Gasteizko Gaztetxeak salatu duenez, joan den larunbat gauean, Gasteizko Alde Zaharreko Rafa Plazan, “polizia hainbat gazteren aurka oldartu zen”.
Esan dutenez, larunbat gauean gazte talde ezberdinak ziren plazan, sakabanaturik. Batzuk edaten, beste batzuk ez, baina giro lasaia zegoen. Ordu biak aldera, istiluen aurkako dozena bat ertzain isilean hurbildu, hango sarrera guztiak itxi eta bertakoen aurka oldartu ziren.
“Poliziak gau hartan izandako jarrerak neurriz kanpokoak, ilegalak eta arbuiagarriak izan ziren”. Azaldu dutenez, “guztiak lurrean esertzera behartu zituzten eta ondoren isuna jarri zieten, ezer ilegalik egiten ez zeudenei barne”. “Bati mugikorra apurtu zioten eta jende ugari jotzearekin mehatxatu zuten, oihuka eta haien atzetik korrika. Hara hurbildu edota grabatzen ari zirenak ere oihuka, bultzaka eta mehatxuka bota zituzten”.
Maiatzaren 9tik aurrera alarma egoeratik irtetea eta etxeratze agindua bertan behera geratzea onartu du Espainiako Gobernuak, honen barnean Eusko Jaurlaritzak. Hala ere, Gaztetxeko kideek, beraien askatasunei dagokienez, egoera asko ez dela aldatu salatu dute, izan ere “orduz kanpo kalean dagoenak ez du lasaitasunik aurkituko, larunbatekoa adibide argia dugu”. Bestetik, “poliziaren areagotzeak, haien oldarkeria eta inpunitate gorakorrek erakusten digute egoera gelditzeko datorrela” ziurtatzen dute.