ARGIA.eus

Bultza kazetaritza independentea

Gehiago lan egin beharrarekin errimatzen du Frantziako Gobernuaren erreforma berriak

  • Gobernuak parean dauzka sindikatu guztiak eta horrelakorik ez zen gertatu azken hamabi urteetan: CFDT ere egonen da erreformaren kontratu mugimenduan CGT, FO, CFE-CGC, CFTC, Unsa, FSU eta Solidaires sindikatuen ondoan –Ipar Euskal Herri mailan LAB ere egonen da protestetan–. Fase berri honetako lehen mobilizazioa urtarrilaren 19rako finkatu dute. Xeheki begiratu diogu erreformari, gobernuaren azalpenei eta aurkakoen irakurketari lekua eginez:


2023ko urtarrilaren 12a - 12:39
Azken eguneraketa:14:50
Elisabeth Borne, Frantziako Lehen ministroa, erretreta sistemaren erreforma aurkezteko prentsaurrekora doala, urtarrilaren 10ean (Argazkia: FranceInfo)

Frantziako lehen ministro Elisabeth Bornek aurkeztu du aste honetan erreforma. Urtarrilaren 23an aurkeztuko dute Ministroen Kontseiluan, eta 30ean Legebiltzarreko gai sozialei buruzko batzarrean; ondotik, otsailaren 6tik aitzina eztabaidatzeko Parlamentuan. Parean, aurkako mobilizazioa berrabiatu dute sindikatuek, lehen hitzordua urtarrilaren 19an jarriz. Horra hemen puntuz puntu Frantziako Gobernuak marrazturiko erreforma, aldeko zein aurkako argumentuei lekua eginez:

Erretretarako adina: 62 urtetik 64ra urtera

Gobernuak bi urtez atzeratu nahi du erretretara sartzeko adina, 62 urtetik 64ra pasaz. Irailaren 1etik aitzina, urtero hiru hilabetez gibelatuko da adina, azkenean, 2030erako 64 urtera heldu arte. Lanean biziki gazte hasi zirenen errealitatea kontuan hartu nahi da: 15 urtetan hasi zirenak 58 urtetan sartzen ahalko dira erretretara, 16 urtetan hasitakoak 60 urtetan, 17 urtetan hasitakoak 61 urtetan eta 18 eta 20 urte artean lotu zirenak berriz 62 urtetan.

Urte bat gehiago kotizatu, hots, 43 urtez

2020an abiaturiko moldaketa aitzina doa: geroz eta gehiago kotizatu beharko da pentsio osoa jaso ahal izateko. Hori ere progresiboki eginen da, azkenean, 2027rako 43 urteko kotizaziora behartuz erretreta osoaren truke.

Hala ere, gehienez 67 urte arte lan egin beharko da –urte sari guztiak ez ukan arren, erretreta osoa jasotzeko eskubidea bermatuko zaio–.

Erregimen berezien desagerpena

Orain arteko erregimen berezien gehiengoa bertan behera geldituko dela iragarri du Frantziako Lehen ministroak. Orotara 42 badira, lanbideen arabera banaturikoak –funtzionarioena, tren gidariena, laborariena, eta beste–, beraien artean pentsio ezberdintasunak ondorioztatuz. Lehen ministroak errandakoari segi, "justiziaren eta aitzinamenduaren" izenean berdindu nahi du erretreta sistema. Irailaren 1etik aitzina sektore horietan enplegaturiko langileak erretreta sistema orokorrari lotuko dira, baina orain arteko langileek, ordea, erregimen berezian segituko dute.

Gobernuaren argumentu nagusia

"Pentsio sistema ez da finantzarioki orekatua" eta horregatik dute herritarrek lan gehiago egin behar, aurreikusitako zulora ez iristeko –12.000 milioi eurokoa 2027an, 21.000 milioi eurokoa 2035an–. Parean, aurkakoek diote ez dagoela hain aldaketa handia bideratzeko behar gorririk. Hala nola, Attac egiturak ohartarazten du COR Pentsioen Orientaziorako Batzarrak aurreikusitako defizitak pentsioen %4 heina errepresentatzen duela: "Nahikoa litzateke kotizazio tasaren emendio oso ahul bat, 0,8 eta 1 punturen artekoa, hamarkada osoan hedatuko litzatekeena". Gainera, azken bi urteetan erretreta kutxa soberakinezkoa izan da, 2021ean 900 milioi eurokoa eta iaz 3.200 milioikoa.

Geroz eta erretretadun gehiago izanik, kopuru horretan eragin behar dela dio Frantziako Gobernuak –gaur egun 1,7 aktibo dago erretretadun batentzat eta 1,3 izanen da hemendik hogei urtera–. Baina bere horretan, lan denboraldia luzatzeak ez du arazoa konpontzen, eta bestelako aldaketak bideratu beharko lirateke benetan eraginkorra izateko, erretretaren eta lan aktiboaren artean langabezia ere dagoelako eta langile adindunen enplegatze apala delako gaur egungo errealitatea. Hots, langabezian gelditzen badira, laguntza sozialekin gobernuaren defizita ez da txikituko.

Aurkakoentzat, injustizia areagotzen duen erreforma

Gutxienez 1.200 euro ingurukoa izanen da erretreta hein apalena, hots, orain artekoa baino ehun bat euro gehiago jaso beharko luke gutxien errezibitzen duenak. Alta langile sindikatuek diote herritar pobreenek dutela gehienik pairatuko aldaketa. Aspaldian lanean hasitakoentzako erretretara lehenago sartzeko aukera beti mantentzen bazaie ere, bi urtez atzeratuko zaie –orain arte 60 urterekin bazen, erreformak 62ra luzatzen die–. Jakinik lan fisiko eta gogorrez osaturiko lan sektoreetan dabiltzala gazte-gazte eta usu diplomarik gabe hasi zirenak, pentsatu daiteke bi urtez luzatze hori gehiegizkoa izanen zaiela anitzei.

Aspaldian lanean hasitakoentzako erretretara lehenago sartzeko aukera mantentzen bazaie ere, bi urtez atzeratuko zaie –orain arte 60 urterekin bazen, erreformak 62ra luzatzen die–
Zaharrenen enplegua segurtatzeko erronka

55-64 urtekoen enplegu tasa %56koa da Frantziako Estatuan, Europako beste estatuetan baino anitzez apalagoa  (%60,5 da Europar Batasunean) –nagusiki patronalak nahiago duelako soldata altuagoak dituzten aspaldiko langileez bereizi, soldata apalagoa duten gazteenak hartzeko–. Egoeraz kontziente, neurri pare bat bideratzea du xede gobernuak, nahiz eta eragin txikia aurreikusten zaien. Demagun, oraindik goiti 1.000 langilez goragoko enpresek eta datorren urtetik aitzina 300 langileez goragokoek zehaztu beharko dute zein duten 50 urtez goitikako enplegatuen proportzioa. Zifra publiko egin beharko dute, eta horrekin nahiko, ez dira ezertara gehiago behartuak izanen.

Erretreta eta lan partziala elkar juntatzeko bidea ere erraztu nahi zaie langile adindunei, azken urteetako lan denboraldia arintzeko, eta agian herritar horien enplegatzeko erabakia errazteko patronalari.

Lanaren nekea kontuan hartzeko asmoa

2017an, lan arriskuei buruzko Sumer inkestak argiratu zuen Frantziako metropolitanoko 13,6 milioi langile –langilegoaren % 61a– egon zirela "nekezia ondorioztaturiko faktore baten edo gehiagoren eraginpean" mediku bisita behartuaren aitzineko astean. Horien artean, 10,7 milioi langile baino gehiago ziren traba fisiko ergonomiko nabarmenekin: postura nekagarriak (langileen % 44), zama astunak behin eta berriz eraman beharra (% 8), eta bibrazioekiko esposizioa (%7,6). Alta, 2021ean patronalak 13,6 milioi horietariko 650.000 zituen bakarrik "lan nekagarrian dabilen" gisa deklaratu.

Arazo horri aurre egiteko zailtasunak dauzka gobernuak eta nahiz eta hitzetan erretreta aurreratzeko asmoa plazaratu, hitzak ez dira gauzatzen: 13,6 milioi horietatik 643.243ei zitzaien lan baldintza gogor hori aitortu iaz, baina bakarrik 10.000k zuten erretretara lehenago joateko aukera baliatu ahal izan.

Lehen ministroak argi utzi du hamar langileetatik lau joaten ahalko direla 64 urteak aitzin erretretara, baina ikusirik zifrek salaturikoa, datu hori ez dute sinesten sindikatuek.


Pentsioak kanaletik interesatuko zaizu...
Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren lege berria indarrean sartu da kritika artean

Teorian pobreak egoera horretatik ateratzea helburu duen Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentan aldaketak adostu dituzte EAJ, PSE eta Elkarrekin Podemos-IUk, eta indarrean sartu da lege berria. Jende asko kanpoan uzten duela, pobrezia egoeratik ateratzeko ez duela balio eta txiroak... [+]


Analisia
Toledoko itunari kateatuak

Egin zitekeen erreformarik hoberena da. Baliteke bai. Horrek ez du erreforma on batean bihurtzen ordea. Neurriei begira jarrita, ez du balio aurreko pentsio erreformekin kendu digutena berreskuratzeko, ezta gutxiago ere. Hego Euskal Herrian ez da posible izango jubilatzea 67... [+]


ANALISIA
Macronek erreforma pasa arren, herritarrak ez dira amore ematekotan

23.000 lagun batu dira Baionan sindikatuen arabera, eta orokorki, manifestazio guzietan batu da jendetza esanguratsua –Parisen 800.000 dira une honetan, CGTren arabera–. Tonua gogortuz doa manifestarien partetik eta blokeoak eta barrikadak biderkatuz doaz azken... [+]


Baionako protestaren ondotik, lau manifestari atxilotu ditu Frantziako poliziak

Pirineo Atalntikoetako prefekturak jakitera eman du lau manifestari atxilotu dituela Frantziako Poliziak. Elkarretaratzera deitzen du Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak, 18:30ean Baionako komisaldegiaren aitzinean.


Eguneraketa berriak daude