Ezker independentista, ETAren biktimei: “Gure egiten dugu mina, ez zen inoiz gertatu behar”

  • Adierazpena egin du euskal ezker independentistak, Aieteko Adierazpenaren eta ETAren indarkeriaren amaieraren 10. urteurrena dela-eta. Arkaitz Rodriguezek eta Arnaldo Otegik irakurri dituzte hausnarketak. ETAren indarkeriak eragindako biktimei aipamen berezia egin diete, eta preso politikoen auziari irtenbidea eman behar zaiola azpimarratu.

Gaur goizeko agerraldiko irudi bat. Argazkia: EH Bildu

2021eko urriaren 18an - 14:36
Azken eguneraketa: 16:39

“Urriaren Hemezortziko Adierazpena” egin du gaur goizean euskal ezker independentistak, Donostiako Aieteko Jauregian egindako agerraldian. Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak eta Arnaldo Otegi EH Bildu koalizioko koordinatzaile nagusiak irakurri dute bost puntuko adierazpena. Euskal, espainiar eta frantziar gizarteekin zein nazioarteko iritzi publikoarekin hausnarketak partekatzeko ekitaldi soila izan da, Aieteko Adierazpenaren hamargarren urteurrenaren biharamunean.

ETAren indarkeriaren amaiera zein haren armagabetze eta desegite prozesua izan dute lehenik hizpide. Prozesuaren arrakasta euskal gizarte osoarena dela onartuta ere, erakunde armatuak erabakiak batasunez hartu izanari balioa aitortu diote adierazpenean, zatiketak eta horiek dakartzaten arazo larriak saihestu direla nabarmenduz.

Biktima guztien aitortza eta erreparazioa ere izan dute ahotan, eta ETAren indarkeriak eragindako biktimei aipamen berezia egin diete: “Gure egiten dugu haien mina, eta sentimendu zintzo horretatik baieztatzen dugu hura ez zela inoiz gertatu behar, inork ezin du gogoko ukan hura guztia gertatu izana, ezta denboran hainbeste luzatu izana ere. Aietera lehenago iristea lortu behar genuen”.

Iraganak atzera bueltarik izan ez arren eta mina esandako ezerk ezabatuko ez duen arren, errespetuan, adeitasunean eta memorian oinarrituta arintzea bederen posible dela konbentzituta daudela eta horretarako pausoak emateko konpromisoa adierazi du ezker independentistak.

Preso politikoen auziari ere heldu diote adierazpenean, hari irtenbidea ematea beharrezkoa dela esanez. Hain zuzen ere, presoek estrategia armatua gainditzeko izandako parte hartzea ere ekarri dute gogora: “Haiek gabe, ez zen posible izango”.

Azken puntuan ezberdintasun politikoei irtenbidea emateko metodo eraginkor eta demokratikoa elkarrizketa, negoziazioa eta adostasuna direla eta ezker independentista horien aldeko konpromisoan berresten dela adierazi dute. Gatazkaren jatorrian dagoen arazo politikoari oraindik ere irtenbidea eman behar zaiola eta arazo nazionalari konponbide demokratikoa ematea “ezinbestekoa” dela gaineratu dute: "Gure nazio nortasunarekiko errespetua beharrezko eta lehen pausoa da bestelako etorkizuna eraikitzeko, zeinetan erabakia gure herriko gizartearen esku egongo den".

Agerraldia osorik:

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal bake prozesua
Atristain eta Inziarteren kartzelatzeekin hirugarren gradua fiskalaren esku dago, espetxearen esku egon beharrean

Xabier Atristain eta Juan Manuel Inziarte euskal presoak Martuteneko espetxera itzuli ziren joan den martxoaren 13an, Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzak haien hirugarren graduei fiskaltzak jarritako helegitea onartu ondoren.


Blokeo egunaren harira, gibelapenezko 800 euroko isuna jaso dute bederatzi bakegileek

Otsailaren 2an epaituko dituzte beste hamaika bakegile, uztailaren 23an autopista blokeatzeagatik. Elkarretaratzera deitu du Bake Bideak, datorren ostegunean 13:00tan jarriz hitzordua Baionako auzitegi aitzinean.


2022-11-15 | ARGIA
Urtarrilaren 7an Bilboko kaleak betetzera deitu dute, euskal presoen eskubideak aldarrikatzeko

Etxera bidea gertu lelopean manifestazio bateratua egingo dute Sarek eta Bake Bidea-Bakegileek, pandemiagatik bi urtez mobilizazio jendetsu hori egin gabe egon ostean. “Duintasuna eta bizikidetza lortzeko itxaropena” ere izango dituzte aldarri, euskal presoen... [+]


2022-06-23 | ARGIA
Uztailaren 23an Ipar Euskal Herria blokeatuko dute Parot eta Esnal aska ditzaten

Hori adierazi dute Bake Bideaneko ordezkariek ostegun honetan Luhuson egindako agerraldian. Azkenekoz, ekainaren 9an eta 15ean aztertu zuen Frantziako justiziak Ion Parot eta Jakes Esanen askatasuna, eta epaileek haien baldintzapeko askatasunaren alde egin zuten, baina... [+]


Anaiz Funosas, Bake Bidea
"Onartu daitezkeen baldintzapeko askatasun horien aitzinean harresi bezala jokatzea deliberatu dute"

Jakes Esnal baldintzapean aske uzteari buruzko erabakia uztailaren 21era atzeratu dela jakin aitzin izan da ARGIA Anaiz Funosas Bake Bidearen bozeramailearekin –Ion Paroten kasuan, datorren astean jakinen da erabakia–. Badu 32 urte kartzelan direla. Pairaturiko... [+]


Eguneraketa berriak daude