Nafarroa Beherean izan zen ikuskizuna, baina Abogados Cristianos elkarte espainiar ultraeskuindarrak lortu du prozesu judiziala abiatzea Bilbon.
Ostiral eguerdian Bilboko epaitegietan deklaratu behar izan du Ane Lindane umoregileak EHZ jaialdian egindako ikuskizunagatik. El Yunque talde ultraeskuindarrari lotutako Abogados Cristianos elkarteak jarri du salaketa eta eskarnio delitua leporatu dio. Gehienez 12 hilabeteko espetxe zigorra ekar diezaioke akusazioak.
Lindanek adierazi duenez, epaitu nahi duten ekintza Arberatzen-Zilhekoan (Nafarroa Beherea) izan zen, eta ezin izan dute salatu, Frantziako Estatuan blasfemia delitua ez baita existitzen. Gauzak horrela, Espainiako Estatuan bere ikuskizunaren zati batzuk sare sozialetan zabaldu izana leporatu diote.
Eraso faxista, adierazpen eta sormen askatasunaren kontra
Ane Lindaneren ustez, ezinbestekoa da politikoki kokatzea bere kontrako epaiketa: "Prozesu hau ez da Ane Lindane umoregilearen aurkako salaketa, baizik eta talde faxista baten estrategia gu izutzeko. Adierazpen eta sormen askatasunaren kontrako eraso faxista da, eta hori argi izan behar dugu". Stand up komedian aritzen den emakumezkoak azaldu du ez zela bere asmoa ezer berezirik egitea ostiralean, baina Abogados Cristianosek haren deklarazioa baliatu duenez, "iskanbila eta zirkua" luzatzeko, berak ere elkarretaratzea antolatu du erantzuteko.
Deklarazioa
Epaitegian egindako adierazpenei dagokienez, umoregileak soilik erantzun ditu bere abokatuaren eta epailearen galderak eta ez Abogados Cristianosenak. Lindanek ukatu egin du bideo horiek Espainiako Estatuan zabaldu izana, Senperen zegoenean egin baitzuen. Horrez gain, epaileari azaldu dio elizak leku publikoak direla Frantziako Estatuan eta, EHZko ekintza guztien antzera, bere ikuskizuna han egiteko baimena zuela. Halaber, argitu du ultraeskuindarrek salatu duten pasartea 1973ko The exorcist filmaren eszena baten errekreazioa zela. Lindanek espero du epaiketak ez egitea aurrera deklarazioaren ondoren.