Feminismoa eta euskalgintza: Bi borroken hurbilketa xumearen kontakizuna

  • Ez da gai berria, ez. Norbanako zapaldu bakoitzak, kolektibo zapaldu bakoitzak, lanak izaten ditu bere burua altxatzen. Hala ere, ohikoa da beste zapalduari nola dagoen, eta batik bat burua ateratzeko zer egiten ari den, begiratzea. Batzuetan, gorputz bakarrean pairatzen dira zapalketa mota bat baino gehiago. Galdetu emakume euskaldun lesbianari.


2016ko otsailaren 22an - 02:21
Argazkian Lorea Agirre, Eneritz Albizu (moderatzailea) eta Idurre Eskisabel ageri dira, Azpeitian 2015eko otsailaren 20an egindako hitzaldian, “Izan zaitezke feminista euskaltzale izan gabe?”. Argazkia: Uztarria.eus.

Berria ez bada ere, azken hiruzpalau urteetan feminismoa eta euskalgintza elkarri begiratzen hasi dira, keinu bakanak eta xumeak badira ere. Ondoko lerroetan, azken bost urteetan balizko aliantzak egin duen bidearen arrasto batzuk jaso ditugu.

2008ko udaberri hondarra. FeminismoPornoPunk jardunaldiak Martuteneko (Donostia) Arteleku arte zentroan. Hainbat egunez luzatu dira hitzaldiak, tailerrak eta bestelakoak. Mugimendu feministako militante andana eta LGBT mugimenduko beste hainbeste.

Giro beroa, atsegina dago, Espainiako Estatutik ere etorri da jendea. Paul B. Preciado (jaiotzez Beatriz Preciado) filosofo feminista espainiarra da jardunaldietako izarra. Hernaniko neska euskalduna eroso sentitzen da. Aurpegi ezezagun asko, mezu eta eduki berriak, baina inguruan dituen ehunka lagunekin sintonian sentitzen da.

Nortasun sexualak gora eta nortasun sexualak behera ari dira hizlariak.Eugeni Rodriguezek “Dels Drets a les llibertats. Una història política de l’alliberament GLT a Catalunya (FAGC 1986-2006)” liburua aurkeztu du. Eskubideak eta askatasunak ditu hizpide. Hernaniko neskak ezin du ikusi, baina atzerago eserita dagoen entzule batek besoa jaso eta hitza hartu du. Euskaraz hasi da, eta hernaniar euskalduna konturatu da arraroa egin zaiola euskaraz entzutea. Hain goxo sentitu den askatasun sexualaren aldarrikapen gunean ez du oraindik euskaraz ezer entzun. Gezurra. Irekiera ekitaldian aurkezleak hitzen bat euskaraz egin duela gogoratu da, eta Paul B. Preciado protagonistak “eskerrik asko” esan du, nahiz eta trabatu egin den esaterakoan. Atzeko besaulkikoa euskaraz hasi da, baina laster da marmarra: “zergatik ez duzu gaztelaniaz egiten denok ulertzeko moduan”. Urduri jartzen hasi da hernaniarra. Atzekoa euskaraz ari da, eta gainera, euskal hiztunen eskubideak aldarrikatzen ari da. Han ez dela euskararik zaindu, beraz euskal hiztunik ere ez. Eskubideen eta askatasunen aldarrikatzaile adoretsuen topaketetan, Donostian, euskal hiztunez akordatu ere ez. Marmarrean ari direnek ez dute ezer ulertu, edo ez dute ulertu nahi izan, nahiz eta haien hizkuntzan ere azalpenak eman dituen atzekoak.

Zurrumurruak han eta hemen, denak liburu aurkezpena “eten” duen mutilari begira. Baina txinparta laster itzali da eta jardunaldiek aurrera jarraitu dute, gaztelaniaz eta ingelesez. Tripako minez geratu da hernaniarra. Makal ibili da, atzeko aulkiko mutilaren gogoeta behar izan du konturatzeko giro hura ez duela hain eroso. Bera jabetu baita aurkezpenean euskarak hutsaren hurrengo tokia izan duela, hitzaldi bat bera ere ez dela euskaraz izan, eta konturatu da Preciadok “eskerrik asko” esaterakoan kale egin duela. Alabaina, sexu nortasun, gorputz, eta harreman aniztasunaren gorazarre festan ez da konturatu bere barruak krak egin duela, ustezko giro goxoan, zeharo arrotz sentitu dela.

Pozik doa etxera, zaplaztekoa jaso du, barruko feminista eta euskaltzalea elkarrengana hurbildu direla nabari du.

Triste doa etxera, FeminismoPornoPunk jardunaldietako batzuk ezertaz ez direlako jabetu, edo ez dutelako ohartu nahi izan.

“Empowerment” ospetsua Topaguneko jardunaldietan

2010eko otsaila, Durangon. Topaguneak urte eta erdiko hausnarketa abiatu zuen jardunaldi haietan. Imanol Miner Errenteriako Lau Haizetara euskara elkarteko kidea hizlari, euskara elkarteek 25 urte egin zituztela esanez eta orain non gauden galdezka. Mugimendu feminista eta LGBT mugimendua oinarritzat hartuta egin zuen hitzaldia. XXI. mendeko euskaldunok XX. mende hasierako emakumeen egoera bertsua bizi dugula zioen. Azpimarratu zuen euskara elkarteetan herria eta euskara moduko abstrakzioak erdigune izan direla, eta ez hiztuna. “Hiztuna euskara elkarteen jardueraren erdigunera ekarri behar da. Ingelesezko ‘empowerment’ kontzeptuaren haritik, hiztuna begirada berriz jantzi behar da, osatzeko, askatzeko, autodeterminatu, ahaldundu edo jabetzeko”. Eta bukatzeko hala zioen: “Euskara elkarteen jardunerako eredu izan daitezke mugimendu feminista eta lesbiana, gay, bisexual eta transexualen LGBT mugimendua. Esate baterako, mugimendu feministari esker ikasi dugu jabetzea=empowerment kontzeptua eta erabat baliagarria zaigu hizkuntzaren eremuan”. Urteak ez dira alferrik igaro, 2015eko 19. Korrikan euskahaldun kontzeptua izan zen ardatza.

Feminista izan eta galegoa ez defendatzea inkoherentea da

2010eko uztaila. Hilaren erdialdera galego teknikarientzako udako ikastaroak antolatu ditu hizkuntza normalizaziorako langileen koordinakundeak. Ekologistak, feministak eta sindikalistak izango dira hizlari, besteak beste. Jardunaldien izenburua hauxe: “Justizia soziala eta normalizazio linguistikoa”. Nel Vidal Barral koordinakundeko presidentea da eta gizarte mugimendu horiek elkarri eman diezaioketenez galdetu dio Argia astekariak (2.329zbk., 2012-07-01). Vidalen ustez, diskurtsoan, justizia soziala kontzeptua hizkuntzarekin lotu behar da, baina harago joan behar da, lortu behar da jendarteari helaraztea justizia sozialaren esanahi orokorra. M15 arte Galizian ekologistek, sindikalistek, feministek… galegoa erabiltzen zuten aldarrikapen hizkuntza moduan, inoiz ez gaztelania. Hala ere, egunerokoan horietako askok ez zuten eguneroko hizkuntza galegoa. Bitxia, aldarrikatzeko bai, egunerokorako ez. Aztertzekoa.

Nola egin dira zubiak feministen, sindikalisten, sexu askapenerako militanteen eta hizkuntzaren aldeko mugimenduen artean? Galizia herri txikia dela esaten hasiko da Vidal, eta mugimenduak ez direla zirrikiturik gabeko tokiak, ezta gutxiagorik ere: “Hizkuntzaren defentsan lan egiten dugunak gu modukoez inguratuta gaude, baina ekologismoan dabilena eta hizkuntzarekiko kontzientzia duena, ez da derrigor sentsibilitate linguistikoa duen jendeaz inguratuta egongo. Guri asko interesatzen zaigu tankera horretako jendearengana hurbiltzea, haien bizipenak ezagutzea; sentsibilitatea baitu ekologiarekiko eta hizkuntzarekiko. Pertsona horren bidez irits gaitezke hizkuntza kontzientziarik ez duten taldeko kideengana”.

Justizia sozialaz orokorrean aritu nahi bada, ez da koherentea ekologista izan eta hizkuntzaren alde egiteari iskin egiten diona, edo ez da koherentea galegoaren aldeko mugimenduan buru-belarri aritu eta feminista ez dena. Vidalek berak egingo du galdera: “Izan al zaitezke feminista eta galegoa ez defendatu? Noski hala egin daitekeela, baina ez da koherentea. Galegoaren alde egin dezakezu eta aldi berean ekologista ez izan? Hori ere inkoherentea izango litzateke. Urrunago joanda (eta ez dakit muga non dagoen), Galizian izan al zaitezke feminista gaztelaniaz biziz?”.

Euskal Herrian Euskaraz: Hizkuntza Eskubideen Egunetik Euskaraz Bizi Egunera

2012ko martxoak 4. Argia astekarian (2.313 zbk.) Euskal Herrian Euskarazeko kide Unai Larreategiri elkarrizketa. Martxoaren 17an Euskaraz Bizi Eguna egitekoak ziren. Hizkuntza Eskubideen Eguna Euskaraz Bizi Eguna bihurtu zuten, herri mugimendua bide berriak urratzen hasia zen, salatzeari eta aldarrikatzeari uko egin gabe, norberak egunerokoan euskaraz bizitzeko egin dezakeenaz hausnartzen ari ziren. Imanol Minerrek 2010ean Topagunearen jardunaldietan garatutako diskurtsoari begira lanean hasia zen EHE. Garai batean, hizkuntza eskubideak aldarrikatzea, defendatzea, zen EHErentzat ardatza. Ordea, konturatzen hasiak ziren defentsarako, salaketarako, borrokarako diskurtsoa, edukiak eta tresnak zituzten bezala, jendearen hizkuntza ohituretan eragiteko garaian hutsuneak zeudela. Mugimendu feministaren eta LGBT mugimenduaren kontzeptuak ahotan zituzten 2012an, elkarrizketako pasarte honetan nabari den moduan: “Interesgarria da besteek ere ulertzea zergatik egiten dugun planteamendu hori, askok ez du imajinatzen menpeko egoeran gaudela, egunerokoan zein ezinegon sortzen zaizkigun. Euskaldun euskaltzalea ez bada jabetzen nola asimilatzen gaituzten, jende hori [erdaldunak] are gutxiago. Beharbada ez dugu lortuko haiek euskaraz bizitzea, baina txip aldaketa eragin diezaiekegu. Ez goaz inoren aurka, gurearen alde egingo dugu, harrotasunez, autodeterminazioz, burujabetzaz, jokabide sumisoak gaindituz... hitz egokia zehazten ere joan beharko dugu”.

Albokoari begiratzeko nagi

2012ko martxoa. Udaltop, Udaletako Euskara Zerbitzuen teknikarien arteko topaketak Lasarte-Orian (Gipuzkoa). Urte hartako izenburua hauxe: “Nolakoa da gure (udalaren) hizkuntza-politika? Begiratu, mesedez, euskara sailetik kanpo”. Berrikuntza nagusia, Mari Luz Esteban hizlari zela. Medikua, antropologoa eta feminista bera, euskarari lotutako jardunaldi batzuetan halako perfileko pertsona ez ohikoa inondik ere. Hara hurbildutako batek baino gehiagok esan zuen lehenengo aldia zela mugimendu feministako partaide bat halako topaketa batean ikusten zuela. Mugimendu eta teoria feministez azalpenak emateko eskatu zitzaion, euskalgintzarako baliogarriak izan zitezkeelakoan. Estebanek aitortu zuen bi mugimenduak ez zituela elkarrengandik ikasten ezagutu eta ez zirela horretan ari: “Euskal kulturgintzaz ari garenean ez ditugu aintzat hartzen ez mugimenduaren ezta teoria feministaren nondik norakoak (ezta beste gizarte mugimenduenak ere). Eta alderantziz, feminismoan murgildurik gaudenean ez diogu erreparatzen euskalgintzan hausnartzen edo teorizatzen denari. Zerikusirik izango ez balute edo testuinguru sozial eta kultural bereko fenomenoak izango ez balira bezala, nor bere eremu teoriko edo enpirikoan finkaturik. Kanpoko eta nazioarteko adituak irakurri ohi ditugu, bai, baina gure inguru hurbilean dagoen baina gure alorrekoa ez den gogoetari muzin egiten diogu, gehienetan behintzat, ziur hor ez dugula probetxuzko ezer topatuko. Zergatik? Jokabide horrek, nire ustez, teoria eta praxi politikoan edo kulturalean aurrera egiteko aukerak murrizten dizkigu”.

Besteren artean ondoko elementuak jarri zituen mahai gainean. Entzuleak adi, alderaketak egiten hasteko prest:

–    Emakumeak gizonarekiko lege berdintasuna lortu du; hala ere, legeak mugak ditu, erreparatu bestela Irun eta Hondarribiko alardeetan gertatutakoei.

–    Jabekuntza kontzeptua. Hego Euskal Herrian, 2003an hasi ziren lehenengo jabekuntza eskolak. Helburua zen emakumeek desberdintasun egoeraz kontzientzia hartzea eta parte-hartze politikoa bultzatzea. Urratutako eskubideak aldarrikatzea ondo zegoen, baina zer egiten du norbanakoak, eta zer kolektiboak, eguneroko bizitzan?

–    Biktima eta agentea. Emakumea biktimatzat hartzeak bi gauza dakartza; ekintzarako ahalmena kentzen zaio eta laguntza kanpotik helduko dela aurreikusten da. Asko ala gutxi, beti du boterea norbanakoak eta ekintzarako ahalmen hori baliatu behar da.

–    Gorputzez gorputz. Bizitzaren haragitasuna begiratzea proposatzen du Estebanek. Diskurtsoari eta teoriari asko begiratu diegu eta gutxi gorputzari. Ariketa politikoa, ariketa fisiko eta emozional bihurtu behar da. Norbanakoa beste era batera ikusteko modua da. Galdera da: zer egiten dugu gorputzekin?

Euskara Saila 3. mailan, Berdintasun Saila 17.ean

2012ko Udaltopeko esperientzia ez zen hain gaizki aterako. Orduan Mari Luz Esteban gonbidatu bazuten, 2013koan Maite Barreña izan zen hizlari. Arrasateko Udaleko berdintasun teknikariak udaleko langile moduan eta militante feminista gisa zeuzkan bizipenak kontatu zituen. Garrantzi handia eman zion Udalean Berdintasun Saileko langile izateaz gain, militante feminista izateari eta Udalaren eta herriko mugimendu feministaren eta emakume taldeen arteko harremanak nola josten zituzten kontatu zuen.

Barreñaren bizipenek balio ote zieten Udaltopeko entzuleei? Barreñak adierazi zuenez, euskara eta berdintasun teknikariak “mosketero” bakarrak dira udalean, sarri sail bazterrekoak. Entzule batek baino gehiagok arrazoia eman zion. Barreñak, konparazioak egiten hasita, aitortu zuen udalean euskara kontuak hirugarren mailan egon daitezkeela, eta feminismoa berriz, 17.ean.

Izan zaitezke feminista euskaltzale izan gabe?

2014ko urria. Arrasaten euskalgintzako eta mugimendu feministako taldeek bat egitea erabaki zuten eta “Izan zaitezke feminista euskaltzale izan gabe?” izenburu iradokitzailea lagun mahai-inguru mardula antolatu zuten. Antolatzaileak ondokoak ziren: Arrasateko Emakume Txokoa, AED (Arrasate Euskaldun Dezagun) Emun, Ekin Emakumeak eta Goiena. Mahaikideak ondokoak: Idurre Eskisabel, Lorea Agirre eta Ainhoa Beola.

Nel Vidal Barral Galiziako hizkuntza normalizaziorako teknikarien koordinakundeko presidenteari egindako elkarrizketa datorkigu gogora. Feminista izan eta galegoa ez defendatzea inkoherentea da Vidalen ustez. Ildo beretik jo zuten Arrasaten mahaikideek. Eskisabelek Angela Davis ekarri zuen gogora. Haren iritziz, Davis gutxienez euskaltzalea da. Feminismoari egin dion ekarpen handienetakoa sexu/genero zapalkuntzaz gaindi, arrazaren eta klasearen zapalkuntza lantzea izan da, eta ez kasualitatez, bera Amerikako estatubatuarra, emakumea eta beltza da. Gurera etorrita, arrazaren parean kultur nazio sentipenaren araberako kategorizazioa jarri zuen Eskisabelek. Bere ustez, kultur nortasunarekin gorabeherak ditugun euskaldunontzako hizkuntza bada faktore erabakigarria, eta horregatik zioen Angela Davis euskaltzalea dela.

Lorea Agirrek justizia sozialaren markoan kokatu zituen hemen ditugun borrokak, alegia, feminismoa eta euskararen normalizazioa, eta borroka batean hasi eta bestera jauzi egitea logikoa litzatekeela zioen. Gizarte kapitalistaren, patriarkalaren eta monokulturan oinarritutakoaren kontra edozein borroka ahizpak direla uste du.

Ainhoa Beolaren iritziz, biak dira oinarrizko eskubideen aldeko borrokak, eta haien artean komunikazioak egon beharko balu ere, harrigarria egiten zitzaion hala ez gertatzea, harrigarria elkarlanik ez egotea. Latinoamerikan feminismoa eta indigenismoa eskutik, Afrikan feminismoa eta ekologismoa. “Euskal Herrian bakoitza bere gotorlekuan dagoela uste dut, nahiz eta zorionez, halako egoera gainditzen hasiak garen”.

Eta mahaikideak ados feminismoa indartsu dabilela, diskurtso landua duela, eta diskurtsoa berrabiarazi beharrean den euskalgintzak baduela zer ikasia mugimendu feministatik.

Arrasatearrek antolatutako mahai-ingurua euskalgintzaren eta feminismoaren balizko aliantzen inguruko gogoetaren abiapuntua izan zen nolabait. Idurre Eskisabelek eta Lorea Agirrek bikote eraginkorra osatzen dute eta batetik eta bestetik jaso dituzte gonbidapenak hitzaldiak eskaintzeko. Arrasaten, 2015eko urrian, berriro elkartu zituen biak Emakumeen Txokoak. Ez da seinale txarra gai bera sakontzeko bigarren ekinaldia egitea eta berriz ere euskalgintzako eta mugimendu feministako hainbat kide entzule izatea.

2015eko martxoan, bikotea hirukote bilakatu zuen Berria egunkariak. Lorea Agirre, Idurre Eskisabel eta Mari Luz Esteban euskararen eta feminismoaren arteko balizko aliantzez jarri zituen hizketan. Mahai-inguruan argi adierazi zuten, beste behin, gaur gaurkoz feminismoak ekarpen gehiago egin diezazkiokeela euskararen normalizazioari alderantziz baino.

Azken urteak gehiagorako ere eman du. Zarauzko Putzuzulo gaztetxeak Lorea Agirre, Idurre Eskisabel eta artikulu hau sinatzen duena elkartu zituen gai beraz aritzeko. Txerra Rodriguez soziolinguistak bere blogean esan zigun “Gure genealogia feministak” liburua irakurtzen ari zela, eta etengabe konparaketak egiten feminismoaren eta euskalgintzaren artean. Ondoren, Argian horretaz idatzi zuen (2473. zbk 2015-09-06). Gasteizko Udalak Elhuyar Aholkularitzari laguntza eskatu zion Euskara Zerbitzuaren programetan genero ikuspegia txertatzeko, alegia, nola egin hizkuntza politika betaurreko moreak jantzita.

Azken hiruzpalau urteetan, hemen aipatutakoak baino ekimen gehiago izango ziren, ziur. Dena dela, bien arteko hurbilketak xumeak dira oraingoz, tantakakoak. Eta ezin ahaztu orriotara ekarri dugun gaia ez dela berria, Lorea Agirrek Maria Mercè Marçal poeta katalanaren eskutik ederki gogorarazten digun moduan: “Menturari hiru dohain zor dizkiot: emakume sortu izana, klase sozial apalekoa, eta herrialde eta kultura zapaldukoa, eta hiru bider errebelde izateko aukera eman izana”. (Dibisa poema, Itxaro Bordak itzulia, Susa).

Oharra: Artikulu hau Aktualitatearen Gakoak liburuan argitaratu dugu. Osorik eskura dezakezu ARGIAren sareko dendan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskalgintza
2024-12-04 | Julene Flamarique
Baionako Epaitegian euskara aldarrikatzeko ekintzagatik atxilotutako EHEko kideak askatu dituzte

Teilatura igo, eta hainbat instituziok Euskararen Nazioarteko Eguna “aurpegi zuriketarako aprobetxatu ohi dutela” salatu du bikote aktibistak. Frantziako eta Espainiako Konstituzioak “supremazistatzat eta euskaldunentzat baztertzailetzat” jo dituzte, bi... [+]


2024-11-30 | ARGIA
2025ean “larrialdi linguistikotik indarraldirako bideari ekiteko beharra” aldarrikatu du Kontseiluak

Euskalgintzaren Kontseiluak Larrialditik indarraldira adierazpena plazaratu du Euskararen Egunaren atarian. 2025a euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua “noranzko egokian jartzeko urtea” izango dela adierazi du. Bide horretan, lehen eginkizuntzat jo dute... [+]


2024-11-29 | Euskal Irratiak
Eguberriko merkatu solidario, etiko eta euskaltzale bat Baionan

Lau egunez idekia izanen den merkatu bat antolatzen du Plazara kooperatibak euskararen aldeko beste hamar bat eragilerekin –horien artean ARGIA–.


Euskalgintza apolitikoari deia

Euskararen biziraupena ez da euskaldunok politikaren partidan jokatzen dugun arazo bakarra, baina bai, euskalduntasunaren elementu bereizgarriena den neurrian, gure egoera gehien islatzen duena. Beste esparru batzuetan hainbeste ageri ez dena oso ongi erakusten du. Hasteko,... [+]


2024-11-14 | Uriola.eus
Bilboko euskaltzaleen GUKA mugimenduak euskaraz bizitzeko erronkak irudikatu ditu metroko eskailera mekanikoetan

GUKA Bilboko euskaltzaleen mugimenduak euskararen aldeko ekintza esanguratsua burutu du astearte arratsaldean Deustuko metro geltokian, Bilbon euskaraz bizitzeko oztopoak eta aukerak irudikatzeko.


2024-11-11 | Gorka Torre
“Justizia euskaraz eta euskaraz justizia”
Baionako epaileei bigarren gutuna

Agorrilaren 27an igorri nizuen gutunean, irailaren 10eko auzian euskaraz deklaratzeko asmoa nuela adierazi nizuen. Auzi honen hastapenean, epaile nagusiari euskaraz zekienez galdegin nion. Gutxiespenarekin ezetz erantzun zidan. Orduan, nere gutuna eskuratu zuenez frantsesez... [+]


2024-11-11 | ARGIA
Euskara “larrialdi linguistikoan” dagoela adierazi du Euskalgintzaren Kontseiluak

Euskara eta euskal hiztunen komunitatea larrialdi linguistikoan dagoela adierazi du Kontseiluak. Ohartarazi du “indarrean diren joera soziolinguistikoak eta egiturazko arazoak itzulikatzeko neurri egokiak epe laburrean hartu ezean”, atzeraldia datorrela. Kontseiluak... [+]


2024-11-07 | Leire Ibar
Euskaraldiaren hamaikakoa aurkeztu dute, “bati esaten zaiona hamaikak jakiten duelako”

Komunikazioa, kirola, musika edo sukaldaritza bezalako esparruetan aritzeagatik ezagunak diren Euskal Herriko txoko guztietako euskaldunekin osatu dute Euskaraldiaren enbaxadore taldea.


2024-11-06 | Leire Ibar
Hamabi hilabeteren ostean, euskararen aurkako oldarraldiak ez du etenik

Bilboko kaleak bete zituen mobilizaziotik urtebetera, auzitegiek euskararen normalizazioa eta hizkuntza eskubideak gutxiesten jarraitu dutela salatu du Euskalgintzaren Kontseiluak. Auzia gainditzeko euskararen "normalizazioa eta biziberritzea" ezinbestekoak direla... [+]


2024-10-31 | Leire Ibar
Korrikaren karbono isuria nola murriztu daitekeen ikertu dute lehenengo aldiz

Ingurumen-inpaktuaren berri izateko eta, hurrengo edizioei begira emisioak murrizteko egin du azterketa Lander Crespo klima adituak. Garraioa izan zen Korrikako azken edizioan isurketa gehienen jatorria.


2024-10-28 | Uriola.eus
Bilboko Alde Zaharreko Korrika batzordeak Udalaren 1.500 euroko isuna salatu du

Bilboko Alde Zaharreko Korrika batzordeak auzoan egin zuten ekimen bat baimenik gabe antolatzeagatik udalaren 1.500 euroko isuna salatu du. Ekintza hau arau-hauste larritzat jo zuen udalak, eta auzokideek espazio publikoaren erabilera defendatu dute.


2024-10-28 | Leire Ibar
Azken epai euskarafoboaren harira, “enplegu publikorako hizkuntza bakarra gaztelania izatea” salatu dute

ELA, LAB eta Kontseiluak elkarretaratzea egin dute, Administrazioarekiko Auzietarako epaitegi batek Kabia organismoari emandako ebazpenaren aurka protestatzeko. Euskara maila bermatzeko ahalegina “hutsaren hurrengoa” bilakatzeko arriskua dagoela salatu dute.


2024-10-25 | Leire Ibar
Euskaraldiaren edizio berria aurkeztu dute: maiatzaren 15etik 25era izango da

Aurreko edizioetako esperientziak oinarri hartuta, antolatzaileek “Euskaraldia gaindituko duen Euskaraldia” egitea proposatu dute. Iruñean, Nafarroako Antzerki Eskolan, aurkeztu dute 2025eko maiatzaren 15etik 25era egingo den Euskaraldiaren laugarren edizioa.


2024-10-17 | UEU
Manex Agirre Arriolabengoa
“Euskaldunok badugu zertaz jabetu eta zerekin ahaldundu”

"Euskaldunentzako Jabetze Eskola. Menpeko perpausa izateari uzteko langintzak" eskola antolatu da Gasteizen Izaskun Arrue Kulturguneko (IAK) programazioaren barruan eta UEUren laguntzarekin. Eskolaren dinamizatzailea da Manex Agirre Arriolabengoa (Aramaio, 1982)... [+]


2024-10-15 | Sustatu
Jabetze Eskola Gasteizen, feminismoaren adibideen ildotik, euskalgintzarako

Gasteizko Izaskun Arrue Kulturguneak (IAK) eta UEUk elkarlanean Euskaldunentzako Jabetze Eskola martxan jarriko dute, euskaldunok ahaldundu, eta ondorioz, jendartea eraldatzeko asmoz. Aurkezpen hitzaldia urriaren 30ean egingo du Garikoitz Goikoetxeak. "Hizkuntzaren... [+]


Eguneraketa berriak daude