German Agirreren hilketa, argitu gabeko krimena

  • Aurreko artikuluan aztertu genuen Araban gertatutako gerra zikinaren lehenengo atentatua, orain, aldiz, urte berean gertatutako beste ekintza lazgarriago bat gogoratuko dugu, German Agirre Irasuegi taxilari arrasatearraren hilketa Legution. Barne Ministerioa eta Biktimen Elkarteen zerrendetan ETAko biktimatzat hartzen badute ere, errealitatea bestelakoa da, eta Guardia Zibilaren itzala bere hilketaren atzean omen da.


2019ko otsailaren 20an - 15:40
Diario Vasco, 1975-10-14

German erail zuten 1975eko urriaren 12an Legutioko Guardia Zibilaren kuarteletik 300 metrotara. Arratsaldeko zortziak aldera deitu zioten gaixo bat eramateko Arrasatetik Legutioraino, eta ordu batzuk geroago hilik agertu zen urtegiaren ondoan. Diario Vascoren kronikaren arabera bizilagun batek 23:30ak aldera hainbat tiro eta autoen mugimendua entzun zituen. Orduan, Guardia Zibilak eremua hartu zuen, eta hurrengo egunean bertaratu zen orduko Arabako Guardia Zibilaren komandantea, Antonio Tejero Molina, 1981ean tiroka sartu zena Espainiako Kongresuan. Bere esku geratu zen ikerketa poliziala, eta noski, ez zen ezer argitu.

Bere hilketarekin batera, egiletzaren inguruko nahasmendua hasi zen, izan ere, gaur egun Biktimen Elkarteek (COVITE, AVT…), Barne Ministerioak, Memorial de Victímas del Terrorismo-k eta zenbait egilek ETAko biktimatzat hartzen dute. Esate baterako, Florencio Dominguez, Rogelio Alonso eta Marcos Garcíaren “Vidas Rotas” liburuan ETAren autoretza azpimarratzen dute, horretarako, 1992an ETAri antzemandako paper batzuk erabiltzen dituzte.

Gure ustez, manipulazio hutsa da, beste pasarte batean paper berberak erabiltzen baitute, eta “Euskadi eta Askatasuna” entziklopediaren testua dela aipatzen dute. Entziklopedia horretan Agirreren kasua agertzen bada ere, talde parapolizialekin lotzen da bere hilketa.

Gure ustez, talde parapolizialen egiletzaren hipotesi seguruena da. Dena hasi zen bere hilketa baino aste bat lehenago, urriaren 5ean, goizean ETAk 3 guardia zibil hil zituen Arantzazuko bidean, eta badirudi zigor gisa gau horretan 3 pertsonak Iñaki Etxabe, Juan Jose Etxaberen ETAkidearen anaia, hil zuten Kanpazarren zuen jatetxean. Iturri batzuen arabera egileak guardia zibilak ziren, zehazki Gernikako kuartelekoak.

2000. urtean German Agirreren semeak eta alargunak Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean parte hartu zuten. Beraien ustez, Germanen hilketaren atzean Guardia Zibila zegoen, eta bi hipotesi aintzat hartzen zituzten. Bata, guardia zibilen aurkako atentatua egin zuten etakideak bere taxian ihes egin zezaketen; bestea, eta zabalduena, German Iñaki Etxaberen hilketaren lekukoa izan zitekeen, eta hiltzailearen bat ezagutu omen zuen.

Dena dela, familiaren bertsioari jarraikiz, egun horretatik aurrera Aramaioko guardia zibila bere atzetik ibili zen. Gobernu Zibilak familiari ETAk hil zuela esan zion, eta gainera hiletaren egunean Arrasaten ETAri hilketa leporatzen zioten panfletoak agertu ziren. Hala eta guztiz ere, ETAk gutun bat bidali zion familiari bere egiletza ukatzeko.

Aipatu genuen bezala, 1975ean gerra zikina zabaldu zen, eta aurreko hilabeteetan hainbat eraso izanda ere, Etxabe eta Agirre lehenengo hildakoak izan ziren. Badirudi gerra zikinaren hasieran guardia zibilak izan zirela egile zuzenak, baina bi erailketak eta gero, Estatua mertzenarioak erabiltzen hasi zen.

Berriki Arrasateko udalbatzak aho batez German Agirre eta Iñaki Etxabe gogoratu eta “indarkeriaren injustizia pairatu duten pertsona guztien sufrimendua” aitortu du. Era berean, Argituz-ek “Arrasate. Memoria partekatu baterantz” txostena plazaratu du. Hala ere, 40 urte baino gehiago pasa eta gero, argi-ilun ugari daude.

Zaila izango da justizia lortzea, baina behintzat beraien senitartekoek egia ezagutzeko eskubidea dute. Hortaz, bada garaia Estatuaren estolderietan gertatutako guztia ezagutzeko.

Albiste hau Hala Bedik argitaratu du eta Creative Commons lizentziei esker ekarri dugu ARGIAra.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Guda zikina
Jon Anzaren desagerpenetik hamabost urtera, galderek erantzunik gabe jarraitzen dutela salatu dute

Duela hamabost urte desagertu zen euskal militantea. Baionan Tolosarako (Okzitania) trena hartu eta ez zen berriz agertu. Hortik hamaika hilabeteetara atzeman zuten bere gorpua Tolosako (Okzitania) gorputegian. "Egia jakiteko eskubidea" aldarrikatu dute Anza zenaren... [+]


Torturatu eta hil zituztenetik 40 urtera, Zabala eta Lasa ez dituzte oraindik terrorismoaren biktimatzat hartu

Datorren igandean, urriaren 15ean, beteko dira 40 urte GALek Joxean Lasa eta Joxi Zabala Baionan bahitu zituela. Guardia zibilek torturatu eta hil ondoren, oraindik ez dituzte terrorismoaren biktimatzat hartu.


2023-09-26 | Axier Lopez
Xabier Kalparsororen hilketa argitzen laguntzeko egitasmo herritarra aurkeztu dute

Gaur 30 urte Espainiako Poliziaren eskuetan hil zen Xabier Kalparsoro Golmaio militante zumaiarra. Anuk.eus webgunea zabaltzearekin batera ekitaldia egingo dute gaur, irailak 26 . Ekimena bultzatu duen Hegiak elkarteak dioenez, urteak beste zalantza daude Anuken heriotza... [+]


Gobernura iristean tortura geldiarazteko agindu zuela dio Belloch ministro ohiak

1993an Barne Ministro ere izendatu zuten Juan Alberto Belloch ordura arteko Justizia Ministroa zena. Orduan Guardia Zibilaren buruzagia deitu zuela esaten du El Periódico de Aragón-en egindako elkarrizketan, eta agindu zuela “sarera ihes egitea” bukatu... [+]


Eguneraketa berriak daude