Faxismoa, post-faxismoa eta eskuin muturra


2021eko martxoaren 10ean - 11:39
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Gauza konplikatua dago. Egoera zaila bizi dugu, eta gure kezka areagotu egiten da inguruan eskuin muturra gora ikusten dugunean. Aurreko mendeko 30. hamarkada datorkigu gogora askori. Baina, ba al du zerikusirik gaur egungo eskuin muturrak orduko faxismoarekin? Benetan al gaude orduko egoera berean?

Faxismoa leku guztietan ikusten dugun garai honetan, begiradak norabide egokian jarri zituen Enzo Traversok, Cornell Unibertsitateko historia irakaslea, “Derechas radicales y neoliberalismo autoritario” online ikastaroan, faxismo historikoaren eta egungo eskuin muturraren arteko desberdintasunak zehaztasun eta xehetasunez argituz.

Esan zigun baietz, II. Mundu Gerratik ez zela orain bizi dugun bezalako eskuin erradikalen gorakadarik ezagutu. Azken bost urteotan faxistatze dinamika global bat ematen ari dela bai Europan (Hungarian, Polonian, Austrian eta Italian boterea eskuratu du, Frantzian indar handia dauka, eta gutxira arte salbuespen ziren herrialdeetan ere azaldu dira eskuin muturreko alderdiak, Alemaniako AfD eta Espainiako Vox kasu) zein mundu mailan: Trump, Bolsonaro, Erdogan, Modi, Putinen autoritarismoa, Filipinetako kasua…

"Aurreko mendeko 30. hamarkada datorkigu gogora askori. Baina, ba al du zerikusirik gaur egungo eskuin muturrak orduko faxismoarekin? Benetan al gaude orduko egoera berean?"

Italiako historialariak argi utzi zigun zelai politikoa globalki ari dela faxistatzen. Globala dela arazoa eta orain dela hainbat urtetatik datorrela, 2008ko krisiak eraginda. Goranzko joera horretan, ordea, ez zaio iruditu pandemiak aldaketa iraultzailerik ekarri duenik. COVID-19aren krisiak salbuespen egoerarantz doan joera autoritario horretan sakondu besterik ez du egin, bere hitzetan.

Dena den, COVID-19ak ere eragin kurioso bat izan duela azpimarratu zuen: osasun krisi honetan, eskuin erradikala ez da hautagai zilegi eta fidagarritzat hartzen politikaren biraketa biopolitikoa kudeatzeko. Salviniren kasua aipatu du adibidetzat: barne saileko ministroa zela ospearen aparretan zebilen, baina pandemiak sortu zuen elkartasun olatuak eta elkarlaguntza giroak zulora bota zuen.

“Eskuin muturraren asmoa nazio-komunitatearen birsorkuntza da, homogeneotasun etniko eta arrazazkoa duen komunitate imajinario baten birsorkuntza. Baina definizio hori ez da nahikoa gaur egungo eskuin muturra faxismo klasikoarekin lotzeko. Beste ezaugarri batzuk behar ditu horretarako: indarkeriaren kultura/praktika ekintza lehenetsi gisa, antikomunismo militantea, demokraziaren suntsiketa (ezin da erregimen faxistetaz hitz egin ez badago suntsipenik; eskuin muturrak ez du demokraziarekin apurtu nahi, neoliberalismo autoritarioan eroso dabil), dimentsio utopikoa (faxismoaren etorkizunari buruzko ideia ez du gaur egungo eskuin muturrak), eta eliteekin harremana (faxismoa ez zen inoiz boterera iritsi eliteen babesik gabe).”

Halaxe biluztu zuen Traversok egungo eskuin erradikala, faxismo historikoaren ezaugarriak gogora ekarriz egungo eskuin muturraren mugak agerian utzi zituen. Muga horiek AEBetako Capitoliaren erasoarekin argitu zituen. “Faxismoa arrisku bat da, bai, mehatxu bat, baina Capitolioaren erasoa ez zen estatu kolpe bat izan. Trumpek ez du alternatibarik. Trump ez da inoiz boterera iritsiko talde supremazista batzuen lider bezala. Trumpek modu bakarra du boterera iristeko: alderdi errepublikanoaren hautagai gisa. Egia da orain 5 urte ez zirela milizia supremazista hauek existitzen, eta Trumpen agintepean sortzen joan direla. Baina, hau ez da izan indarkeriaren monopolioaren krisi bat (aurreko mendeko 20ko hamarkadan izan zen moduan), AEBetan edonork armak izateko eskubidea bermatzen duen kultura juridikoak eragindako krisia baizik. Aurreko mendean faxistak boterera iritsi eta berehala eraisten zuten demokrazia. Trumpek, ordea, lau urte boterean egin ondoren, hauteskundeak irabazi dituela esaten du soilik. Bidenek iruzurra egin duela”.

Horrek guztiak eramaten du Enzo post-faxismoaz hitz egitera. Alde batetik kronologikoki faxismoaren ondoren datorrelako, eta bestetik politikoki beste konfigurazio bat duelako; beste gauza bat dira, inork ez du faxismoaren herentzia aldarrikatzen (salbuespen batzuk kenduta). Aldaketa bat dago. “Ideologikoki eboluzio bat eman da (gaur egungo eskuin erradikaleko buruak ez dira ideologoak), eta egungo eskuin muturra ezin da antifaxismo klasikoaren lexikoarekin borrokatu”.

Faxismo klasikoaren eta egungo eskuin erradikalaren arteko aldea

Irakasle italiarrak aipatu zuen lehen desberdintasuna faxismo klasikoak dimentsio utopiko handia zuela izan zen. Liberalismo eta sozialismoaren arteko hirugarren bidea zen. Horrek gizon berriaren ideia moldeatzen zuen, estetika faxista bat; birsortze nazionala masa mugimenduaren bidez lortutako arraza birsortze gisa ulertzen zen; iruditeria kolektiboa lantzera eramaten zuen.

Oraingo eskuin erradikalak, ordea, atzerakoiak dira, ez dute utopiaren ortzi-muga. Zer bilatzen dute? Mugen zainketa, moneta nazionalaren defentsa, protekzionismoa, balore tradizionalen babesa, Europa judeokristauaren defentsa, AEB zuriaren defentsa… Berez, hauek ezkortasun kulturalaren eta beldurraren aurrean eraikitako proposamen kultural eta politikoak besterik ez dira. Ez du zerikusirik faxismoak zuen proiektu iraultzailearekin. Ez dute etorkizunaz hitz egiten. Desagertu denaz hitz egiten dute soilik, berreskuratu nahi dutenaz.

"Langile klasea konkista eremu bat da orain eskuin erradikalarentzat. Nola gertatu zaigu hori? Ezker erradikalak ez direlako gai izan eskuin muturraren sarrera hori ekiditeko"

Traversok orainkeria deitzen dio horri (presentismo esan zuen: régimen de historicidad presentista). Orainkerian bizi garela dio, eta orainkeri honetan biltzen ditugula lehenaldia eta etorkizuna ere. “Hori oztopo handia da eskuin erradikala faxismo berri bezala garatu ahal izateko”. Dena den, etorkizunera proiektatzeko ezintasun bera egotzi dio historialariak ezker erradikalari ere.

Eskuin muturra beldurrean eta kontserbadurismoan oinarritzen da. Ez du jada mundua zibilizatzeko misiorik. Ez du mundua konkistatu nahi, garai batean bezala, kontserbadorea da, bere mugetan gotortu nahi du, islamismotik, Hegoaldekoen inbasiotik babesteko… Egungo eskuin muturraren logika ez da konkista-logika bat, atzera egiteko eta erretiratzeko logika bat baizik.

Eta amaitzeko, faxismo klasikoarekin desberdintzen duen beste gauza bat da eskuin muturrak langile klasearekin duen harremana. Soldata apalenak dituztenekin, prekarioenekin, langile esplotatuenekin, heziketa maila baxuena dutenekin… Historikoki faxismoak ez zuen inoiz hegemoniarik lortu langile klasearen artean. Beti izan zen langile klasearen etsaia, langile klaseak kontzientzia politikoa zuelako, praktika politikoa zuelako, kolektibo baten parte zelako,… Langile klaseak faxismoa borrokatu zuen beti.

Faxismo klasikoa burgesia txikiak osatzen zuen, intelektualen arteko geruza prekarioek, eta eliteen babesa zuten (eliteak ez du faxismoa sortzen baina bere babesa ezinbestekoa da faxismoaren garaipenerako).

Eta hau bai da larria: egungo eskuin muturrak herri xehearen hizkuntza bera erabiltzen du orain. Langile klasea konkista eremu bat da orain eskuin erradikalarentzat. Nola gertatu zaigu hori? Ezker erradikalak ez direlako gai izan eskuin muturraren sarrera hori ekiditeko.

Adi beraz. Eskuin muturra ez da garai bateko faxismoa. Ezaugarri desberdinak ditu, eta ezagutu ditugu zeintzuk diren bien arteko aldeak. Neoliberalismoak ekarri gaituen egoera zail honek eragindako beldurrean oinarritutako atzerako mugimendua da, langile klasearen barnean ere zabaltzen ari dena, eta joera autoritarioak gero eta errazago onartzera eramaten gaituena.

Egungo eskuin muturra ez da 30eko hamarkadako faxismo hura, baina ez dakit eskuin muturrak baliatzen duen askatasunari diogun beldurra ez ote den Erich Frommek garai hartan idatzi zuen berbera…

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Analisia
Salbamendu sareak

Oraingoan ere barrenak mugituta natorkizue, beldurretik eta izutik, uzkurtuta eta larrituta. Ze herri geratzen ari zaigun, zer datorkigun epe motzean, zer utziko diegun gure ondorengoei. Saiatzen naiz pentsatzen posible dela datorrenari aurre egiteko egiturak sortzea,... [+]


Honezkero, hemen dago beherakada

Antropologo eta ingeniaria den Yayo Herrerok dioen bezala, datu bat da. Horren jatorria ulertzeko erraza den baieztapen xume batean laburbil daiteke: Lurra agortzen ari da.

Gaia konplexua da. Ikuspegi asko daude, interesak gurutzatzen dira, informazioa desinformazioarekin... [+]


2025-07-25 | Julen Orbea
Bilbon euskara jira ta Bira

Euskara badago Bilbon, baina non? Eta zertarako? Nork sortzen du euskarazko kultura, eta nork sostengatzen? Galdera horien aurrean, udalaren azken urteetako erabakiei begira, argiago ikusten da euskara eta kultura bizirik nahi ditugunontzat kezkagarriak diren erabakiak hartu... [+]


2025-07-25 | Ana Morales
Esan barik ez doalako

Sasijakintsua, jakineza eta franco txikia: horiexek dira aurrekoan Gotzon Lobera jaunak, Bilboko kale batzuen izenak aldatzeko ekimenaren kariaz, Deia egunkarian zuzendu dizkidan epitetoak. Ez du nire izena aipatu, egia, baina neu izan naizenez urte eta erdi luzeko borrokan... [+]


Gizon heterosexualak eta literatura feminista: hausnarketa bat

Hasieratik argi utzi nahiko nuke ez naizela inolaz ere feminismoan, sexu- eta genero-teorietan ezta LGTBIQ+ komunitatearekin lotutako gaietan aditua. Gizon txuri heterosexual bat naiz, ezkertiarra esan dezagun, bere burua feministatzat hartzen duena (edo feministen aliatua,... [+]


Auzolanean ikastola eraiki!

Goizaldeko lehenengo eguzki-izpiekin batera zabaldu ditu ateak Kirikiño Ikastolak. Zapatua da, auzolan eguna. Parte-hartze batzordeko arduradunak irrintzia egin eta lanera bideratu ditu bertaratu diren ehundik gora partaide: “Hemen erronkak denonak dira! Aurrera,... [+]


Amasa-Villabonako EH Bilduri erantzuna

Amasa-Villabonako EH Bilduk argitaratutako idatziaren harira, hainbat adierazpen egin nahiko genituzke. Lehenik eta behin, argi utzi nahi dugu larrialdi klimatikoari aurre egitearen urgentzia ukaezina dela, eta horregatik, krisi honekiko dugun kezkagatik beragatik jartzen dugula... [+]


Lotsa sentitzen dut giza generoko kide izateagatik

Milaka pertsonak modu aktiboan parte hartu dute, eta hala jarraitzen dute, XXI. mendeko holokausto telebisatu handienaren aurka protestatzeko, eta pertsona horiei errespetu eta miresmen handiena zor diet. Baina, gizateriaren zoritxarrerako, askoz gehiago dira, egoerarekin... [+]


2025-07-23 | Iñaki Lasa Nuin
Gizakia kosmosa da

Gizakia kosmosa da. Kosmosa, mundua ez da gizakiarena, askotan hala dela ematen badu ere.

Udako solstizioan, egunez eguzkiak itsutu egiten gaitu duen argiaren indarrarekin, baina gauak ederrak dira, zeruan izar dirdiratsuak kabitu ezinka ikusten ditugunean. San Juan suaren... [+]


2025-07-23 | Josu Jimenez Maia
Marokoren estrategia zahar-berritua

"Saharar erradikalizatuek Estatu Islamikoaren burutza hartu dute Sahel-en". Izenburu asaldagarria, berriki argitaratua, baina hasierako asalduratik harago, testuaren irakurketa eta analisi sakonago bat eginda, honako ondorio hauek atera daitezke.

Kezka, ezinegona eta... [+]


Txorimaloei mokoka

Aurrean duzunak min ematen badizu, ez begiratu aurrera. Muturren aurrean duguna saihesteko logikoa dirudi, ezta? Zer ikusiko ote du gutako bakoitzak albo aldera so egiten duenean? Beharbada, miope batek betaurreko bila ikusten duen antzeko zerbait.

Miope bezain itsu,... [+]


2025-07-23 | Patxi Saez Beloki
Euskara gara

Gu gara euskara. Euskara gure baitan bizi da. Guk biziarazten dugu. Euskara bizi dugu eta euskarak bizi gaitu. Guk elikatzen dugu eta gu elikatzen gaitu. Euskara gara. Euskara egiten dugunean euskarak egiten gaitu. Guk dugu, euskarak gaitu.

Euskararik gabe ez gara, eta hori... [+]


Martxa eta burujabetzak

Madalenetan murgilduta gaudela irakurriko duzue askok artikulu hau, bestela ere pentsatu gure etorkizuneko egunerokoan, jai giro herrikoiak aurrez irudikatzen duen herria baita urte osorako desio dugun herri eredua, deskantsu pixka bat gehiagorekin, noski. Badira urte batzuk... [+]


2025-07-23 | Edu Zelaieta Anta
Ekarri seiko hori

Behin batean, esku bakoitzean sei hatz zituen ume bat ikusi zuen Kelly doktoreak. Gurasoek ebakuntza egiteko erabaki irmoa hartua zuten, baina umeak ez zuen nahi. Mutikoak sei edo zazpi urte izango zituen, eta ederra zen.

– Ez! Nahi ditut denak. Nireak dira eta nahi... [+]


Eguneraketa berriak daude