'Gau ilunekoak' argitara, Joseba Sarrionandiaren liburu berrian

  • Baldekadak idazten dituzte batzuek, tantak besteek. Ez dute batzuk besteak baino hobeak izan behar, baina komeni da desberdintzea. Joseba Sarrionandia bigarrenetakoa da, are gehiago azken urteotan. Lagun izoztua nobela mardula publikatu ondotik liburu txikiak atera ditu Iurretako idazleak, eta halakoa da Gau ilunekoak (Elkar) ipuin berria ere. Ostiralean aurkeztu zuten Donostian Xabier Mendiguren editoreak, Aizpea Azkorbebeitia irakasleak, Maite Gurrutxaga ilustratzaileak (bereak dira liburua edertzen duten marrazkiak) eta Joxemari Iturralde idazleak.


2008ko azaroaren 17an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-07-10 16:50:38

Ipuina da Sarrionandiaren lan berria, "hitzaren zentzu guztietan" Xabier Mendigurenek azaldu zuenez. Beste planeta batetik etorritako izaki batekin abiatzen da istorioa. Baionako portuan azaldu da, eta etorkin ilegala dela pentsatuta, epailearen aurrera eramango dute. Han kontatuko du beti ilunpean dagoen planetaren historia.

Umeentzako kontakizunaren soiltasunarekin idatzia dago, baina araztasun hori iradokitzeko, bigarren irakurketak egiteko balia dezake irakurleak, Aizpea Azkorbebeitiaren esanetan. Sarrionandiaren azken aldiko literaturaren ezaugarriak aurkituko ditugu liburu berrian: istorioan kontatzen denaz gain, beste klabe batean irakurtzeko gonbitea luzatzen duen liburua dela nabarmendu zuen irakasleak. 

Joxemari Iturraldek berriz, liburuaren lerro artean igerian dabiltzan erreferentzia literarioak azpimarratu zituen: Saint-Exupery, Saramago, Sabato, Beckett, Kafka... Iturralderen aburuz, umoretik eta ironiatik badu liburuak, baina orobat iluna ere bada, titulutik abiatuta. Izan ere, gaua berez iluna bada, Gau ilunekoak titulua jarrita belztasuna azpimarratu nahia igarri du Iturraldek Sarrionandiaren asmoetan.

Liburua azal gogorreko edizioan argitaratu du Elkar argitaletxeak, eta Maite Gurrutxagaren ilustrazioekin lagunduta dator. Artista gazteak esplikatu zuenez, 13 urte zituela ezagutu zuen Sarrionandiaren literatura, etxeko liburutegian kuxkuxean zebilela. Ilustrazioak hasieran oso figuratiboak atera zitzaizkola esan zuen, baina, liburua eskuetan hartuta igartzen denez, azken emaitza "atmosferikoagoa" dela, abstraktuagoa. Arkatzez egindako lanak dira, formatu zabaleko irudiak, ipuinaren gelditasunari laguntzen diotenak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Joseba Sarrionandia
2022-08-30 | Peru Iparragirre
Joseba Sarrionandia eta Castillo Suarez, Poesia Orduak ekimenean

Donostiako Victoria Eugeniako Club Aretoan izango dira emanaldiak. Juantxo Zeberio musikaria izango du alboan Suarezek, eta Ines Osinaga Sarrionandiak.


Argazki historiko bat

Ez nuen uste Gasteizen aparkatzea hain zaila izanen zenik. Edo, hobe esanda, ez nekien hainbeste koloretako marrak egon zitezkeenik pintaturik errepide ertzetan. Ez, ez dut gidabaimenik eta bai, denbora gure kontra zihoan. Azken minutuan heldu gara Principal Antzokiko... [+]


Joseba Sarrionandia
"Badirudi nazioa eraiki beharrean futbol talde bat egiten ari dela"

Donostiako Aieteko euskara batzordeak antolatuta, solasaldia eskaini du asteartean Joseba Sarrionandiak. Habanako gaukarien trilogia zuen aitzakia, baina literaturaz gutxi, eta bizitzaz asko hitz egin du. Irati Zubia filosofoa arduratu da testuinguruaz eta saioa gidatzeaz.


Joseba Sarrionandia Euskal Herrira itzuli da ia 40 urte erbestean egon ostean

Ia 40 urte erbestean igaro ostean, azkenean, Euskal Herrira itzuli da Joseba Sarrionandia gertukoak eta familia bisitatzera. 


Eguneraketa berriak daude