"Gernika, ez genuen zalantzarik izan"

  • Ziordira joan, eta aho zabalik geratzen da jendea Juanjo Otsoak eta Mariaje Perezek etxeko lorategia ixteko jarri duten atearekin. "Jende askok atean argazkiak ateratzen dituela konturatu gara" diote. Eta ez da gutxiagorako.


2020ko abenduaren 04an - 10:03
Mariaje Perez eta Juanjo Otsoa, seme-alabekin, euren lorategiko atearen aurrean. Argazkia: Maider Betelu / Guaixe

Ate ikusgarria jarri duzue, arreta deitzen duena. Zuen etxeko atzealdea da, ezta?

Juanjo (J.): Lursail hau gure etxearen atzealdean zegoen. Lursaila erostea, hori izan da gure ilusioa betidanik, etxeari lotuta lorategia izateko. Azkenean, joan den urtean erostea lortu genuen. Horrela, terraza handitu dugu eta sukaldetik zuzenean lorategira ateratzen gara, eta bajeratik ere zuzeneko irteera egin diogu. Lanak borobiltzeko, itxitura polit bat egin nahi genuen. Ate berezi bat jarri nahi genuen, autoak sartu ahal izateko ate gidariduna eta oinezkoendako atea izango zuena, eta, aldi berean, polita izango zena, gustuarekin egindakoa, herriko erdi-erdian baitago, tabernaren ondoan. 

Zuen atean Gernika egon behar zela argi zenuten?

Mariaje (M.): Argi genuena zen atea forjazkoa izatea nahi genuela, burdinazkoa; gainontzekoa ez genuen argi. Egun batean Juanjok esan zuen: “eta Gernika jartzen badugu?” Biok elkarri begiratu eta zerbaitek klik egingo baligu bezala, argi ikusi genuen. Horrela hartu genuen Gernika jartzeko erabakia, eta ez genion buelta gehiagorik eman.

Nork egin du forjazko Gernika hori?

J.: Nik Araian lan egiten dut, oxiebaketa enpresa batean. Burdinazko edo forjazko piezak mozten ditugu, bezeroek eskatzen dizkiguten moduan. Ni bulegoan aritzen naiz komertzial, baina bere garaian bulego teknikoan ere aritzen nintzen, marrazten. Gernika egitea erabaki genuenean, lana fabrikan egitea erabaki nuen. Gernikaren marrazkia nik egin nuen, gaur egun bulego teknikoan lan egiten duen Alberto lankidearen laguntzarekin. Marrazkiak eskuz egin nituen. 

Eskuz? Egungo makinek eta ordenagailuek ez al dute irudia eskaneatzen eta zuzenean burnizko piezan mozten?

J.: Ordenagailuz koadroaren irudia sar dezakezu, gordinean, baina moztu behar duzuna, moztu nahi dituzun silueta horiek guztiak, eskuz marraztu behar dira. Lerroak, erradioak, arkuak… programan marrazten joan behar duzu. Irudi horiek, hau da, egin duzun marrazki hori, mozketa-programak hartuko du, makinara pasako du, eta makinak berak eginen du mozketa burnizko piezan. Beste modu batean azalduta: txapazko edo forjazko txapa oso bat duzu, eta zuk zatiak mozten dizkiozu, marrazkia egiteko. Moztu behar dituzun zati horiek markatu behar dizkiozu programari. 

Marrazkia egiteak denbora asko eskatu zizun?

J.: Marrazkiak egiterakoan begiak pantailan utz ditzakezu, pantailan oso gertu egon behar duzulako, lerro oso txikiak baitira. Pantailara gerturatu eta aldendu, gerturatu eta aldendu... Ezin duzu lana segidan egin, oso nekeza delako. Pixka bat egin eta utzi egin behar duzu, gero beste tarte batean aritu… Ez dakit esaten zenbat denbora behar izan nuen. Ekain aldera moztu zuten pieza, mimo handiarekin. Makinari 2 ordu inguru kosta zitzaion, eta halako makinetarako hori denbora asko da. 

Ondoren pieza atean muntatu zuten ezta?

M.: Bai. Atearen muntaia guztia Manuel Kasas ziordiarrak pentsatu eta egin du. Ate gidariduna, oinezkoen atea, ondoan dauden txapak, Gernika bertan txertatu… Lan handia egin du, gustu handiarekin. Zalantza genuen, Gernikaren atzealdean zerbait jarri ala ez, baina azkenean ez diogu jarri, uste dugulako koadroa ongi ikusten dela eta nahikoa nabarmentzen dela. 

Fabrikako lankideei Gernika nola geratu den gustatu zaie?

J.: Bai. Lankideek esan zidaten atea muntatuta berehala argazkiak bidaltzeko, lana nola gelditu zen ikusteko. Prozesuan parte hartu duten guztiei asko gustatu zaie. 

Eta herritarrei? Zer esaten dizue jendeak?

M.:Ez genion inori esan atea nola izango zen, eta udan Manuelek jarri zuenean, jende guztia txundituta geratu zen. Pandemiagatik orain ez dago herrian mugimendu handirik, baina tabernara etortzen den jendea gure atearen parean geratzen da, begira. Askok argazkiak ateratzen dituztela konturatu gara. Badirudi jendeari ere gustatzen zaiola. Zuek ere deitu gaituzue… (kar, kar). 

Izan ere, Gernikak badu zerbait.

M.: Bai, Gernika berezia da. Bere historia du, bere xarma, bere sinbologia… Gauza askorengatik da berezia. Gernika barrenera iristen zaizu, eragiten dizu, begira geratzen zara… Gernika, ez genuen zalantzarik izan. 

Atea nork egin dizuen galdetu al dizue inork?

J.: Bai, atea kopiatuko digutela esan izan digute (kar, kar). Gugatik, arazorik ez. 

Lanarekin kontentu zaudete?

M.: Oso pozik. Oso polita geratu da. Orain lorategia mugatzeko itxiturak egitea falta da. Manuel ari da horretan, eta hori ere oso ongi geratuko da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ziordia
2023-11-07 | Ahotsa.info
"Kapitalaren enegarren ofentsibari" aurre egiteko prestatzen ari da Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarea

Asteburu honetan Hego Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen II. Topaketak burutu dira Ziordiako Amarauna espazio autogestionatuan." Sarea ehundu enbatari aurre egiteko" lelopean, lau herrialdetako sei sindikatu bildu dira: Iruñeko Haritu!, Gasteizko Auzoan... [+]


Sakanako Osasun Publikoaren Aldeko Plataforma
"Medikuak behar ditugu"

Altsasuko, Olazagutiko eta Ziordiko herritarrak artatzen dituzte Altsasuko osasun etxean. Gurutze Arregi Mujikak eta Jose Antonio Donlok, Sakanako Osasun Publikoaren Aldeko Plataformako kideek salatu dute Altsasuko osasun etxean langile “gutxi” dituztela eta egoera... [+]


2020-12-31 | ARGIA
Ziordiako komentu zaharra eta bere lurrak erostea lortu du Amaraunak

Armiarma Kooperatiba sortu dute eta honek Ziordiako komentu zaharra eta bere lurrak erosi ditu. "Ez dugu banku-hipotekarik behar izan, baina erosketaren ia bi heren interesik gabeko mailegu pertsonalei esker ordaindu dira, eta datozen hamar urteetan itzuliko ditugula... [+]


2020-09-07 | ARGIA
Ziordiako Amarauna proiektuak crowdfundinga abiarazi du

Irailaren 7tik urriaren 15era arte iraungo du diru bilketa prozesuak eta itsulapikoa.eus bidez egingo da. Bertan biltzen denarekin erosi nahi dituzte Ziordiko mojen komentua eta haren lurrak.


Eguneraketa berriak daude