Frackinga eragozten duen legea onartu du Eusko Legebiltzarrak

  • Gasteizko Legebiltzarrak onartu egin du hidrokarburo ez-konbentzionalak erauzteko prozesuan eta haustura hidraulikoan ingurumena babesteko neurri osagarriei buruzko legea (ikus hemen testua osorik), EH Bildu, PSE-EE eta PPren aldeko botoekin. EAJ eta UPyD abstenitu egin dira.


2015eko ekainaren 30an - 14:05
Eusko Legebiltzarraren artxiboko irudia (Arg.: www.irekia.euskadi.net).

Izenak besterik iradokitzen badu ere, de facto EAEn haustura hidraulikoa erabiltzea eragozten du lege onartu berriak. “Frackingerako atea erabat itxi ez den arren, momentu honetan atzo existitzen ez zen babes neurri sorta badagoela esan dezakegu”, baloratu du, Legebiltzarreko bozketa amaitutakoan, Fracking Ez plataformak, 103.000 sinadura bilduz legea onartzeko prozesua abian jarri zuen taldeak.

Pozik agertu dira Fracking Ezeko ordezkariak, iazko irailean Legebiltzarrera eraman zuten lege proposamenaren eta azkenik onartu denaren artean desberdintasun nabarmenak izan arren.

Jatorrizko lege proposamenaren testuak frackingaren erabateko debekua ezartzen zuen. Espainiako Estatuko aurrekariak ikusita, ordea, segurutzat jo zitekeen halako arau batek ibilbide laburra egingo zuela; halaxe gertatu zitzaion, besteak beste, Nafarroako Parlamentuak 2013an onartutakoari.

Bai lege hura bai estatuko beste zenbait erkidegotakoak baliogabetu egin zituen Espainiako Konstituzio Auzitegiak, Madrilgo Gobernuaren helegiteak aintzat hartuta. Argudio nagusia zen erkidego batek ezin duela bere kabuz frackinga debekatu, hidrokarburoen ustiapena estatuaren eskuduntza baita.

“Beste aukera bat geneukan: gure eskumenen esparruan frackingari trabak jartzeko bideak bilatzea, Katalunian egin duten bezala”, azaldu dio ARGIAri Dani Maeztu EH Bilduko legebiltzarkideak. Gogoan izan behar da Konstituzio Auzitegiak, hasiera batean frackingaren lege kataluniarra aldi baterako indargabetu bazuen ere, indargabetze hori ezabatu zuela joan den martxoan.

EAEko legearen 3. artikulua, izan ere, Kataluniako legeak dioenaren oso antzekoa da. Horren arabera, ez da baimenduko haustura hidraulikoa erabiltzea lurzoru urbanizaezin gisa sailkatutako eremuetan, teknika horrek inguruko ezaugarri geologikoei, ingurumenari, paisaiari edo baldintza sozioekonomikoei kalte egin badiezaieke.

5. artikuluak, berriz, frackinga debekatzen du EAEko akuiferoen kutsadurarekiko zaurgarritasunaren mapan arrisku ertain, handi edo oso handikotzat jotzen diren guneetan. Artikulu horren ondorioz ezinezkoa izango da haustura hidraulikoa baliatzea Arabako ia lurralde osoan, besteak beste.

Alta, artikulatuan “debeku” hitza agertzea aitzakia izan daiteke Espainiako Gobernuak lege berriari helegitea ipintzeko. Hala bada, borroka interesgarria suertatuko da Dani Maezturen iritziz, “EAEren eskumenak egongo liratekeelako jokoan”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Frackingaren arriskua
Gas naturalaren dilema Herbehereetan: prest gaude Groningen hobia ixteko?

Energia krisiarekin Herbehereetan bidegurutze bat sortu zaie: munduko gas natural hobi handienetako bat itxi, aurreikusita zegoen bezala, edo irekita mantendu Europaren presioei men eginez? Eskueran ditugun energia iturri oparoak aprobetxatzeak nolabaiteko kalteak onartzea... [+]


2021-08-27 | Arabako Alea
Gasteizen gasa esploratzeko helegiteari eutsi dio Eusko Jaurlaritzak

Armentia-2 putzuan gasa esploratzeari uko egingo ziola ofizialki iragarri eta bost hilabetera, Eusko Jaurlaritzak ez du atzera bota Gasteizko Udalaren erabakiaren aurkako helegitea. EH Bilduk eta Eguzkik bertan behera uzteko eskatu diote.


2020-12-23 | Z. Oleaga
Armentia-2 putzuan gasa dagoen ikertzeko baimena ukatu du Gasteizko Udalak

Udal teknikariek ebatzi dute Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak (HAPO) ez duela baimentzen gasa dagoen ikertzeko zundaketarik egitea. EAEko Ekonomiaren Garapeneko, Jasangarritasuneko eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiak zabalik utzi du helegitea aurkezteko aukera.


2020ko uda hartan COVID-19a zabaldu zen, klima zoratu... eta fracking-ak porrot egin zuen

COVID-19ak eragindako anabasaren zalapartak eta klimaren aldaketak hedabideetan uzten dituen irudi beldurgarri bezain espektakularrek estalita, gutxi hitz egiten da petrolioaren krisiaz, tartean fracking-aren gainbeheraz. Bestela esanda, herritarrak ari daitezkeela eztabaidan... [+]


Eguneraketa berriak daude