Ez naiz europarra


2023ko urriaren 19an - 08:40
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Ez dut europarra izan nahi. Oraintxe euskalduna, kitto. Europar Batasuna gobernatzen duten jaun-andre txit goren horiek baino bertago sentitzen ditut bizi duin bila Europarantz pateratan abiatzen diren afrikarrak, mundu kapitalista aberatsak hartutako konpromisoak bete gabe baztertuta dituen sahararrak, beren gobernu naziak urteak joan eta urteak etorri bonbardatzen dituen donbasstarrak edota une hauetan genozidio basatia pairatzen ari diren palestinarrak, adibidez. Pedro Sánchez, Ursula von der Leyen eta Josep Borrell hirukoak ordezkatzen duen lorategi ustel horrek kiskali egin dizkit erraiak. Genoziden alde, beti. Zelenskik Ukrainan, Mohammed VI.ak Marokon eta Netanyahuk Israelen jaso dituzten besarkada, txalo eta “biba zuek” guztiak EBko goi mailako politikoek gizatasuna galdu izanaren isla dira.

Gazan palestinarrak egun hauetan bizitzen ari direna eta gero, mundu zabalean bizi den orok ezin du berdin jarraitu. Bonbapean hildako umeen argazkiak ez ditugu orain lehen aldiz ikusi, baina aurrekoak denok ditugun autodefentsarako mekanismoek burmuineko soto ilunen batean zeuzkaten gordeta. Orain, indarra biderkatuta, lehengo eta oraingo argazkiek erraietan berpiztu dizkigute geure bizitik alboratuta genituen mina eta oinazea.

Zelenskik Ukrainan, Mohammed VI.ak Marokon eta Netanyahuk Israelen jaso dituzten besarkada, txalo eta “biba zuek” guztiak EBko goi mailako politikoek gizatasuna galdu izanaren isla dira

Noraino irits daitezke gizaki baten barruan gaiztotasuna eta krudeltasuna? Netanyahuk badaki bere bonbek ez dutela ukitu ere egiten Hamaseko jendea eta indarra, horiek eta beren armak lur azpian ongi ezkutatuta baitaude. Milaka bonba horiek guztiek zibilak hiltzen dituzte soil-soilik, eta gehienak umeak eta horien amak eta aiton-amonak dira. Netanyahu gorroto oskola zurrunez babestuta dago eta bere krimenek ez diote barrua astintzen. Ume horien negar hotsak ez zaizkio barrura iristen, hain baita gogorra eta iragazgaitza bere larruazala.

Lurra kendu zieten lehenik. Etxeak ondoren. Pareta handiko kaiolan bizitzera kondenatu zituzten azkenik, bizi baldintza miserabletan bizirauteko beste aukerarik gabe. Orain basamortura bota nahi dituzte. Hala aitortu dute sionistek.

Uko egiten diot europarra izateari. Palestinarra naiz, Gazan bizi ezinik bizi diren lagunak bezalaxe. Donbasstarra naiz, Donetsken egunero bonbapean bizi ezinik bizi diren lagunak bezalaxe. Sahararra naiz, Tindufen jaio diren eta oraindik ere jaioko diren milaka ume horiek bezalaxe. Sentimenduz behintzat. Europarra izatea jasanezina da.

Joan Mari Beloki Kortexarena

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude