ARGIA.eus

Bultza kazetaritza independentea

Frantziako Senatuak erretreten erreforma onartu du protesta artean, eta eztabaida espero da Asanblea Nazionalean

  • Mobilizazio eta greba egun jendetsuak piztu dira azken egunetan erretreten erreformaren aurka. Baionan 7.300 lagun bildu ziren martxoaren 11n, baina gau horretan bertan onartu zuten testua Senatuan, aldeko 195 eta kontrako 112 botorekin.

Martxoaren 15ean enegarren greba eta protesta egunera deitu dute sindikatuek, egun horretan adostuko baitu behin betiko testua batzorde misto batek. Argazkia: EFE.

2023ko martxoaren 13a - 11:10
Azken eguneraketa:14:06

Martxoaren 15ean behin betiko testua adostuko du senatarien eta diputatuen batzorde misto batek, eta hurrengo egunetik abiatuko dira Senatuko eta Asanblea Nazionaleko bozketak; eztabaida handia espero da, martxoaren 26ra arte luzatu litekeena. Gogorarazi behar da gobernuak konstituzioko 49.3 artikulua erabiltzeko aukera duela, alegia, bozketarik gabe erreformari argi berdea emateko aukera, baina jakinarazi dutenez ez da euren asmoa horra iristea; gehiengoa eskuratu nahi dute. Halere, pare bat botoko tarte estuagatik erabaki liteke erreforma onartzen den edo ez.

Asteazkenean bertan enegarren greba eta protesta egunera deitu dute sindikatuek, eta orain arte bezala mobilizazio jendetsuak espero dira. Martxoaren 7an greba orokorra egin zuten, eta sektore batzuetan –birfindegiak, elektrizitate eta gas sektoreak, zabor biltzaileak, zamaketariak eta beira eta zeramikagileak– greba mugagabera deitu zuen CGT sindikatuen elkarteak, “erretreten erreforma baztertu arte”. Sindikatuaren esanetan, larunbatean milioi bat lagun batu ziren protestara, Poliziaren esanetan, ordea, 368.000 izan ziren.

Erreformaren gakoak

Emmanuel Macron presidentearen agintaldiko erreformarik garrantzitsuenetakoa da pentsioena. Herritarren haserrea piztu duten aldaketak hauek dira, besteak beste: erretiro adina 62 urtetik 64ra luzatuko dute progresiboki 2030era bitartean, eta kotizazioa 42 urtera igo; egun erretirorako erregimen berezia duten 42 sektoreetako –postariak, metro gidariak eta senatariak, esaterako– ia denak erregimen orokorrera igaroko dira, eta gainerako lanbideetako erretiro baldintzak izango dituzte.

Sindikatuen esanetan, “gehien galduko dutenak” emakumeak izango dira, hala nola zaintzara bideratzen dutelako euren lan bizitzaren zati bat; gobernuak adierazi du dirulaguntzen bidez orekatu nahi dutela desparekotasun hori. Gainera, Macronek baieztatu du gutxieneko pentsioak 1.200 eurokoak izango direla, baina praktikan zaila dago hala izatea, zergak handiagoak izango baitira. Halaber, kopuru hori aurreikusten da bizi osoan gutxieneko soldata jaso duten langileentzat soilik.

LAB sindikatuak ere gogor jo du erreformaren aurka: “Interes kapitalistei bakarrik erantzuten dien gobernu liberal baten hautu politikoa da”. Ohartarazi dute legea abiatzeko gobernuak emandako arrazoiak “engainagarriak” direla. Besteak beste, neurri hauek eskatu dituzte: 37,5 urteko kotizazioa 60 urteko erretretarako, Patronalaren opari fiskalak amaitzea, soldatak emendatzea, eta bertako negoziazio eremuak ezartzea.


Pentsioak kanaletik interesatuko zaizu...
Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren lege berria indarrean sartu da kritika artean

Teorian pobreak egoera horretatik ateratzea helburu duen Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentan aldaketak adostu dituzte EAJ, PSE eta Elkarrekin Podemos-IUk, eta indarrean sartu da lege berria. Jende asko kanpoan uzten duela, pobrezia egoeratik ateratzeko ez duela balio eta txiroak... [+]


Analisia
Toledoko itunari kateatuak

Egin zitekeen erreformarik hoberena da. Baliteke bai. Horrek ez du erreforma on batean bihurtzen ordea. Neurriei begira jarrita, ez du balio aurreko pentsio erreformekin kendu digutena berreskuratzeko, ezta gutxiago ere. Hego Euskal Herrian ez da posible izango jubilatzea 67... [+]


ANALISIA
Macronek erreforma pasa arren, herritarrak ez dira amore ematekotan

23.000 lagun batu dira Baionan sindikatuen arabera, eta orokorki, manifestazio guzietan batu da jendetza esanguratsua –Parisen 800.000 dira une honetan, CGTren arabera–. Tonua gogortuz doa manifestarien partetik eta blokeoak eta barrikadak biderkatuz doaz azken... [+]


Baionako protestaren ondotik, lau manifestari atxilotu ditu Frantziako poliziak

Pirineo Atalntikoetako prefekturak jakitera eman du lau manifestari atxilotu dituela Frantziako Poliziak. Elkarretaratzera deitzen du Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak, 18:30ean Baionako komisaldegiaren aitzinean.


Eguneraketa berriak daude