Kazetari baten lana indarrez eragotzi eta herritar bat kolpatu zuen udaltzaina ez du zigortu Gasteizko Udalak

  • Urtarrilaren 30eko greba egunean Gasteizen udaltzain bat Hala Bediko kazetari bati oldartu zitzaion eta herritar bat kolpatu zuen inongo arrazoirik gabe. ARGIAk bideoz jaso zuen gertaera. Udalak ikerketa abiatu zuen, eta ez du “inongo” jarrera desegokirik atzeman.


2020ko martxoaren 02an - 14:40
Udaltzaina, Hala Bediko kazetaria hormaren aurka atxikia duela eta hari kendutako argazki kamera eskuan. Argazkia: ARGIA.

Otsailaren 12an Segurtasunaren eta Udal Administrazioaren ohiko Batzordea egin zen Gasteizko udaletxean (bideo-akta iragan astearen amaieran egin zen publiko. Gertaeren inguruko eztabaida, 17. minututik aurrera). EH Bilduko udal-taldeak zenbait galdera zuzendu zizkion bertan Segurtasun zinegotzi Marian Gutiérrezi, U30eko greban Udaltzaingoak izan zuen jarreraz oro har eta udaltzain baten jardueraz zehazki. EAJk eta PSEk gobernatzen dute elkarrekin Gasteizen, eta Gutiérrez PSEko kidea da. Galderak egin aurretik gertaera jasotzen duten bi bideo erreproduzitu zituzten aretoan. Bata ARGIAk zabaldutakoa da, bestea ez da publiko egin hain zuzen ere udaltzaingoak hori ez egiteko mehatxua egin zuelako.

 

 

Aurpegia estalita daraman udaltzain batek Hala Bediko kazetari bati lepotik heldu, bultzatu eta kamera kentzen dio, bideoan ikusten denez. Ondoren, hormaren aurka atxikia duen gazte bati arrazoirik gabe borra kolpe bat ematen dio udaltzain berberak. EH Bilduko Lopez de Aberasturiren esanetan, bigarren bideoan entzuten da poliziak argazki kameraren faktura eskatu eta mehatxu egiten diola kazetariari: “Sabemos quien eres” (badakigu nor zaren). Hainbat galdera zuzendu zizkion Lopez de Aberasturik Gutiérrez Segurtasun zinegotziari. Besteak beste, ea grebaren egunean Udaltzaingoak kazetarien lana oztopatzeko agindua ote zuen –Gasteizberri hedabideko kazetari batek ere salatu zuen Udaltzaingoaren jazarpena grebaren ostean–, eta ea aipatutako udaltzainaren “gehiegikeriak” ikertzen ari den Segurtasun saila, edo egiteko asmorik duen.

Segurtasun sailak udaltzaina ikertu eta errugabetu du

Gutiérrezek suminduta erantzun zuen. Balizko jarrera desegoki baten berri izaten den kasu “guztietan” ikerketa abiatzen dela ziurtatu zuen, eta egiaztatzekotan dagokion espedientea irekitzen zaiola udaltzainari: “Nola ez ba!”. ARGIAren bideoa aurretik ikusia duela eta sailak udaltzain zehatz horren jarduera ikertu duela jakinarazi zuen ere Gutiérrezek, eta ikerketa itxita dagoela: “Negatiboa. Ez da egon haren lanarekin bat ez datorren jarrerarik”.

Udaltzaingoak kazetarien lana oztopatzeko aginduak ote zituen galdetze hutsa “errespetu falta” iruditzen zaio Gutiérrezi. Haren irudiko, kazetarien lanarekiko errespetua “erabatekoa” da. Alta, “horrek ez du esan nahi nolabaiteko tentsioa dagoen egoera batean edozer gauza egin dezaketenik”. Atxikia izan aurretik Hala Bediko kazetariak hiru ohartarazpen jaso zituela ziurtatu zuen, poliziaren segurtasun-kordoia gainditzeagatik. Bideoan, ordea, udaltzainek segurtasun-kordoia horren ondoren ezartzen dutela ikusi eta entzuten da. Kazetariak ARGIAri adierazi dio gezurra dela segurtasun-kordoirik ezarrita zegoenik, eta ez ziotela aurrez inongo ohartarazpenik egin.

EH Bilduko Lopez de Aberasturik “eskandalagarria” eta “lotsagarria” iritzi zion Gutiérrezen erantzunari. Bereziki, irudiak ikusiak izanik ikerketa abiatu eta poliziaren aurkako neurririk hartu ez izanari. Segurtasun lerroa beranduago ezarri zela eta hortaz gezurretan ari zela aurpegiratu zion, eta bere jarrerarekin poliziak kazetariari egindako mehatxuak “ontzat” hartzen dituela. Gainontzeko alderdi politikoek ez zuten hitza hartu eztabaidan.

Kazetariari oldartu, bere segurtasuna bermatzeko

Poliziak kazetariari egindako mehatxuaren harira, Gutiérrezek erantzun zuen poliziek ere jasan zituztela mehatxuak manifestarien partetik. Ez zirela "karitatearen ahizpatxoak" bezala portatu. Bestetik, kazetariaren ustezko aurkako neurriak egiazki bere babeserakoak zirela argudiatu zuen. “Segurtasun-kordoia gainditzeak bere segurtasun propioa arriskuan jarri zezakeen”, Gutiérrezen esanetan, eta poliziaren lana pertsona guztien segurtasuna bermatzea izanik, zeregin hori betez atxiki zuten.

Udaltzaingoaren defentsa irmoa eginez amaitu zuen bere mintzaldia segurtasun zinegotziak: “Udaltzaingoak hobetzeko tartea du alderdi askotan, baina ezin da zalantzan jarri benetako profesionalak direla”


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Adierazpen askatasuna
Fermin Muguruzaren bisita batengatik “terrorismoa goratzea” leporatu diote Valentziako institutu bati

Talde kontserbadore batek salatu du institutua, Muguruza hitzaldi bat ematera gonbidatzeagatik. Bellreguardeko Udaleko zinegotzi ohi batek esan du ez zela hitzaldirik egon. Institutuko zuzendaritza taldeak hilaren 26an deklaratu beharko du guardiako... [+]


Pablo Gonzalez
Inongo frogarik erakutsi barik, bi urte espetxean Polonian

Otsailaren 28an bi urte bete dira Pablo Gonzalez kazetaria Polonian atxilotu zutela. Errusiako espioia izatea leporatu zioten hango zerbitzu sekretuek, baina oraindik ez dute horren froga edo zantzu ñimiñoena erakutsi.


2024-02-01 | Gedar
Black Marfil abeslariaren kontrako zigorra berretsi dute: bi urte eta hilabete bat

Iruñeko abeslaria bere abestietako letrengatik kartzelaratuko dute, besteak beste, udaltzainen kontrako "gorrotoa eta indarkeria" sustatzea leporatuta.


2023-10-30 | ARGIA
Valtònyc rap kantaria Mallorcara itzuli da bost urtez erbestean egon ondoren

Josep Miquel Arenas Beltrán ‘Valtònyc’ rap kantari mallorcarrari hiru urte eta sei hilabeteko kartzela-zigorra ezarri zion Espainiako Auzitegi Gorenak bere kantuetan “terrorismoa goratzea” eta Espainiako koroari “irain egitea”... [+]


2023-07-17 | Ilargi Manzanares
Sutan dagoen Ertzaintzaren furgonetaren argazkia "iraingarria" dela dio Jaurlaritzak

Donostiako Groseko jaietan larunbatean antolatu zen grafiti erakusketan sutan zegoen Ertzaintzaren furgonetaren irudia erakutsi zuten, eta Ertzaintza azaldu zen kentzera. Segurtasun sailburu Josu Erkorekak “gorroto eta indarkeria bultzatzen duen irudia” dela adierazi... [+]


Eguneraketa berriak daude