Foro Sozialak eta EPPK-k bilera egin dute Granadako Albolote kartzelan

  • Ostiral goizean egiten dute bilera Agus Hernanek, Foro Sozial Iraunkorraren ordezkari gisa, eta Ainhoa Mujika Goñi eta Juan Antonio Olarra Guridi p resoek EPPKren izenean. Azken bilera 2018ko abenduaren 8an egin zuten. Orduan, bi aldeek adostuta, denbora bat ematea erabaki zuten, bi gertaera garrantzitsuren bilakaeraren zain.


2020ko urriaren 30an - 16:21
Agus Hernan Granadako Albolote espetxean. (Arg.: Foro Soziala)

Batetik, Espainiako Gobernuaren behin-behineko egoera argitu arte itxarotea (zentsura-moziotik atera berria zen). Bestetik, EPPK osatzen duten presoei espetxe-araudiaren barruan irekitako bidean sakontzeko aukera ematea, birgizarteratze ibilbidean izandako aurrerapenak, blokeoak eta atzerapenak ikuspegi jakin batekin aztertu ahal izateko. Pedro Sánchezen gobernua 2020ko urtarrilaren 8an aukeratu ondoren pandemia iritsi zen eta orain arte ez da aukerarik izan "lan-eremu hau normaltasun minimo batekin berreskuratzeko".

Diagnostiko partekatua

Bi aldeek bat egiten dute Mariano Rajoyren Gobernuaren immobilismo-fase luzea gainditutzat ematearekin; aurreko espetxe-politikari aldaketa sakona emateko beharrarekin, jarraitutasuna bermatuta; konfinamenduaren amaieratik igarotako hilabeteetan emandako urrats apalak kontuan hartzearekin; birgizarteratzeko ibilbidean agertzen ari diren oztopo berrien inguruko kezkarekin; gai honen konponbidea eman beharreko markoari dagokionez, euskal eta nafar gizartean dagoen adostasun sozial, instituzional, politiko eta sindikal zabalaren inguruan.

Bi aldeek uste dute Espainiako Gobernuaren tantakako estrategiarekin jarrai daitekeela, baina honek senideen sufrimendua mugarik gabe luzatutzen duela. EPPK-k eta Foro Sozialak uste dut bizikidetza demokratikoan urratsak eman behar direla, oraindik dauden tapoiak askatuz: urruntzea, isolamendua, graduen eboluziorako zailtasunak, preso gaixoak, 70 urtetik gorako presoak, zigorrak metatzeari buruzko Europako araudiaren aplikazioa, eta 40 urteko espetxealdiaren berrikuspena.

Foro Sozialak EPPKri helarazitako hausnarketak

Gaur egungo egoerak euskal gizarteko sektore askotan eragiten duen frustrazioa ere baieztatu du Foro Sozialak, arriskuan jartzen duena diagnostikoan aipatutako adostasun zabalak sektore askotan lortutako sinesgarritasuna.

Foro Soziala bereziki kezkatuta dago egoera hori presoen senitartekoen artean sortzen ari den bir-biktimizazioarekin, presoei aplikatutako espetxe-salbuespeneko politikaren zeharkako biktimak baitira senideak. Amaitzeko, Foro Sozialak EPPKri eskatu dio hasitako bidean jarrai dezala.

EPPK-k Foro Sozial Iraunkorrari helarazitako hausnarketak

"Presoak, oro har, gordinki pairatzen ari dira Covid 19ren pandemiaren ondorioak, eta euskal preso politikoen kasuan egoera are eta gogorragoa da, gure kolektibo ia osoa urrunduta dagoelako. EPPK-k eskertu eta txalotu egin ditu pandemiak preso eta senideengan izan dituen ondorioak arintzeko hainbat alorretan lortu diren adostasunak. Gobernuak eta espetxeen administrazioak honen aurrean emandako erantzun eskasaren aurrean, EPPK-k uste du egokia litzatekeela lortutako adostasunetan sakontzea, gobernu-organoek planteatutako aldarrikapenak gauza ditzaten".

"Irailaren 4an Igor Gonzalez Sola euskal preso politikoa hilda agertu zen Martuteneko espetxean. Espetxe barruan, salbuespenezko espetxe-politikaren ondorioz, hiltzen den hogeigarren euskal preso politikoa da. Eta hauek ez dira izan espetxe-politikaren biktima guztiak; izan ere, kartzelatik hiltzera irtendako hamahiru preso gehiago eta espetxeetarako bidean hildako hamasei senide gehitu beharko lirateke. Igorrek ez zuen kartzelan egon behar zorigaiztoko egun horretan, aske egon behar zuen zigorraren 3/4ak beteta zituelako eta administrazioak ondo zekielako gaixo zegoela”.

EPPK-k antzeko kasuetan diren presoak behar bezala artatze garaia dela aldarrikatu du eta berretsi du "espetxe politikaren diseinuan ideiak eta konpromisoak emateko prest dagoela”, ohartaraziz “dosten ez den diseinu orok” porrot egin dezakeela.

EPPK-k Foroari erakutsitako kexu zehatzak

1. Gaur egun larriki gaixo dauden hamasei presoetatik hamahiruk espetxeratuta jarraitzen dute.

2. Gaur egun zigorraren 3/4ak beteta dituzten 63 presori baldintzapeko askatasuna eskuratzeko aukera oro ukatzen zaie.

3. Pandemia-egoeran arrisku nabarmena duten 65 urtetik gorako hamazazpi presoentzat ez da inolako neurri berezirik hartu.

4. Frantziako epaileak eta fiskaltzak Jakes Esnal, Jon Kepa Parot eta Xistor Haranburukin [azken hau asteon utzi dute baldintzapeko askatasunean] izaten ari diren jarrera.

5. Espainiako Barne Arazoetako ministroaren adierazpenengatik kexu agertu da EPPK, hark esan zuelako euskal preso politikoak ez direla modu kolektiboan tratatzen, indibidualki baizik. Urruntzea, 1. graduan sailkatzea eta zigor osoa betearaztea kolektiboari jartzen zaizkion hiru neurri gogor direla zehaztu du kolektiboak.

6. Kordobako espetxeko egoera. Espetxetik atera berri direnak (Oscar Calabozo, Xabin Usandizaga eta Iñaki Alonso) edo laster aterako dena (Ibon Muñoa) azken egunera arte 1. graduan sailkatuta eduki dituzte, zigorraren 3/4-ak duela bost urte baino gehiago bete zituzten arren.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal preso politikoak
Sortuko sei kide epaituko dituzte euskal presoei "ongi etorri" ekitaldiak antolatzeagatik

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Manuel Carcía Castellón epaileak sei pertsona epaituko ditu Ongietorrien auzian: Antton López Ruiz Kubati, Kai Saez de Egilaz, Pipe San Epifanio, Haimar Altuna, Oihana Garmendia eta Oihana San Vicente. Guztiak Sortuko kideak... [+]


26 urteko espetxealdia atzean utzita aske da Iñaki Garces otxandiarra

Astelehenean jakinarazi du albistea Etxerat elkarteak. Otxandioko preso politikoa baldintzapeko askatasunean zegoen 2023ko martxoaz geroztik.


Euskal preso eta iheslari politikoen aldeko jaialdia egingo dute Ezpeletan larunbatean

Kontzertuen bidez euskal preso eta iheslariak laguntzea da xedea. Aurten, Rakatapunk, Xutik eta Esne Beltza dira egitarauan.


Eguneraketa berriak daude