDIA
Irudika ditzagun istorio sinesgaitzak

Zinemaldiaren glamourak atzean zer uzten zuen ez pentsatzen ahalegindu ginen. Irailaren 17tik 26ra bitarte, Donostiako erdiguneak eta Alde Zaharrak Zurriolako hondartzarekin egiten duen triangeluak ez du Zinemaldia ez zen besterik izan hizpide. Eta behin garbitzaileen kamioiak... [+]


2021-10-03 | Mikel Antza
Donostia Zinemaldiaren aitzakian
Zinemaldiaren osteko bestondoa

Aurten ez naiz Zarautzera joan Literaturiara. Nekatuegi nengoen. Neure buruari ezarritako zine maratoiaren amaieran ondo zetozkidakeen begiei zabalik eusteko Laranja mekanikoa filmeko Alexi ipini zizkioten gailuak.


2021-09-27 | Mikel Antza
Donostia Zinemaldiaren aitzakian
Zinemaldiaren osteko bestondoa

Aurten ez naiz Zarautzera joan Literaturiara. Nekatuegi nengoen. Neure buruari ezarritako zine maratoiaren amaieran ondo zetozkidakeen begiei zabalik eusteko Laranja mekanikoa filmeko Alexi ipini zizkioten gailuak.

 


BESTELAKO ZINEMALDIA
Irudika ditzagun istorio sinesgaitzak

Zinemaldiaren glamourak atzean zer uzten zuen ez pentsatzen ahalegindu ginen. Irailaren 17tik 26ra bitarte, Donostiako erdiguneak eta Alde Zaharrak Zurriolako hondartzarekin egiten duen triangeluak ez du Zinemaldia ez zen besterik izan hizpide. Eta behin garbitzaileen kamioiak... [+]


Eguneraketa berriak daude