G7

G7ak kaltetu zituen negozioentzako diru laguntzak bideratzen hasi da Macronen gobernua

  • Gailur aurretik iragarri zituen laguntzak gobernuak, merkatariek negozioak ez ixtea sustatu asmoz. Premiazko prozedura abiatu du Frantziako Gobernuak “ fakturazioari dagozkion zailtasun handi eta denbora batekoak” dituzten negozioentzat.


2019ko irailaren 3an - 09:52
Biarritzeko denda baten erakusleihoko azalpen oharra. Argazkia: Berria.
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Naiz-ek argitaratu duenez, ostegunean Frantziako Gobernuko ordezkariak Ipar Euskal Herriko hainbat eragilerekin bildu ziren. Horren ondoren, Ekonomia eta Finantza Ministerioko Estatu idazkari Agnes Pannier-Runacher-ek eman ditu ezagutzera diru laguntzak. Bezero faltagatik G7aren gailurrak enpresei ekarri dizkien kalte ekonomikoei erantzun nahi die estatuko administrazioak horrela. Gobernuaren hitzetan, baita kontragailurraren ondorioz izandako diru galerei ere.

Ostegunera arteko epea dute negozioek haien eskaerak aurkezteko. Lehendabiziko diru laguntza hauek “zailtasun handi eta denbora batekoak dauzkaten enpresei” zuzenduak daude. Aurrerago, gainontzeko enpresek eskatu ahal izango dituzte diru laguntzak.

“Zabaldu, zabaldu, zabaldu!”

Udan zehar, Lapurdiko kostaldeko enpresa ugarik gailurra burutu bitartean negozioak ixteko asmoa adierazi zuten. Bereziki Biarritzekoek, baina baita Hendaia, Urruña edo Baionakoek ere. Macronen gobernuak iragarritako militarizazioa eta mugitzeko debekuak zirela eta, bezerorik ez zutela izango aurreikusten zuten. Normaltasuna irudikatu eta kritikak indargabetu nahian, Frantziako Gobernuak eta Lapurdiko hainbat elkartek eta arduradun politikok komertzioak irekitzea sustatu zuten. Galerarik izatekotan diru laguntzak agindu zituen gobernuak irekiak mantentzen ziren negozioentzako. Komertzioen elkarte eta alkate batzuek, dei zuzena egin zieten merkatariei negozioak itxi ez zitzaten. Biarritzeko auzapez Michel Veunac nabarmendu da lan horietan. "Zabaldu, zabaldu, zabaldu!" errepikatu zuen gailurraren aurreko astean Eitb-ren kameren aurrean, herriko merkatariei zuzenduz.

Gailurraren egunetan, merkatarien iragarpenik okerrenak bete ziren. Enpresa askok haien negozioak itxi zituzten, eta urtez urte abuztuan jendez lepo egoten diren hiri, herri, hondartza eta kale asko hutsik edo erdi hutsik egon ziren.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: G7
Eguneraketa berriak daude
Kalean da Larrun #312 zenbakia
El Salvador-eko egoerari buruzko aldizkari monografikoa
Maria Ortegaren eskutik, El Salvador herrialdean bizi duten egoera konplexuan sakontzeko aukera izango dugu.