Eraso matxista Gasteizko Santa Barbara plazan gertatu zen igande goizean. Gertaera gaitzesteko elkarretaratzea deitu dute astearterako. Udaltzaingoak gizon bat atxilotu zuen igande goizean bertan.
                                                        Ustezko erasoa igande goizeko lehen orduan gertatu zen, Santa Barbara plazan. Goizeko zazpiak inguru, gizon batek neska bati eraso egin zion; emakume gaztearen oihuek handik gertu zeuden pertsonak ohartarazi zituzten, eta erasotzaileak alde egin zuen.
Emakumeak Udaltzaingoa deitu zuen, eta gutxira, ustezko erasotzailea atxilotu zuen, Santiago kaletik gertu. Orain, Ertzaintzaren esku dago, eta datozen orduetan eramango dute epailearen aurrean.
Azken eraso sexistaren aurrean, Gasteizko Udalak gertaera gaitzetsi du, eta biktimari eta haren inguruari laguntza osoa eskaini dio. Era berean, hamabost minutuko elkarretaratzea deitu du biharko, 12:00etan, Plaza Berrian, Vitoria-Gasteiz: eraso matxisten aurka lelopean.
Horrekin batera, udalaj bat egiten du mugimendu feministak dei egindako gaitzespen-ekintza guztiekin, eta gonbitea luzatu die herritar guztiei horietan parte hartzeko.
Albiste hau Arabako Alean argitaratu da eta ARGIAra ekarri dugu CC by-sa lizentzia baliatuta