Badator Ziburuko Azoka, berritasunekin eta inoizko indartsuen

  • Ekainaren 3rako antolatu dugu Baltsan Elkarteak eta ARGIAk Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azoka, laugarrenez. Azoka honek euskararen erabilera bultzatu nahi du eta horretarako euskaldunei bi gauza eskaini nahi dizkie: kultur lanen kalitatea eta plazan euskaraz lasai egiteko euskaldun dentsitatea. Aurreko hiru edizioetako datuak eman dituzte: urterik urte gora egin du parte hartu duten argitaletxeen eta erakusgai jarri diren lanen kopuruak. Aurten Luzien Etxezaharreta izango da omendua, eta egitarauan hainbat berritasun iragarri dituzte.

Baltsan elkartean aurkeztu dute aurtengo Ziburuko Azoka. Zutik, ezkerretik eskuinera: Leire Larrasa auzapez-ordea eta Ladix Arrosagarai eta Maddi Zubeldia Baltsan elkarteko kideak. Makurtuta, ezkerretik eskuinera: Fanny Lascube Herriko Etxeko euskara arduraduna, Maia Etxandi Euskal Kultur Erakundeko kidea, Jenofa Berhokoirigoin ARGIAko kidea eta Euskal Irratietako zuzendari Teixa Ihidoy. Argazkia: Dani Blanco.

2023ko maiatzaren 09an - 13:34
Azken eguneraketa: 2024-01-08 10:16:59

Maiatzaren 9an aurkeztu dute aurtengo Euskal Liburu eta Disko Azoka, Ziburuko Baltsan elkartean. Euskararekiko kezka agertu dute bi antolatzaileek aurkezpenean. Hauek Baltsan elkarteko Ladix Arrosagarairen hitzak: "Ez gaitezen engaina: larria da euskararen egoera. Mugaz honaindian eremua galtzen ari da gure hizkuntza. Ez dezala inork horretan deus natural edo berezkorik ikus. Hemen ez da halabeharrik, hautu politikoek ekarri linguizidioaren ondorioak baizik".

Arazoa nazionala dela gehitu du Arrosagaraik: "Euskal Herri osoan desafio bera dugu: ezagutzak gora eginik ere herrialde gehienetan, ez du horrek beti erabilpena ziurtatzen, askotan eskolan lortutako gaitasuna ez baita nahikoa euskaraz bizitzea bermatzeko eta, gehienetan, euskara hutsez solastatzeko aukerak bakanak edo murritzak izaten baitira. Instituzioek badute hor ardura bezainbat zereginik".

Ziburuko azokaren antolatzaileek euskalgintzatik erronka hau jarri diote bere buruari: "Nola eman euskaldunari, euskara eskolan ikasi duenari edota AEKn dabilenari euskaraz aritzeko aisetasuna, gogoa eta parada? Arnas guneak biderkatuz eta hauetan dentsitatea eta kalitatea bilatuz. Kalitatea? Gure herriaren bizitasun eta dinamismoa, aberatsak eta askotarikoak dituen sorkuntza, literatura eta musikagintza plazaratuz eta sustatuz, auzolan eta elkartasun baloreak garatuz. Dentsitatea? Arnasa hartzeko gune sendoak sortuz, bertan euskara komunikazio hizkuntza nagusia izanen baita harremanak, elkar trukeak, gogoetak, eztabaidak edo ezagutzak lasaitasun, normaltasun eta naturaltasunez biziz, deus azaldu edo justifikatu behar izan gabe".

Herritarrei dei egin diete, pozetik, Ziburuko azokan parte hartu dezaten: "Ez digute erraz egiten euskaldun izan eta euskaraz bizitzen, baina zorionekoak gu aspaldi datorren katea horren parte sentitzeaz, iraganetik gerora doan korrika horren katebegi izateaz. Ukazio guztien gainetik eta diskriminazio guztien azpitik, hemen gaude beti: euskara hutsez bete eta bizi araz ditzagun plazak!".

Argitaletxeen eta aurkeztutako lanen kopuruak gora

Azoka honek hasieratik izan dituen bi ezaugarriak gogorarazi ditu ARGIAko Jenofa Berhokoirigoinek: "Euskara hutsezko ekoizpenen azoka izatea; eta Euskal Herri osoari zuzendua izatea, mugaz bi aldeetako antolatzaileak, argitaletxeak, idazle, musikariak eta bisitariak batuz". Hautu horiek urtetik urtera "azkarki babestuak" izan direla azpimarratu dute antolatzaileek, grafikoan ikus daitekeen moduan:

Lehen edizioan 16 argitaletxek hartu zuten parte, eta urtez urte gora egin ostean, aurtengoan 36 argitaletxe izango dira Ziburun. Gehiagok ere egin dute bertan izateko eskaera, baina lekua agorturik, deia egiten azkenak izan diren lau argitaletxeek ezin izango dute bertan egon. Aurten lehenengoz parte hartuko duten bederatzi argitaletxeen artean, hiru diskoetxeak dira (Adar, Maitakultura eta Usopop) eta beste sei liburu argitaletxeak (Berria, Eguzki Loreak, Katakrak, UEU, EHU, eta ZTK).

Izan ere, azokaren neurria Ziburuko plaza izatea da antolatzaileen hautua, eta urtez urte plazari metro gehiago hartu dizkio euskarazko kultur sormenak: lehen urtean 150 metro koadro ziren azokak hartzen zituenak, eta aurten 450. Eremua handitu da, batetik, herritarrak eroso mugitzeko kultur berrikuntzen bila, eta bestalde, argitaletxe kopuruak gora egitearekin batera egin duelako gora guztien artean sormen lanez beteko dituzten mahai kopuruak: lehen urtean 52 metro mahai ziren, aurten 112.. Agerikoa da argitaletxeek bataz beste gero eta eskaintza zabalagoa ekartzen dutela azokara, gero eta herritar gehiago bertaratzen baita Ziburura: antolatzaileek sorrerako urteetako daturik ez badute ere, iaz egin zuten zehatz kontatzeko saiakera eta 1.000 bisita inguru jaso zituela azaldu dute; 2021ean, aldiz, 700 inguru izan zirela uste dute. 

Aurtengo Azokaren berritasunak

Baltsan elkarteko Maddi Zubeldiak aurtengo berrikuntzak azaldu ditu: azokak Luzien Etxezaharreta omenduko du, "euskal literaturaren alde Maiatz aldizkariaren bitartez egindako lan gaitza" eskertzeko. Azoka zabaltzen duen Zubiburu mahai-ingurua berak eta Susa argitaletxeko Leire López editoreak osatuko dute.

Aurreko urteetan bezala, haurrentzako ikusgarria eskainiko da goizean, bertso-marrazki inprobisazioa eguerdian eta umorezko saioa bazkalostean. Egunean zehar sei liburu aurkezpen izango dira, eta egunari amaiera emateko kontzertua.

Horiez gain, lehen aldiz, lau mini kontzertu eskainiko dira arratsaldean, musika gune berrian. Aurreko edizioekin alderatuta, azokako ikusgarriek pilotalekuaren marrak gaindituko dituzte. Guztira bost gune izango ditu aurtengo azokak: gune nagusia pilotalekua izaten jarraituko du eta urtero bezala han izango da azoka; liburu aurkezpenak eta kultur ekitaldiak Herriko Etxearen aurrean jarriko den karpa txikian izango dira; Iturri zaharrak urtero bezala haurrentzako ikusgarria hartuko du; Herriko Etxearen kontra eta pilota plazara zuzenduta oholtza estalia jarriko da lehen aldiz, mini kontzertuak bertan eskaintzeko; eta Herriko Etxearen patioa erakusketa gunea izango da: Piarres Larzabal kolegioko 4.eko (DBH2) ikasleen komiki lanen erakusketa eta Etxepare lizeoko adar profesionalekoen euskal kazetaritzari buruzkoa.

Piarres Larzabal kolegioko DBH2. mailan Dani Fanok komikiari buruzko hitzaldia eman zuen eta Xabiroi aldizkaria aurkeztu zien gaztetxoei. DBH3ko ikasleek Baltsan elkarteko bisita jasoko dute eta azokari buruzko hamabost galdera erantzuten saiatuko dira taldeka: gehien asmatzen duten hamar ikasleek hamarna euroko bonua jasoko dute, azokan komiki eta liburuekin trukatzeko.

Euskararen Kultur Erakundeak eta Ziburuko Herriko Etxeak azoka zoriondu dute

Ziburuko Herriko Etxeko euskara arduraduna den Fanny Lascube adierazpen hauek egin ditu: "Milesker antolatzaileei, sorrerako urtetik erronka bat bazuen azoka honek, euskara hutsezko ekitaldia proposatzea herriari, eta lortu du euskal komunitateari halako egun bat eskaintzea. Hitzordu bilakatu da eta gero eta jende gehiago ekartzen du: ziburutar gisa plazera da plaza betetzen ikustea euskal kulturari esker, eta parada ederra da euskarazko sortzaileek eta argitaletxeek egiten duten lan eskerga errekonozitzeko. Hizkuntz politikaren ikuspegitik, garrantzitsua da plaza arnasgune bilakatzea, gure herria euskalduntzen laguntzen du eta erakusten du ez garela lau katu, komunitate oso bat bagarela euskaraz bizitzeko gogoa duena, eta ez dela kapritxo bat, eskubidea baizik".

Leire Larrasa auzapez-ordeak bereziki haurren ikusgarria aipatu du: "Herriko haurrek parte hartzen dute ikusgarri horretan eta horren bidez ohartzen dira haur asko euskara ez dela eskolari lotua den hizkuntza bat, plazerez erabiltzen ahal dela".

Euskal Kultur Erakundeko Maia Etxandi ere pozik agertu da: "Urtez urte ikusi dugu azoka pixkanaka handitzen joan dela parte-hartzean, eta baita eskaintzen duen programazio aberatsean ere. Datuak erakusten dutenez, azokak erantzuten dio bai argitaletxeen eta bai herritarren behar eta gogo bati".

Maiatzean, girotzeko, bi arrats

Hitzordu nagusia ekainaren 3an bada ere, maiatzean bi kultur ekitaldi antolatu dituzte, herria girotzeko:

Hitzen Ahairea hitzaldi musikatua eskaini berri dute Gotzon Barandiaran idazleak eta Rafa Rueda kantariak, maiatzaren 3an. Hemen kronika.

Ikusezinak. Erbesteratuen haurrak liburua aurkeztuko du Miren Azkarate Badiolak, eta Gara-k berriki argitaratu duen liburu honetan lekukotasuna ekarri duten batzuk ere mintzatuko dira. Maiatzaren 16an izango da, 18:30ean.

Azoka laguntzen duten eragileak

Azokaren aurkezpenean, laguntza emanaz partaide direnak eskertu dituzte antolatzaileek: "Eskertzen ditugu azoka beren aholkularitza eta laguntza teknikoa, ekonomikoa eta mediatikoa ekarriz sostengatzen duten partaideak": Euskal Irratiak, Euskal Kultur Erakundea, Euskal Hirigune Elkargoa eta Ziburuko Herria.

Babesleak ere eskertu dituzte: "Bertsolarien Lagunak Elkartea, bertsoari toki berezia ematen dion zirriborroka saioa lagunduz. Eta Atalaia, Boga eta Bittor ostatuak, ekitaldiaren babesle izateaz gain zerbitzari eta musika euskaldunak ziurtatuko dutenak egun osoa euskara hutsez iragaten lagunduz".

Doinuele, euskara hutsezko plazen sareko partaide

Helburu berak elkarturik, zortzi herritako plaza eta azoken artean Doinuele sortu dute aurten (albiste honetan xehetasun guztiak), euskara hutsezko plazen sarea: "Itzaletik ikusgarritasunera ekarri nahi ditugu plazak, urtean zehar euskal irakurle eta musika zaleari ibilbide bat proposatuz Euskal Herrian barna, euskara hutsezko ekimenak isolatuak ez direla erakutsi eta elkarri josiz haiek indartzeko", azaldu du Berhokoirigoinek.

Ibilbide horren ondorego etapa izango da Ziburukoa, Zarauzko Literaturiari lekukoa harturik.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azoka
Maiatzaren 2an hasiko da Ziburuko Azokaren Azokaldia

Ziburuko 5. Liburu eta Disko Azoka ekainaren 1ean egingo da, baina aurrez, maiatzean, beste lau hitzordu mamitsu eskainiko dituzte Lapurdiko lau txokotan.


40 argitaletxek eta diskoetxek parte hartuko dute Ziburuko Azokan

Ekainaren 1ean iraganen da azokaren bosgarren edizioa. Liburu aurkezpenak, kontzertu ttipiak zein bestelako ekitaldiak, egitarau oparoa osatzen dabiltza Baltsan elkartea eta ARGIA.


2023-06-20 | ARGIA
1.200 pertsona batu, eta 1.100 liburu eta diska saldu ziren Ziburuko Azokan

Joan den ekainaren 3an egin zen Ziburuko 4. Euskal Liburu eta Disko Azoka eta antolatzaileek –Baltsan Elkartea eta ARGIA–  balorazio orokorra egin dute. Azoka handituz joan da bere erritmoan, urratsez urrats, urtetik urtera baieztatuz 2019ko hastapen hartan... [+]


Eguneraketa berriak daude