Euskara hutsezko liburu eta disko azokak eta ekimenak zein egunetan izango diren iragarri du Doinuele sareak

  • Euskara hutsezko plazen sarea da Doinuele, eta Euskal Herriko zortzi ekimen hauek osatzen dute: (H)ilbeltza (Baztan), Geure Gelatik (Azkoitia), Literaturia (Zarautz), Ziburuko Azoka, Hernaniko azoka, Ikusi Mikusi (Sara), Lazkaoko azoka eta Sormene (Galdakao). Elkarrekin egin dute agerraldia urtarrilaren 10ean Donostian (hemen ekitaldia osorik ikusgai), ekimen bakoitza zein egunetan izango den aurkezteko. Sarearen balioa nabarmendu dute.

Ezkerretik eskuinera eta behean: Julen Garate (Geure Gelatik), Maddi Zubeldia (Ziburuko azoka), Maitane Maritorena (Hilbeltza), Amaia Hennebutte (Ikusi Mikusi) eta Joxepa Madariaga (Lazkaoko azoka) eta goiko lerroan ezkerretik eskuinera Tasio Gorrotxategi (Literaturia), Maider Elkano (Ikusi Mikusi) eta Xabi Ezponda (Hernaniko azoka). Argazkia: Dani Blanco / ARGIA-CC-BY-SA

2024ko urtarrilaren 10an - 11:15

"Euskara hutsezko, izaera anitzeko zortzi plaza aberats Euskal Herrian urte osoan", hori da Doinuele osatzen duten ekimenek euskaldunei eskaintzen dietena, antolatzaileen hitzetan. Ekimen hauek lehenagotik egiten ziren (Lazkaoko azoka da ibilbide luzeena duena eta 35. urtez egin berri dute iragan abenduan) eta duela urtebete ekin zioten denen artean sarea sortzeari. Doinuele du izena sare horrek eta kideek positiboki baloratu dute elkarlanak ekimen bakoitzari ematen diona: "Urtebete bada sortu ginela, saretu ginela, urtebeteko esperientzia badugu, beraz. Eta 2023ko azoketan zer gertatu zen esateko moduan gara: elkarrekin ikasi egin dugu, elkarri lagundu egin diogu eta gutako bakoitza indarra hartuta, osasuntsuago gatoz aurten".

2024ko Doinuele sareko ekimenen data zehatzak

Doinuele sarearen barruan badira izaeraz oso anitzak diren ekimenak, denak euskara hutseko liburu eta diskoetan oinarrituta. Aurtengo euskarazko azoka eta plazen egutegia aurkeztu dute elkarrekin:

- (H)ilbeltza Baztanen, urtarrilaren 22tik 28ra. Nobela beltzari buruzko ekitaldiak.

- Geure Gelatik Azkoitian, apirilean 13tik 15era. Emakumeek idatzitako liburuen azoka eta ekitaldiak.

- Literaturia Zarautzen, maiatzaren 24tik 26ra. Literatura azoka eta ekitaldiak.

- Ziburuko azoka, ekainaren 1ean. Liburu eta disko azoka eta ekitaldiak.

- Hernaniko azoka, urriaren 5ean. Liburu eta disko azoka eta ekitaldiak.

- Ikusi Mikusi Saran, urriaren 11n eta 12an. Haur eta gazte literatura eta ekitaldiak.

- Sormene Galdakaon, urriaren 30ean. Literatura azoka.

- Lazkaoko azoka, abenduaren 13tik 15era. Liburu eta disko azoka eta ekitaldiak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Doinuele
2023-12-14 | ARGIA
Asteburu honetan euskarazko liburu eta diskoen azoka Lazkaon, Ataunen eta Seguran

Azoka hauetara doan edonork izango du %15eko deskontua bertan erosten dituen liburu eta diskoetan. Hiru herri hauetako udalek hartzen dute beren gain herritarren deskontu hau. Giro ederra ziurtatuta egongo da hiru herri hauetan, kultur ekintzak, liburu aurkezpenak eta hainbat... [+]


33 eskolatako ikasleak gerturatuko dira Ikusi Mikusi haur eta gazte literatur azokara

Haur eta gazteei zuzenduta euskaraz dagoen literatur azoka bakarra da Ikusi Mikusi, Saran egingo dute eta Euskal Herri osoko 33 eskolatako 1.396 ikaslek, familiek eta arloko profesionalek hartuko dute parte. "Hazi handiak ereiten ditugu haur eta gazte horiengan".


2023-09-28 | ARGIA
Inoizko postu gehien egongo dira larunbatean Hernaniko Liburu eta Disko Azokan

Doinuele euskara hutsezko plazen sareko hurrengo hitzordua irailaren 30ean izango da, Doberaren eskutik, 11:00etan hasita. Zenbait idazlek liburuak aurkeztuko dituzte, tartean Jakoba Errekondok eta Garbiñe Larreak. Bertso saio literarioa eta kontzertua ere egongo dira.


2023-08-28 | Leire Artola Arin
Irailaren 30ean egingo dute Hernaniko III. Liburu eta Disko Azoka

Abuztuaren 31era arte egin daiteke postua jartzeko eskaera. Aurten diskoak saltzeko aukera ere egongo da, lehen aldiz. Emanaldi eta aurkezpenak iragarri dituzte antolatzaileek. Dobera euskara elkarteak antolatzen du euskara hutsezko azoka, eta orain, Doinuele Euskarazko Plazen... [+]


Eguneraketa berriak daude