"Gazteak euskaraz deseroso sentitzen dira ez dutelako gaitasun nahikorik"

  • Gazteek euskaren eta euskal kulturaren inguruan duten pertzepzioa ikertu du Naroa Jauregizuria Lopategik. Getxo, Leioa, Bilbo edota Portugaleteko zenbait ikastetxetako gazteek hizkuntza eta kulturagaz duten harremanena eta iritziak aztertu ditu leioaztarrak, eta horiek baliatu dituzte AEK-Ahizek hizkuntza aholkularitza zerbitzuak eta Ikastolen Elkarteak #Damolat unitate didaktikoa sortzeko. Abenduaren 2an egingo dute horren aurkezpena “Igo Bolumena” jardunaldian; horren aurretik, ikerketaren nondik norakoak azaldu dizkigu.


2021eko abenduaren 01an - 11:18
Azken eguneraketa: 12:20
Argazkia: Hiruka.eus

Nolakoa izan da gazteen hizkuntza-ohiturak ikertzeko prozesua?

Lehenik eta behin, ikusi genuen hainbat aurreiritzi ditugula gazteei buruz berba egiten dugunean;  beti jotzen dugu beraiek epaitzera eta paso egiten dutela diogu. Beraz, lehenik eta behin, 2000tik ona jaiotako gazteak nolakoak diren definitu genuen, haien testuinguruak ez duelako inolako zerikusirik nagusiagoek bizi izan dutenarekin. Urteotan, aldaketa izugarriak eman dira munduan eta Euskal Herrian, bai pentsatzeko bai funtzionatzeko eran ere. Beraz, euren erreferentziak ezberdinak izan behar dira euskara, hizkuntza eta kulturari dagokienez. Gainera, elkarrekin erlazionatzeko moduak asko aldatu dira, orain taldeak txikiagoak direlako eta harremanak sare sozialetatik-eta egiten direlako.   

Nola aldatu da euskaragaz duten harremana beste belaunaldi zaharragoakaz konparatuta?

Guk gatazka egoera eta euskara eta euskal kulturaren biziberritze indartsua bizi izan genituen; gainera, aurreko belaunaldietakook ez dugu nahi lortutakoa edo izandako hori galtzea. Beraz, mugitzeko eta eurena garatzeko aukera gutxi dauzkate; gure motxila jasotzea dute altxor batekin, baina ezin dute ez erabili ezta mugitu ere. Aldiz, kulturak eta hizkuntzak aurrera egiteko belaunaldi batzuek aurrekoetatik jasotakoa gainditu eta birmoldatu behar dute, beraiek erosoago sentituko diren esparruetara. Bestela, museo batean geratuko dira antzinako gauza polit baten moduan. 

Horretaz gain, gazteak euskararekin konektatzen dituzten kanalak bi dira: hezkuntza formala eta jaiak. Lehena, derrigorrezkoa izateaz gain, gramatikala eta ikaskuntzarekin lotuta dago. Festetan, aldiz, gazteek euskara aukeratzen dute, ez zaie ardura bertso bat egitea, edo erromeria batera joatea; baina, pandemiaren ondorioz, hori galdu dute, eta hezkuntza bakarrik geratzen zaie. Gainera, helduarora hurbiltzen diren heinean, kanal horiek ahulduz doaz, lanerako eta familiarentzako garrantzitsuak izateari uzten diotelako.

Proiektuan azpimarratu duzue gazteei ahotsa emateko beharra. Zer da beraiek esaten dutena?

Gehienetan, helduon ikuspegitik jo dugu beraiengana, eta hor konexio-arazoak egoten dira; gazteek ez dute erantzuten. Beraz, gu beraiengana joan ginen, eta beraien ikuspuntua eskatu. Hortik ondorioztatu ahal izan genuen, oro har, euskararen munduaren oso ikuspegi estereotipatua dagoela, baita gizartean ere. Umetan jaso zutenarekin lotura dute, baina gaur egun dagoena nahiko ezezaguna da beraientzat; musikarekin, jaiekin eta haurtzaroko kontuekin lotzen dute, eta gustatzen zaie, baina lotura mugatua da. Egoera normalizatuagoa izango balitz beste leku batzuetatik ere jasoko lukete euskara.

Erreferente berriak behar ditugu?

Lehen, arrazoi ideologiko potoloagoekin lotutako erreferenteak genituen; orain, identifikatu behar dugu euskaraz egiteko hautua egin duten horiek zergatik egiten duten: zerk eramaten dituen euskaraz hitz egitera, hain zuzen ere. Gainera, erabiltzen dituzten kanalak ere zeintzuk diren jakin behar dugu. Horretarako, hain erosoak ez diren gauzak entzuteko prest egon behar gara ere.

Eta irakasleek zer diote; ereduari buelta bat eman beharko litzaioke?

Azkotan, pisua ikastetxeetan jartzen dugu, eta hori justua izan ez arren, daukagun hari horiek baliatu behar ditugu, eta laguntza eman behar diegu. Irakasleek ikusten dute arazo hau ez dela ikasgai batekin konpontzen. Guk #Damolat unitatea sortu dugu, baina hau laguntza bat besterik ez da; hemen inportanteena da irakurketa orokor bat egitea, hizkuntza irakastearekin ez delako nahikoa.

Zer proposatzen du #Damolat unitate didaktikoak?

Hasteko, euskarazko bizipenak sortzeko beharra jartzen dugu erdigunean; aukerak sortu nahi ditugu euskarazko bizipenak sortzeko eta euskararen mundua ezagutzeko. Horretarako, lehendabizi, gazteak ezagutzeko saioak egiten ditugu, eta, ondoren, hainbat kanal proposatzen dizkiegu beraiek erabaki dezaten zein bide aukeratu nahi duten. Eta, amaitzeko, kultur ekintza bat egitea proposatzen diegu, ikastetxetik kanpo, herriko beste elkarte eta sortzaileekin


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Soziolinguistika
2024-01-23 | Sustatu
Iñaki Iurrebaso soziolinguistaren hitzaldi sorta herriz herri

Asteartez Zarautzen hasita, Iñaki Iurrebasoren hitzaldi zikloa antolatu du UEMAk. Euskararen egoera ezagutzeko gako berriak ematen dituelako, arnasguneak eta udalerri euskaldunak sendotzea euskararen biziberritzerako giltzarria zergatik den ere azaltzen duelako... [+]


2024-01-19 | ARGIA
1950-1970eko hamarkadetan Altzara heldutako etorkinek euskararekin izan duten harremana aztertu dute

Espainiatik Donostiako Altza auzora migratutako biztanleek euskararekin izan dituzten bizipenak eta jarrerak aztertu ditu Soziolinguistika Klusterrak. Etorkinok integrazio sozialerako eta laboralerako ez zuten euskararen beharrik izan. Euskal hiztunek, berriz, migrazio-prozesua... [+]


2023-08-16 | Ilargi Manzanares
1826ko bertso "berriak", sei emakume haurdun utzi zituen doneztebarrari jarriak

Ricardo Urritzola ikerlariak aurkitu du bertso sorta Nafarroako Errege Artxiboan eta Ekaitz Santaziliak Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleek aztertu ditu. Fermin Altxu Beristain maisuari leporatutako salaketa baten harira idatzi ziren.


Euskararen gainbehera zantzuak ageri dira udalerri euskaldunetan

UEMAk (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) berariaz aztertu ditu VII. Inkesta Soziolinguistikoak bere herriekiko eman dituen emaitzak, eta argi-itzalak agerikoak dira berriz ere: herri euskaldunenek euskal hiztunak galdu dituzte.


Eguneraketa berriak daude