Google Analyticsek EBko datuen babeserako legea urratzen du, Austriako ebazpen baten arabera

  • Oraindik neurtzen zailak diren ondorioak izan ditzake Austriako datuen babeserako agintaritzak (DSB) ostegunean Google Analyticsi buruz hartutako erabakiak. Erakunde horrek adierazi du multinazional estatubatuarrak webguneen trafikoa zenbatzeko eskaintzen duen tresna etengabe erabiltzeak Europar Batasuneko datuen babeserako legea urratzen duela.


2022ko urtarrilaren 14an - 08:13
Azken eguneraketa: 01:32
Argazkia: Tumisu / 1152 images (Pixabay License).

Techcrunch hedabideak argitaratu duenez, erabaki hau mugarria izan daiteke europarren datu pertsonalak AEBetara igortzen dituzten erreminta digitalen erabilerari dagokionez.

Austriako netdoktor.at atariaren aurkako salaketa batek ekarri du erabakia: Interneteko erabiltzaileen IP helbideak eta cookien bidez jasotzen diren datuak pertsonalak direla adierazi du DSBk. Aipatutako webguneak Google Analytics erabiltzen duenez, eta tresna horrek jasotako informazioak prozesatzeko AEBetara esportatzen dituenez, Europar Batasuneko datuen babeserako legearen 5. atalean adierazitakoa urratzen du, erabakiaren arabera.

“AEBetako inteligentzia zerbitzuek sareko zenbait identifikatzaile (IP helbideak edo identifikazio bakarreko zenbakiak adibidez) norbanakoak zelatatzen hasteko lehen urrats gisa erabiltzen dituzte”, irakur daiteke DSBren erabakian.

Googlek erabiltzaile-datu horiek babesteko hartu omen dituen neurriak ere kontuan izan ditu Austriako agintaritzak, adibidez zifratzea, baina ez du uste nahikoa direnik Europako estandarrak betetzeko.

Techcrunch atariko Natasha Lomasen arabera, azken puntu hori garrantzitsua da, datuak zifratzen dituztela esatea bihurtu baita defentsa-taktika nagusia AEBetan egoitza duten eta “hodeian” dauden zerbitzuak eskaintzen dituzten multinazional gehienentzat.

Taktika horren bidea hemen bukatzen bada, dio Lomasek, Europar Batasuneko edozein lekutan antzeko epaiak ematen has daitezke, Google Analytics ia edozein webgunek erabiltzen duen neurgailua denez.

Ziurgabetasun legalaren amaiera?

2020ko abuztuan jarritako salaketa batek ekarri du Austriako erabakia. Europan pribatutasuna babesteko noyb kanpainak –ingelesezko “none of your business” espresioaren siglak– 101 salaketa egin zituen EB osoko datuen babeserako agentzietan, Google Analytics eta Facebook Connect erabiltzen zuten atari europarrak seinalatuz.

Max Schrems: "Enpresek ezin dituzte gehiago AEBetako 'hodei' zerbitzuak erabili Europan"

Analitika tresna horiek erabiltzea oso normala da baina, Lomasek aipatutako artikuluan azaldu duenez, arlo legaletik begiratuta EBtik AEBetara bidalitako datu pertsonalen afera ziurgabetasun legalez beteriko eremua izan delako gertatzen da hori.

Sakonean dagoen lege-gatazka azaleratu du Austriako epaiak: alde batetik EBko pribatutasun-eskubideak; bestetik, AEBetako lege “zelatariak”. Eta atzean, musika bat: Edward Snowdenek 2013an argitara emandako AEBetako Gobernuaren programa, datuak masiboki eskuratu eta aztertzen dituela erakutsi zuena. Filtrazio horrek hautsak harrotu zituen, EBtik AEBra egindako datuen transferentziei baldintza estuagoak jartzeraino.

Antzeko erabaki gehiago etor daitezke

Eta funtsean datu pertsonalen meategi erraldoiak diren Google edo Facebook bezalako enpresek, baldintza horiek bete ahal izateko, euren negozio-eredua goitik behera aldatu beharko lukete. “Edo, bestela, euren zerbitzuak federatu eta datu europarrak birtokiratu, EBn prozesatu daitezen”, azaldu du Lomasek.

Zer egin pentsatzen duten bitartean, noyb kanpainaren barruan jarritako beste 100 salaketek zer erantzun jasoko duten ikusteko dago. Ekimen horren izenean, Max Schrems 34 urteko abokatu eta pribatutasunaren aldeko ekintzaile austriarrak honakoa adierazi du: “Enpresek ezin dituzte gehiago AEBetako ‘hodei’ zerbitzuak erabili Europan”. Jarritako beste salaketa guztiek ere Austriakoaren antzeko ondorioak izango dituztela espero du Schremsek.

Epe luzera begira, bi aukera ikusten ditu: “AEBetan babes egokiagoa beharko dugu edo bestela produktu desberdinak edukiko ditugu AEBetan eta EBn. Nahiago nuke AEBetan babes handiagoa edukitzea, baina hango botere legegileari dagokio hori, ez Europako inori”.

Hala eta guztiz ere, noyb kanpainak ez du erabateko garaipena ospatzerik. Austriako agentziaren erabakiak netdoktor.at atariari egiten dio erreferentzia, Google nolabait ardura zuzena edukitzetik bereiziz. Erabakiaren alderdi horren aurkako errekurtsoa aurkeztea aztertzen ari direla adierazi dute kanpainaren ordezkariek.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Datuen zelatariak
Google Analytics-en alternatiba librea den Matomo euskaraz erabil daiteke

Webguneen arduradunek beren bisitarien trafikoa aztertu nahi izaten dute, baina horretarako gehien erabiltzen den Google Analytics tresnak pribatutasun eta lege arazoak ditu. Alternatiba etikoago bezala gehien erabiltzen den Matomo software librea euskaratu du Iametzak.


Software librea erabiltzen duten ikastetxeek beraien esperientzia azaldu dute Eusko Legebiltzarrean

Software librea erabiltzen duten Lezo BHI, Irungo Hirubide BHI eta Donostiako Antigua-Luberri BHI ikastetxeek beren esperientzia azaldu dute Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza batzordean, EH Bilduko Lore Martinez Axpek eskatuta. Institutuetako ordezkarien aurkezpenen bideoak [+]


Danimarkak legez kanpokotzat jo du Googlek ikasleen datuak biltzea

Euskal Herriko eskola askotan bezala, Danimarkan ere Chromebook-ak eta Google Workspace (lehen G Suite for Education deitua) erabiltzen dira. Hala ere, datorren ikasturtetik aurrera gauzak aldatzera doazela dirudi, datuen babeserako agentzia daniarrak legez kanpokotzat jo baitu... [+]


Gobernuek espioitzarako erabiltzen dituzte mugikorreko jakinarazpenak, AEBetako senatari baten arabera

Orain arte ezezaguna zen zelatatzeko metodo baten berri eman du AEBetako Ron Wyden senatariak: mugikorreko jakinarazpenak. AEBetako eta beste estatu batzuetako gobernuak teknika hori erabiltzen ari dira, Reuters-ek jakitera eman duenez.


2023-11-24 | Gedar
Europako biztanle bakoitzak nortasun digital bat izatea nahi dute

Filtratu egin da eIDAS 2 araudi berriaren zirriborroa, eta jakinarazi dute nortasun digital bat sortu nahi dutela pertsona bakoitzarentzat. Modu zentralizatuan eta digitalki, biztanle bakoitzaren askotariko datu eta agiriak jasoko ditu biltegi horrek.


Eguneraketa berriak daude