Ni Luis Iriondo naiz. 89 urte ditut eta Gernikako bonbardaketa bizi izan nuen. Hamahiru urte nituen orduan. Ama, aita eta hiru anai arrebekin bizi nintzen familia umil batean, aitak ikaztegia zuen eta amak altzairu denda.
Gerraren berri hondartzan izan nuen lehen aldiz. Hori gertatu eta denbora gutxira jakin genuen Gernikatik hurbil zeuden herri batzuk bonbardatu zituztela, besteak beste, Durango. Horrek eragina izan zuen herritarrengan, berehala, badaezpada, babeslekuak eraikitzen hasi ziren. Denon ahotan zegoen. Apirilaren 25ean, esaterako, nire lagun Ciprik esan zidan bazuela babesleku bat bonbardaketa baterako prestatua, eta gertatzen bazen korrika hara joateko.
Hurrengo egunean bankura joan nintzen, eta bertan nengoela kanpai soinua entzun nuen. Hegazkinen abisua zen, gertu zeuden, agian gainean. Hala zen, herriaren gainean zeuden. Laster alde egin nuen bankuko langile batekin babesleku bila. Merkatua egiten zen gunea pasa bezain laster hasi ziren eztandak. Jendea korrika oroitzen dut, oihuka. Eraikitako gune haiek lur azpian zeuden, eta horietako batean sartu ninduten, bultzaka. Sabai baxua zuen eta bero handia egiten zuen, horren ondorioz, minutu batzuen buruan arnasa hartzea ere kosta egiten zitzaigun. Makurtzeko esan zigun bertan zegoen gizon batek, behealdean oxigenoa hartzea errazagoa zelako, eta hala egin genuen. Cipri, nire laguna, oroitu nuen han egon nintzen denbora osoan; hegazkinak ikusten ariko zen aurreko egunean esan zidan txokoan, inbidia ematen zidan hori pentsatzeak. Hurrengo egunean eskolara joatean berak ikusitako guztia kontatzeko aukera izango zuelako nik ez bezala.
Eztandak amaitu zirenean kalera irten ginen, baina berehala hasi ziren berriro ere. Jendea korrika zebilen batetik bestera leku seguru baten bila. Gero eta gertuago entzuten zen bonben soinua. Eztanda bat entzun orduko haize beroak laztantzen gintuen. Errezatzeari ekin nion, baina hegazkinek alde egingo ez zela zirudien.
Amaitu eta kalera irten nintzenean beldurtu egin nintzen. Herri osoa sutan zegoen eta zerua hodei ilun batek estaltzen zuen. Ez nekien betiko amaitu ziren bonbardaketak ala ez, eta lasterka joan nintzen Lumoko errepidera. Gernika osoa sutan ikusi nuen bertatik. Cipriren txokora iritsi nintzen baina ez zidaten pasatzen utzi.
Etxeko guztiak aurkitu nituen denbora batera, eta aita gure etxea nola zegoen ikustera joan zen. Guztia suntsituta zegoen. Gernikatik alde egin genuen orduan, Bilbora eta ondoren Frantziara. Gure herrira itzuli ginenean jakin nuen Cipri nire laguna bonbardaketan hil zela.
Gernikako bonbardaketatik harago, Alemanian apenas daukate Kondor Legioak 1936ko Gerran herritarrak sarraskitzen izandako parte hartzearen berri. Carmela Negrete kazetariak kontatu du oroimen falta hori Contexto aldizkarian. Halako zorrak kitatu gabe, nola saihestuko dugu gaur... [+]
Gernikan 1937ko bonbardaketa gogoratzeko ekitaldiak egin dituzte, eta ika-mika sortu da Espainiako Gobernuko Bolaños ministroak egindako adierazpenen ondotik: "Ohore bat da hemen egotea, bonbardaketarekin eraso zuten Errepublikako Gobernu legitimoa... [+]
Sarraskiaren urteurrenaren bezperan, apirilaren 25ean, Igor Meltxor kazetariak 'Cabacas' liburua aurkeztuko du Astran. Elai Txiki aretoan, bestalde, Iñaki Berazadi kazetariak hautatu dituen Gerra Zibileko irudien erakusketa ikusgai dago.