“Ez da trantsizioa, espekulazioa da”

  • Euskal Herria Bizirik sareak antolatuta eta 84 eragilek deialdiarekin bat eginda, 2.200 pertsona manifestatu dira "Lurraren defentsan" Azpeitian, apirilaren 13an. Goizean bertaratu direnek lau tailer eta mahai-inguru baten bidez aztertu dituzte zein diren berdez margotutako makroproiektuek lurraldean eta Lurrean eragiten dituzten kalteak, eta zein den bilatzen duten azken helburua. Borrokan jarraituko duela berretsi du Euskal Herria Bizirik sareak eta hurrengo hitzordu nazionala iragarri du: Kolitza mendira martxa, maiatzaren 26an.

Argazkia: Ibai Arrieta.

2024ko apirilaren 15ean - 12:32
Azken eguneraketa: 19:50
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

"Sañu Bizirik", "Mendiak aske", "AHT gelditu", "Erdiz bizirik", "Aroztegia gelditu", "Mendietan ez" eta antzeko pankartaz jantzita aurkitu du Azpeitia apirilaren 13an bertaratu denak. EAEko hauteskunde bezperetan egindako mobilizazio egun honen bidez, "lurraldeari eta landa-eremuari eraso egiten dioten makroproiektuekiko arbuio sozial zabala erakustea" izan du helburu Euskal Herria Bizirik sareak (hemen antolatzaileei egin genien elkarrizketa).

Goizean lau tailer egin dituzte aldi berean: Euskal feminismoa Lurraren defentsan, batetik; Krisi ekosozialaren testuinguruan agroekologiatik datozen ekarpenak lurreratzen, bestetik (hemen bideoan ikusgai); Biodibertsitatearen galera: kausak eta ondorioak, hirugarrenik (hemen bideoan ikusgai); eta Trantsizio energetiko korporatiboa eta megaproiektuak, azkenik.

Eguerdian guztiak elkartu dira areto berean, Aragoiko (Plataforma defensa territorio Cincovillas) eta Galiziako (Ecoloxistas Galicia Atlantica e Verde) militante banaren esperientzia entzuteko.

84 eragile hauek eman diote atxikimendua mobilizazio egunari.

Goizean egindako hitzaldi, tailer eta mahai inguruek balio izan dute herritarrak informatzeko eta elkarrekin hausnartzeko: "Bakarra balitz moduan saltzen diguten trantsizio energetiko eredu hau" (hori da hainbat hizlarik nabarmendu duten ideia) eraginkorra al da herritarren aurrean argudio gisa azaltzen dituzten helburuak lortzeko? "Berdez margotutako" trantsizio honek zein logikari jarraitzen dio? Energiaren sektoreko enpresen eta ate-birakariz horiekin komunikatuta diren kargu politikoen helburuak bateragarriak al dira herritarren beharrak asetzearekin? Eta publikotik gazte batek galdetu duen gisa, "Lurrarentzat zauri diren proiektu hauetako bakoitzari aurre egiteaz gain, ez al dagokigu pentsatzea hauen denen erroa den sistema kapitalista nola eraitsi? Makroproiektuek izango al dute amaierarik bestela?".

Argazkia: Ibai Arrieta.

Edukiz betea izan da egunaren lehen zatia eta bazkaritan, ehundik gora lagunek indarrak hartu dituzte Sañu Bizirik taldekoek inguruko baserritarren jeneroarekin prestatu duten otordu ederrarekin. Egunean zehar ikusgai egon da Euskal Herriko hamaika ilustratzaileren lanak biltzen dituen Hamaika arrazoi lurraldea defendatzeko erakusketa artistikoa.

“Bakarra balitz moduan saltzen diguten trantsizio eredu hau hilda jaio da”

Lau tailerretako bat hautatu beharraren penaz sartu da idazten ari den hau Trantsizio energetiko korporatiboa eta megaproiektuak izenburua zuenera, eta bertan Álvaro Camposen hitzaldiarekin egin du topo, zeinak Sustrai Erakuntzako Martintxo Zelaia izan duen lagun. "Trantsizio honi ezetz esaten diogunean, ez gara ari trantsiziorik behar dugun ezbaian jartzen. Esaten ari garena da ez dugula horrelakoa nahi, bestelako bat behar dugula eta martxan dagoen trantsizio horrek ez gaituela inora eramango", ekin dio Camposek. Eta jarraitu du: "Energiaren Nazioarteko Agentziaren (ENA) datuak aintzat hartuta, ez dago behar beste materialik trantsiziorako agendak planteatzen ari direna betetzeko beharko liratekeen azpiegitura berriztagarriak eraikitzeko. Horregatik, hilda jaio den trantsizioa da. ENAk igortzen duen mezua da herrialde bakoitzak bermatu ditzala behar dituen bideak, bere trantsizioa egiteko materialak eskuratzeko. Horrek ateak zabaltzen dizkio tentsio handiko eszenatoki geopolitiko bati".

Camposek azaldu du energia fosilek eta berriztagarriek ezaugarri oso ezberdinak dituztela. Petrolioa "indar kondentsatua" dela adierazi du, upeletan garraiatzeko erraza eta kontzentratzeko gaitasun handia duena: "Bai botereak, bai erabakiak eta bai irabaziak kontzentratzeko gaitasun handia dauka, eta hori oso lotua dago kapitalismoaren izaerarekin. Uste dut ez legokeela kapitalismorik, energia fosilek ematen duten gaitasun hori gabe. Fosilek ahalbidetu dute egitura sozioekonomiko globalizatua eraikitzea, eta horrek historian ez du parekorik". Berriztagarrien ezaugarriak bestelakoak direnez, horrek "dena aldatzera" eraman behar gintuzkeela argudiatu du: "Intermitenteak dira, ezin dugu erabaki energia berriztagarrien sorgailuak noiz piztu eta zein potentziatan. Askoz energia eta potentzia gutxiago izango ditugu. Lurraldean banatuta daude energia berriztagarriak eta askoz zailagoak dira garraiatzen". Baina badute abantaila bat: modularrak dira, eskalatu daitezke. Camposen arabera, horrek aukera ematen die herritarrei elkartuta beraien beharrak asetzeko energia sorgailuak martxan jartzeko eta kudeatzeko, beraiengandik gertu eta haien neurriko eskalan: "210 metroko zentral eoliko bat kapitalari oso funtzionala zaion modu bat baizik ez da, baina hori ez da haize-errota bat ulertzeko dagoen modu bakarra".

Argazkia: Ibai Arrieta.

Ondoren azaldu du nola dagoen antolatuta energia sistema. Arbelean egin duen eskeman, alde batean irudikatu ditu energia ekoizleak: "Oso gutxi dira, 10-15 promotora guztira. Lehendik fosilekin ari zirenei orain eraikuntzatik etorritakoak batu zaizkie, eta funts putreak. Horientzat berriztagarrien megaproiektuak erreminta finantzarioak dira, eta azken helburua dute (diskurtsoek diotena diotela) kapital kopuru handi bat pixka bat handiago bihurtzea. Eta horretarako, betiko formula espekulatiboak erabiltzen dituzte. Trantsizioa zuzentzen ari den kapitalarentzat auzia da zenbat diru atera dezakeen, eta zenbat eta gehiago, hobeto". Camposek azaldu du enpresa horiek ekoizten duten energia tentsio altuko sarera isurtzen dutela, eta isurtzen duten kopuruko kobratzen dutela, une horretan argindarrak duen prezioaren arabera.

Udaletxeko arkupeko pankartan irakur daitekeenez, Sañu Eguna egingo dute apirilaren 28an. Herritarrak gonbidatu dituzte bertan parte hartzera. Argazkia: Ibai Arrieta.

Arbelean marraztu duen eskeman erdialdean ageri da tentsio altuko sarea. Jarraitu du azaltzen goi tentsioko sarea 1997ra arte publikoa zela eta orduan liberalizatu eta Red Electrica de Españaren jabego izatera pasatu zela. Egun, erakunde hori %80an pribatua da eta %20an kontrol publikokoa: "Liberalizazioaz geroztik, salbuespenik gabe, Red Electricako lehendakaria izan da bai PSOEren edo bai PPren gobernuari lotutako norbait. Egun, Beatriz Corredor da, Jose Luis Rodriguez Zapateroren garaian Etxebizitza estatu idazkaria izan zena", ohartarazi du Camposek, ate birakari nagusietakoa dela seinalatzeko. Red Electrica de Españak proposatuta eta Espainiako Gobernu Kontseiluak onartuta, goi tentsioko sareak energia garraiatzeko duen gaitasuna etengabe handitzen ari direla azaldu du: "Eta horrek ez du mugarik, azken helburua irabaziak sortzea baitu (Ibex 35ean kotizatzen duen enpresa gutiziatuenetakoa da)". Gainera, goi tentsioko sareak energia gero eta kontsumitzaile gehiagori saldu diezaion, Europako merkatuak integratzeko lanean ari dira, Camposen esanetan: "Adibide lazgarriena Gatika-Bordele itsaspeko interkonexioa da. 2017an ezagutzera eman zutenean ez genuen ulertzen zertarako nahi zuten. Orain ikusten da lurraldeak espezializatu nahi dituztela eta Iberiar Penintsulari tokatu zaiola energia berriztagarrien hornitzailea izatea, nahiz eta hain sare handiak oso eraginkortasun txikia duen, bidean energia asko galtzen baita".

Argazkia: Ibai Arrieta.

Arbelean marraztua duen eskemara itzulita, seinalatu du tentsio altuko sarearen ondoan azpiestazioak daudela, eta horiek egiten dutela lotura tentsio baxuko sarearekin. Hain justu, behe tentsioko sare horretara daude lotuta herritarrak eta enpresak. Camposek oroitarazi du sistema elektrikoa liberalizatu zutenean, guztion diruarekin eraikitako behe tentsioko sarea Iberdrolari "oparitu" ziotela. Sare hori espropiatzeko edo kontrol mekanismoak jartzeko argudioak eman ditu, izan ere, bere ustez, behe tentsioko sarea gakoa da beste era bateko trantsizioa egiteko, sare horrek aukera zabaltzen baitu herritarrek burujabetzarantz bidea egin dezaten. Nola? Beren lurraldeko beharrak eta baliabideak aztertuta eta kontsumituko den lekuetatik gertu neurri txikiko energia sorgailuak jarrita. Baina zera iragarri du: "Hasten bagara herri batean serio lan egiten, energia bertan sortzen eta behe tentsioko sarera isurtzen, handik gutxira esango digute sare horretan ez dagoela gaitasunik hainbeste energia hartzeko, bitartean tentsio altuko sarearen gaitasuna handitzeko milioika euro inbertitzen ari direnean. Zergatik ez da eredu horretako trantsizioa bultzatzen? Hor jende asko sartu gaitezkeelako energia ekoizten eta makroproiektuetan ez". Behetik eraikitako burujabetzaren eta energia gutxiago kontsumitzearen artean dauden loturak aztertu ditu; "aldiz, korporazioen trantsizio honetan alderantzizko mezua ematen diote gizarteari, betiko moduan kontsumitzen jarraitu ahalko dugula".

Eguerdian Euskal Herriko, Galiziako eta Aragoiko esperientziak uztartu dituzte. Ezkerretik hasita, Rober (Araba), Nery (Galizia) eta Jose Luis (Aragoi).
Galiziatik eta Aragoitik irakaspenak

Aragoiko eta Galiziako esperientziak partekatzeko mahai inguruan, Nery eta Jose Luisen ahotsean entzun ahal izan da herrialde horietan pairatzen ari direna. Aragoin kontsumitzen duten argindarraren %150 sortzen dute, Galizian badira herriak bi biztanleko haize-errota bat dagoena... Haien lurraldeak makroproiektu berriztagarriz josten ikusi dituzten bi kideek zera azaldu dute: "Ez da trantsizioa, espekulazioa da. Herritarra bere herrian egingo duten proiektuari begira jartzen da, baina ezin du irudikatu ere egin zer olatu datorkion lurralde osora. Horregatik, borrokak batu behar ditugu eta osotasunaren ikuspegia izan".

Nery ahobizarrik gabe mintzatu da Galiziako esperientziatik: "Oposizioa herritarrok egin behar dugu eta dirurik gabe. Dirulaguntzak jasotzen dituzten elkarteak ez dira libre, beti mugatuta daude. Ez nago alderdi politikoei begira, zeren gehienez ere proiektu zehatz baten aurka agertuko dira, baina aldi berean, beste nonbaiteko proiektua justifikatuko dute... Udalek militanteak despistatzeko esango dute 'alegazioak sartu ditugu...', baina ez da aski: udalak nahi ez badu, bere lurretan ez da proiektua egiten; aski dute enpresari baimenik ez ematea edo enpresaren eskaera mezuak erantzun gabe uztea. Dirua da arazoa, horregatik sartzen dira tratuan. Eta erakunde publikoak lurra, herritarrak eta biodibertsitatea babesteko enpresei betebeharrak jartzen aritu beharrean, alderantziz ari dira, ingurumen legeak abiadan malgutzen".

Argazkia: Ibai Arrieta.
Manifestazio koloretsua

Manifestazio bizia izan da Azpeitiakoa: atxikimendua eman duten 84 eragileen zerrendan eta kalera atera dituzten pankarta ugarietan nabaritu da batzen ari direla makroproiektu ezberdinen arteko borrokak, horietako asko lekuan lekukoak direnak.

Herritarren profil anitza biltzen du Euskal Herria Bizirik sareak. Haien hitzetan, "baserritarretatik hasi eta akademiaraino". Pertsona horietako asko bere inguruan eraiki nahi duten makroproiektu bati aurre egiteko batu dira, hasiera batean, talde batera: hor hasi behar izan dute proiektua irakurtzen, informazio teknikoan janzten, proiektuari aurre egiteko alegazioak osatzen... Baina "behin hasierako zaplaztekoa jaso ostean, formatzen eta ikuspegi orokorra eskuratzen joan direla" azaldu dute hainbat militantek. Denen artean diskurtsoa josten eta sendotzen ari dira. Lurra arriskuan jarria duen sistema kapitalistari kritika egiten diote eta Lurra guztiontzat bizigarri egingo duen beste sistema batera trantsizioa egitea sustatzen dute: "Dei diezaiokegu desazkundea, lokalizazioa, burujabetza, erresilientzia... baina teknikoki ereduak garatzea posible da", entzun da tailerretako batean.

Goizeko bi hitzaldi osorik ikusgai
 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ingurumena
Ibai Iturria Garmendia, mendi gidaria
“Jende asko ez da modu egokian joaten mendira, kezkagarria da”

Garmendi mendi gidaritza zerbitzuaren bitartez zeharkaldi eta ateraldiak antolatzen ditu Ibai Iturriak. Argitara eman diren datuekin kezkatuta, mendian "kontzientziaz eta arduraz" jokatzearen beharra azpimarratu du.


Zangozako Muga meategia finantzaketarik gabe geratu da, txinatar inbertitzaileek atzera egin ostean

Txinako Qinghai enpresak atzera egin eta ez ditu 257 milioi euro inbertituko potasa meategi proiektuan. Finantzaketarik gabe ez ezik, Muga meategia ustiatzeko lizentzia ere ez du proiektuak, 2024ko urrian Nafarroako Justizia Auzitegiak bertan behera utzi... [+]


Portugaletik Turkiara, Europa hegoaldea sutan

Bero boladek, haizeak eta lehorteek suteak pizteko aukerak bikoiztu dituzte Europan. Portugal, Espainia, Grezia eta Turkia pairatzen ari dira suterik handienak. Milaka suhiltzaile eta herritar ari dira suaren kontra borrokan Europa hegoaldeko herrialdeetan.


2025-08-18 | Elhuyar
Munduko hegazti guztien zerrenda bateratua argitaratu dute: AviList

Ornitologia-arloko mundu mailako bost erakunde nagusiak elkartuta, eta zazpi urteko lanaren ondotik, munduko hegaztien lehenengo zerrenda orokor eta bateratuta argitaratu dute, taxonomia, sistematika eta nomenklatura bateratuarekin: AviList. Prozesua gardena eta irekia izan da,... [+]


Ostiraletik aurrera berriz debekatuko dituzte nekazaritza jarduerak Nafarroan

Tenperatura igoera dago aurreikusita datozen egunetarako, eta, sute arriskuak ekiditeko, ostegun iluntzeko 20:00etatik aurrera debekatuta egongo da uzta lanak egitea. Aurretiaz ere neurriak hartuta zituen gobernuak, baina Zarrakazteluko sutea kontrolpean izanda, neurriak malgutu... [+]


Ipar Euskal Herriko 158 herritan ur murrizketak ezarriko dituzte, alerta egoeraren ondorioz

Ostiraletik aurrera ur murrizketak ezarriko dituzte Euskal Hirigune Elkargoak barne hartzen dituen eta alerta egoeran dauden 158 herritan, eta metereologia zerbitzuek abisu horia ezarri dute trumoien arriskuagatik. Hego Euskal Herrian, berriz, leku ugaritako termometroek 40... [+]


Jaurlaritzak Bailen Energia enpresari Oionen bi parke fotovoltaiko eraikitzeko baimena eman dio

Bakoitzak 1.680 eguzki panel izango ditu, eta megawatt bateko potentzia. Enpresak hiru urteko epea izango du Muga eta Val izeneko instalazio fotovoltaikoak eraikitzeko. 


2025-08-13 | Nagore Legarreta
Ibaiak begirada itzuli zigunekoa

Munduko hainbat txoko zeharkartzen dituzten ibaiek, bizirik dauden heinean, euren begirada propioa dute mundua bera ikusteko. Gizakiaren garapenaren testigu isilak dira: hirigintza, gerra, kutsadura, uholdeak... dituzte ikusmiran, baita euren bazterretan etengabe ernetzen diren... [+]


Sañu Bizirik: “Statkraft enpresari alfonbra gorria jartzetik, herri presioari esker udalak parke eolikoari helegitea jartzera igaro dira”

Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailak ingurumen baimena ukatu dio Piaspe egitasmoari, Statkraft enpresak Azpeitia, Zestoa eta Errezil artean eraiki nahi dituen errotek eta argindarra garraiatzeko azpiegiturek eragingo... [+]


Zarrakazteluko sutea perimetratu eta kontrolpean dute suhiltzaileek

Suhiltzaileek itzaltze lanetan jarraitzen duten arren, egonkortu dute kontrolik gabeko sutea. Espainiako Gobernuak larrialdi aurreko faserako plana onartu du, autonomia erkidegoen eta Espainiako Gobernuaren arteko komunikazioa hobetzeko; dena den, larrialdien kudeaketa autonomia... [+]


Zarrakazteluko sutea kontrolatzeko lanetan jarraitzen dute suhiltzaileek

Larunbat gauean hasi zen sutea Zarrakaztelu eta Figerol lotzen dituen errepideko pinudi batean. Herritarrentzat arriskurik ez dago momentuz, gobernuak adierazi duenez. Gizakiek eragindako sutea dela jakinarazi du gobernuak.


Nafarroako suteak nekazaritzako makina batek sortu zituela baieztatu du gobernuak

338 hektarea erre ditu astearteko suteak. Nekazarien sindikatuak haserre agertu dira Nafarroako Gobernuak suteak saihesteko ezarritako murrizketekin. Asteazkenean beste sute bat piztu da Artaxoa eta Añorbe artean, baina hura ere kontrolpean dute suhiltzaileek.


Plastikoaren kutsadura mugatzeko itun baten negoziaketan ari dira NBEko herrialdeak Genevan

Erabilera bakarreko plastikoen ekoizpenari eta erabilerari jarri nahi dizkiete mugak bereziki. Plastikoaren ekoizpena bikoiztu dute mende hasieratik, eta igoera horren arrazoia erabilera bakarreko plastikoak dira nagusiki.


Kontrolpean dute Nafarroako baso sutea, eta gobernuak suteak saihesteko neurriak hartu ditu

Suhiltzaileek kontrolpean dute Ibarbeibar ibarreko sutea, Eneritz, Muruzabal, Añorbe eta Obanos herrietan egondakoak hain zuzen ere. Nafarroako Gobernuak behin-behineko debekua ezarri dio nekazaritzan sua erabiltzen duen edo sor dezakeen makineriari. 


Eguneraketa berriak daude