Gasteizko Herritarren Defendatzaileak arrazoia eman dio ARGIAri: Polizia grabatzea eskubidea da

  • Gasteizko udaltzain batek polizia operazio baten irudiak hartzea debekatu nahi izan zion mehatxuka ARGIAko kazetari bati 2020ko maiatzaren 7an. ARGIAk salaketa aurkeztu zuen Gasteizko Herritarren Defendatzailearen aurrean. Sindikoak arrazoia eman dio ARGIAri: Polizia grabatzea eskubidea da; herritar guztiona, ez soilik kazetariona. Sindikoari emaniko erantzunean, Udaltzaingoak berak onartzen du kazetariaren eskubidea. Udaltzaingoaren esanetan, “egon daitezke, kasuren batean, oker egon daitezkeen agenteak”, baina ez zen udaltzainaren aurkako neurririk hartu “diziplinazko arau hausterik ez zelako egon”.


2021eko urtarrilaren 15an - 08:20
ARGIAko kazetariari irudiak hartzea debekatu nahi izan zion udaltzaina. Argazkia: ARGIA.

Polizien irudiak hartzea legez kanpokoa zela ziurtatu zion udaltzainak ARGIAko kazetari Zigor Olabarriari, eta eginez gero desobedientzia delitua leporatzearekin eta mugikorra kentzearekin egin zion mehatxu. Presente zeuden gainontzeko hiru udaltzainek ez zuten beren kidea zuzendu. Beranduago polizia gehiago heldu zen, eta azkenean operazioaren buru zen udaltzainak eskubidea onartu zion, “kazetari” gisa.

Ekainean ARGIAk eskaera bat sartu zuen Sindikoan –Gasteizko Herritarren Defendatzailea, udal mailako Ararteko baten baliokidea–. Sindikoari eskatu zitzaion, besteak beste, gertatua baloratu zezala eta argitu zezala oro har kazetariok zein herritarrok poliziaren irudiak hartzeko eskubidea dugun edo ez. Abenduaren 29an datatutako erantzuna jaso du berriki ARGIAk.

Erantzuna, berandu eta gaztelera hutsean

Urte erdia joan da eskaera erregistratu genuenetik, ekainean. Txostenean dioenez, “handik gutxira” eskatu zizkion argibideak Udaltzaingoari sindikoak. “Ordutik zenbait denbora pasa zenez erantzunik jaso gabe, beste aldi batez ere berretsi dugu eskaria azaroan, eta duela gutxi helarazi digute”.

Bestalde, Sindikoak “barkamena” eskatzen dio izapidea erregistratu zuen ARGIAko kazetariari, erantsita dagoen Udaltzaingoaren erantzuna “gaztelera hutsean dagoelako idatzita, nahiz eta gure eskaera ele bietan egin genuen”. Saileko arduradunak horretaz “ohartaraziko” dituela gaineratzen du.

Polizia grabatzea, herritar guztion eskubidea

Sindikoaren erantzuna biribila da: “Egia da zuri emandako informazioa, eta honen ondorioak, ez zirela bidezkoak izan, argi eta garbi baitago zuk, kazetari zaren partetik, argazkiak ateratzeko ahalmena eta eskubidea duzula”. Udaltzaingoaren Segurtasun Sailak berak eskubide hori onartzen duela jasotzen du Sindikoaren txostenak. Horrela dio hitzez hitz Herritarren Segurtasunaren Saileko Zuzendari Javier Sáezek Sindikoari erantzunez sinatzen duen idatziak: “Kazetaritzat egiaztatuta zegoen pertsonari, lehenbiziko momentu batean, han zegoen udaltzain batek ez grabatzeko adierazten dio. Esku-hartzean agertzen den nagusi batek agente hau zuzentzen du eta kazetariari bere lanean diharduela udaltzainak grabatzeko ahalmena duela jakinarazten dio, eta aldi berean irudiak hartzean eta ondorengo erabileran duen erantzukizunari buruzko informazioa ematen zaio”. Udaltzaingoaren oharrak ez du inolako aipamenik egiten udaltzainaren jarrera oldarkorraz eta mehatxuez.

Sindikoa: “Egia da zuri emandako informazioa, eta honen ondorioak, ez zirela bidezkoak izan, argi eta garbi baitago zuk, kazetari zaren partetik, argazkiak ateratzeko ahalmena eta eskubidea duzula”

ARGIAk Sindikoari eskatu zion argitu zezala, ordea, kazetariak soilik ez, edozein herritarrek duen edo ez eskubidea espazio publikoan lanean ari den Poliziaren irudiak hartzeko. Mozal Legeak dioena eta horren gainean Segurtasun Estatuaren Idazkaritzak argitaratutako barne instrukzioa gogoratzen ditu Sindikoak, ondorioztatzeko: “Edonork atera ditzake argazkiak, baina muga jakin batzuekin: segurtasuna arriskuan ez jartzea eta bidegabeko tratamendurik ez egitea”. Hortaz, “ondorengo erabileraren arabera erabakiko da salatzerik dagoen”. Hori da urtetan hainbat hedabide independentek eta herri mugimenduk defendatu duguna, horregatik gomendatu dugu Poliziak irudiak hartzeagatik identifikazioa eskatuz gero emateko, baina grabatzeari edo argazkiak ateratzeari utzi gabe

 

Udaltzainen formazioaz oinarrizko eskubideen inguruan

ARGIAk Sindikoari eskatu zion ere Udaltzaingoari galdetu ziezaiola ea gertaera aztertu eta barne mailako prozedurarik ireki ote zuen, eta zein den “udaltzainek jasotzen duten formakuntza hiritarrek bide publikoan euren irudiak hartzeko duten eskubidearen inguruan”.

Maiatzaren 7ko gertaeraren harira, zera dio Segurtasun Saileko zuzendariak: “Poliziaren interbentzio orotan bezala, udaltzainak okertu daitezke. Hori dela eta, beharrezkoa da garrantzizko esku-hartzeetan gainbegiratze lanak egiten dituen arduradun bat bertaratzea beti”. Kazetariak eta herritarrak seguruago egongo ginateke eskubideak “gainbegiratzeko lanak” egiten dituen “arduradun” batek baino, polizia guztiek bermatuko balizkigute, eta horretarako formazioa ezinbestekoa dela uste dugu. Are ezinbestekoagoa hainbatetan salatu direnean jarrera errepresiboak indar polizial ezberdinen aldetik, kazetarien zein herritarren aurka.

Udaltzaingoa: "Bertan egon zen arduradunarekin hitz egin ondoren, erabaki zen lekuan bertan zuzendua izan zen agentearen aurkako diziplina neurririk ez hartzea"

Polizien irudiak hartzeko eskubidearen inguruan formazioa jasotzen ote duten galdera zehatzari ez dio erantzun Udaltzainen buruak, modu orokorrean baizik: “Ahal den arlo eta gai guztietan ematen zaie formazioa udaltzainei, eguneroko eginbeharretan suertatzen diren zalantzak argitzearren arduradunarengana jotzeko aukerarekin”. Maiatzean luzatu genuen galderak airean jarraituko du hortaz: kazetariari irudiak hartzea legez kanpokoa zela ziurtatu zion udaltzaina ezjakintasunetik ari zen, edo nahitara gezurretan? Bietako edozein aukera litzateke larria.

Azkenik, Udaltzaingoak jakinarazten du ez dela bere aurkako neurririk hartu: “Bertan egon zen arduradunarekin hitz egin ondoren, erabaki zen lekuan bertan zuzendua izan zen agentearen aurkako diziplina neurririk ez hartzea, diziplinazko arau hausterik ez zelako egon”.

Oinarrizko eskubide bat debekatzeko saiakera, debeku hori inposatzeko mehatxuak, legediaren inguruko informazio okerra, jarrera oldarkorra, ondoan zituen poliziakideen esku hartzerik eza egoeraren aurrean... Oro har bide punitiboen aldekoak ez gara etxe honetan, baina udaltzainaren aurkako neurriak hartzetik harago, egindakoari larritasun handiagoa aitortu behar zaiolakoan gaude.

U30eko greba orokorrean ere Gasteizko Udaltzaingoak kazetarien aurka egin zuen. Irudian udaltzain bat, Hala Bedi-ko kazetaria hormaren aurka atxikia duela eta hari kendutako argazki kamera eskuan. Argazkia: ARGIA.

Grabatu Polizia

Poliziak sarritan ez du bere jardunaren lekukorik nahi –agintariek eta boteretsuek nor bere jardunaren inguruko gardentasunik nahi ez duten modu berean– eta ondorioz, gehiegikeriak eta legez kanpoko portaerak errepikatu egiten dira munduan bezala Euskal Herrian, kazetarien zein herritarren aurka. ARGIAn debeku saiakera berberei aurre egin behar izan diegu hainbat aldiz, zorionez guztiak irabazi ditugu, kalean eta epaitegietan.

Sindikoan eskaera erregistratu genuen egun berean erregistratu zuen beste bat Hala Bedi-k EAEko Arartekoan, ertzain batek hedabide horretako kazetari bati irudiak hartzea debekatu ziolako Talka espazio okupatu feministaren desalojoan. Epaitegietara ere jo du Hala Bedi-k. 2020ko urtarrilaren 30eko greba orokor egunean Gasteizko udaltzainek bortizki erretenitu zuten hedabide bereko beste kazetari bat eta argazki kamera kendu zioten. Orduan Udaltzaingoaren arduradun politikoek ere ez zuten inongo jarrera arbuiagarririk ikusi. Adibideak, gehiago dira, Gasteizen soilik. Kazetarion aurka horrela egiten badute, zer ez dute egingo gainontzeko herritarren aurka?

Baimenik gabe praktikatzeak bihurtu ditu atzoko ‘delituak’ gaurko eskubide legez onartuak; legeak onartuta ere, praktikatzen ez diren eskubideak galdu egiten dira

Askotan esan dugu, azken aldiz Hala Bedi-rekin batera maiatzean: informatzen jarraituko dugu, Polizia salatuko dugu beharrezkoa denean. Kazetari eta herritar bezala. Jendarte justu batean arrunta beharko luke herritarrek bere zerbitzura omen daudenen lana fiskalizatzeko aukera eta ohitura izatea; bizi dugun honetan, borrokatu beharreko eskubidea da. Kasu honetan, eta momentuz bederen, legeak aitortutako eskubidea. Hori ere baliatu behar dugu, baina beti bezala praktikan dago gakoa, zuzenbidea erabileraren atzetik baitator eta ez alderantziz: historiak erakusten digu baimenik gabe praktikatzeak bihurtu zituela atzoko "delituak" gaurko eskubide legez onartuak –greba, adierazpen edo elkartze eskubideak kasu–; eta erakusten digu ere, legeak onartu edo ez, praktikatzen ez diren eskubideak galdu egiten direla.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Adierazpen askatasuna
Fermin Muguruzaren bisita batengatik “terrorismoa goratzea” leporatu diote Valentziako institutu bati

Talde kontserbadore batek salatu du institutua, Muguruza hitzaldi bat ematera gonbidatzeagatik. Bellreguardeko Udaleko zinegotzi ohi batek esan du ez zela hitzaldirik egon. Institutuko zuzendaritza taldeak hilaren 26an deklaratu beharko du guardiako... [+]


Pablo Gonzalez
Inongo frogarik erakutsi barik, bi urte espetxean Polonian

Otsailaren 28an bi urte bete dira Pablo Gonzalez kazetaria Polonian atxilotu zutela. Errusiako espioia izatea leporatu zioten hango zerbitzu sekretuek, baina oraindik ez dute horren froga edo zantzu ñimiñoena erakutsi.


2024-02-01 | Gedar
Black Marfil abeslariaren kontrako zigorra berretsi dute: bi urte eta hilabete bat

Iruñeko abeslaria bere abestietako letrengatik kartzelaratuko dute, besteak beste, udaltzainen kontrako "gorrotoa eta indarkeria" sustatzea leporatuta.


2023-10-30 | ARGIA
Valtònyc rap kantaria Mallorcara itzuli da bost urtez erbestean egon ondoren

Josep Miquel Arenas Beltrán ‘Valtònyc’ rap kantari mallorcarrari hiru urte eta sei hilabeteko kartzela-zigorra ezarri zion Espainiako Auzitegi Gorenak bere kantuetan “terrorismoa goratzea” eta Espainiako koroari “irain egitea”... [+]


2023-07-17 | Ilargi Manzanares
Sutan dagoen Ertzaintzaren furgonetaren argazkia "iraingarria" dela dio Jaurlaritzak

Donostiako Groseko jaietan larunbatean antolatu zen grafiti erakusketan sutan zegoen Ertzaintzaren furgonetaren irudia erakutsi zuten, eta Ertzaintza azaldu zen kentzera. Segurtasun sailburu Josu Erkorekak “gorroto eta indarkeria bultzatzen duen irudia” dela adierazi... [+]


Eguneraketa berriak daude