Euskararen aurkako beste epai judizial bat: oraingoan Donostian, udaltzain izateko deialdian

  • Donostiako epaitegi batek ebatzi du "diskriminatzailea" dela udaltzain izateko euskararen ezagutza, eta jakinarazi deialdi publikoetako hautagai denei ez zaiela zertan eskatu hizkuntza eskakizuna.


2024ko urtarrilaren 09an - 08:00
Azken eguneraketa: 09:47
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Donostiako Administrazioarekiko Auzien 3. zenbakiko epaitegitik heldu da euskararen aurkako azken sententzia: Jose Ignacio Hierro buru duen salak ebatzi du "diskriminatzailea" dela udaltzain izateko euskara maila jakin bat eskatzea. Espainiako Konstituziora jo du epaileak, 23. artikulura, zera argudiatzeko: herritar guztiek dutela deialdi publikoetara berdintasunez iristeko gaitasuna.

Bi udaltzain lanpostu egonkortzeko egin zuen deialdi publikoa Donostiako Udalak, baldintza gisa, besteren artean, euskararen B2 maila egiaztatzea ezarrita. Lanpostua eskuratu nahi zuen batek abiatu zuen helegitea, eta Francisco Ignacio López Hera abokatua arduratu da defentsa egiteaz. Auzia irabazi berritan, EiTBren mikrofonoetan honela esan du: "Auzitegiak ez dira ari euskara diskriminatzen, baizik eta herritarren eskubideak defendatzen".

Donostiako epaitegiaren arabera, Donostiako Udalak ez ditu argudio sendoak erabili lan deialdi horretan euskara eskatzea derrigorra zergatik den azaltzeko; areago, argudiatu du ez dela ezinbestekoa denek euskara jakitea herritarrei hizkuntza koofizialen zerbitzu emateko. Alegia, lanean batera ari diren bi agentetik batek egitea aski dela. Horiek horrela, "diskriminatzailetzat" jo du euskararen ezagutza egiaztatzea.

Aurrekaria, Irunen

Azken epaian propio aipatzen da aurrekaria ezarri zuen Irungo udaltzainen deialdiaren kasua, 2021eko maiatzekoa. Epai hark esan zuen "diskriminatzailea" zela Irungo udaltzainen deialdi publikoan euskararen ezagutza egiaztatu behar izatea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskaldunen aurkako erasoak
Eguneraketa berriak daude