ARGIA.eus

2020ko ekainaren 02a

Reclaim the Fields nekazari sarearen Europako topaketa Ziordiako Amaraunan

  • Elikadura burujabetza eta nekazaritza sustatzen duen Europa mailako nekazari eta landa eremuko sarea da Reclaim the Fields, eta igandera arte Europa mailako topaketa egingo du Amaraunan. Tartean, larunbatean AHTrik ez, Sakana bizirik! lelopean Altsasuraino martxa eta elkarretaratzeak egingo dituzte.

Guaixe .eus @guaixe
2020ko otsailaren 07a
Albiste hau Guaixe .eusek argitaratu du eta Creative Commons BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.
Arg.: Guaixe

Reclaim the Fields, bizi eredu alternatibo bezala elikadura burujabetza eta nekazaritza sustatzen duen Europa mailako nekazari eta landa eremuko sarea da. Eredu kapitalistari alternatibak eraikitzea da bere xedea, ekimen kooperatibo, kolektibo edota autonomoen bitartez, euren beharretara bideratuak diren maila txikiko produkzioekin. Asteartetik igandera Reclaim the Fields sarearen Europa mailako urteroko asanblada burutzen ari da Amarauna gune autogestionatuan, Ziordian. Eta topaketa horien barruan larunbata, otsailaren 8a, jendaurreko eguna izanen da. Hainbat ekimen daude antolatuta, Abiadura Handiko Trenaren kontrako ekimena, tartean.

Larunbatean, AHTren kontrako martxa eta kontzentrazioak Altsasun

Larunbatean, 09:30ean Ziordiko Amarauna gunetik Abiadura Handiko Trenaren kontrako martxa abiatuko da, Altsasurantz. 12:00etan, Altsasuko tren geltokian kontzentrazioa egingo da, leihatilaren itxieraren aurka, eta 13:00etan Altsasuko udaletxe parean kontzentrazioa dago deituta, “AHTrik ez, Sakana bizirik!” lelopean. Sakanako Trenaren Alde AHTrik EZ plataforma da martxaren eta kontzentrazioen deitzaileetako bat. “Ekimen hauetan Abiadura Handiko Trenaren obrak eta trenaren zerbitzuen itxierak salatuko ditugu eta Sakanako trena bultzatu behar dela aldarrikatuko dugu” dio plataformak. 

Altsasuko tren geltokiko leihatilaren itxiera salatuko da

“Trena desmantelatzeko bidean pausu bat harago joan dira, Estatuan 150 geltokitako leihatilak itxi baitituzte, horietako 3 Nafarroan, Altsasukoa tartean” salatu du plataformak prentsa ohar bidez. Eta bitartean Abiadura Handiko Trenaren lanak Nafarroan aurrera doazela salatu dute. “Azken 2 urte hauetan Tafalla, Erriberri eta Villafrancan 30 km-ko obrak jarri dituzte martxan, orain arte Nafarroan azpiegitura honi inoiz emandako bultzada bortitzena. Eta lan hauek begi onez ikusiak izan dira batzuengandik; Javier Ollo Altsasuko alkateak aurreko legealdian “AHTaren etorrera” ospatu zuen, eta Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualde altsasuarrak azpiegitura hau defendatu izan du”. 

Halaber, AHTaren eraikuntzarako bideratutako dirutzak “tren arruntaren mantenuan murrizketak” eta “zerbitzuak gutxitzea” ekarri duela deitoratu du Sakanako Trenaren Alde AHTrik EZ plataformak. “Agerikoa da AHTa eraikitzeak eta martxan jartzeak tren arruntaren desmantelazioa eta bertan behera uztea dakartzala, eta argi izan behar dugu hiri eta herrien arteko bidaiarien garraio zerbitzua eta merkantziak garraiatzeko aukera tren arruntak baino ez dituela bermatzen” dio. 

Horregatik guztiagatik, larunbatean Ziordian hasi eta Altsasun despedituko den martxan parte hartzera eta Altsasuko tren geltokiko eta udaletxe aurreko kontzentrazioetan parte hartzera deitu du plataformak. 

Hazi banaketa, borroka ezberdinak eta festa

Amaraunean larunbatean egingo den bazkariaren ondoren, eskualde eta txoko ezberdinetako hazien trukaketa egingo dute Reclaim the Fields topaketetan parte hartuko dutenek, eta Euskal Herriko eta Europako nekazaritza eta elikadura burujabetza borroken aurkezpena eginen da. Topaketa afaria eta festatxoarekin despedituko da.

 

Larunbateko egitaraua

09:30ean AHTren kontrako martxa, Ziordiko Amarauna gunetik Altsasura. 

12:00etan Altsasuko tren geltokian geldialdia, takilen itxierak salatzeko. 

13:00etan AHTrik ez, Sakana bizirik! Kontzentrazioa, Altsasuko udaletxe parean. 

15:00etan Bazkaria. 

16:00etan Hazien trukaketa. 

17:00etan Euskal Herriko eta Europako nekazaritza eta elikadura burujabetza borroken aurkezpena. 

20:00etan Afaria. 

21:00etan Festa. 

Albiste hau Guaixe .eusek argitaratu du eta Creative Commons BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.
Kanal hauetan artxibatua: Nekazariak  |  Abiadura Handiko Trena  |  Ziordia

Nekazariak kanaletik interesatuko zaizu...

Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude