Renfek zerbitzutik kenduko ditu euskaldunen hizkuntz eskubideak urratu zituzten zaindariak

  • Euskaraz aritzeagatik Ordiziako Renfeko geltokiko zaindariekin arazoak izan zituztela salatu zuten maiatz hasieran hainbat herritarrek. Ordutik jaso dituen kexa ugariengatik, Renfek larunbatetik aurrera istiluak eragin zituzten segurtasun-zaindariak zerbitzutik kanpo uztea erabaki du.


2014ko ekainaren 27an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37
Ordiziako tren geltokian euskaldunen hizkuntz eskubideak urratu zituzten zaindariak zerbitzutik kendu ditu Renfek (argazkia: Zarateman).
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Tren geltokiko zaindariei txartelik zergatik ez zeukaten euskaraz azaltzean hasi ziren arazoak: “Estamos en España y la lengua oficial es el castellano” erantzun zuten zaindariek eta ertzainei deitu zieten.

Euskaldunen hizkuntz eskubideen aurkako kasu gehiago ere salatu dituzte herritarrek geroztik. Hauetako batean, bidai-lagunarekin euskaraz ari zen bidaiari bati gaztelaniaz hitz egiteko agindu zion zaindari batek. Herritar batek “Euskal Herrian euskaraz!” oihukatu zuen orduan, eta zaindariek Ertzaintzari deitu zioten.

Zenbait immigrantek ere trenean segurtasun zaindarien jazarpena salatu izan dute.

Ertzaintzari ere “errespetuagatik” erdaraz

Euskaraz aritzeagatik kontu eske hasitako zaindariek ertzainei deitu izan diotenean, polizia autonomikoko agenteek ere erdaraz egin izan diete herritarrei.

Ordiziako geltokian izandako istiluan ertzainak agertzean, gaztelaniaz hasi eta bidaiariek euskaraz egiteko eskatzean, ezetz erantzun zieten. Herritarrek euskaraz jarraitu zuten eta ertzain batek euskaraz eskatu zien “errespetuagatik” gaztelaniaz hitz egin zezatela, gainontzekoek uler zezaten.

Gertatutakoa azaltzeko Berria egunkarira Tren geltokian euskaraz? gutuna bidali zuten bidaiariek. Eusko Jaurlaritzari eta Ertzaintzari beharrezko neurriak hartzeko eskatu zioten “euskaldunak euskararen herrian gaztelaniaz mintzatzera behartuak ez izateko”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hizkuntza eskubideak
Eguneraketa berriak daude