Emakumeak borrokan

Euskal Herriko pobreenak 65 urtez gorako emakumeak dira

  • 1.080 eurokoa izatea gutxieneko pentsioa. Zenbaki horretan jarria du duintasunaren marra Pentsionistak Martxan plataformak. Eta larunbat honetarako manifestazio masiboak espero dira. Marra horretatik urrunen emakumeak daude, EAEko pentsioen arrakala Espainiako handienetakoa baita. Hara zer dioten datuek:

Estitxu Eizagirre @eeizagirre
2018ko martxoaren 15a
Urtarrilaren 29an Soraluzen pentsio duinen alde eginiko elkarretaratzean. Argazkia: plaentxia.eus.

Gutxieneko pentsioa zenbat gizonek eta zenbat emakumek jasotzen dute?

637,7 eurokoa izan da gutxieneko pentsioa 2017an. Espainiako Lan eta Gizarte Segurantza Ministerioaren datuen arabera, EAEn iaz gutxieneko pentsioa jaso zuten gizonezkoak 16.462 izan ziren (%6,14), eta emakumeak, berriz, 50.168 (%17,96). Informazio iturri beraren datuak eskuan hartuz, Nafarroan gutxieneko pentsioa jaso zuten gizonak 7.537 izan ziren (%11,16), eta emakumeak, aldiz, 18.118 (%27,25).

EAEko pentsioen arrakala, Espainiako altuenetakoa

eitb.eus-ek 2017ko urtarrilean argitaratu zuen albistean ,UGT sindikatuak egingiko ikerketaren datuak eman zituen eta hauxe diote: emakumeek batez beste % 44,84 gutxiago jaso zutela EAEn. Asturiasen ostean (%50,46), arrakala handiena duen autonomia erkidegoa zen. Iturri beraren arabera, EAEn 108.140 emakumek eta 215.151 gizonek jaso zuten erretiro-pentsioa. Emakumeek bataz beste 837,84 euro jaso zituzten, eta gizonek 1.518,85 euro. Soilik 2.819 emakumek lortu zuten erretiro-pentsio gorena jasotzea, 17.637 gizonek jaso bazuten ere.

Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten gehienak 65 urtez gorako emakumeak dira

Jasotzen dituzten pentsio eskasak osatzeko DSBEra jo behar izaten du erretiratu askok. Lanbide-ren otsaila honetako datuen arabera, Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten gehienak 65 urtez gorako emakumeak dira: 8.208. Bai gizon eta bai emakumeen artean, nabarmen multzorik handiena dira, hurrengo multzoaren bikoitza (40-44 adin tarteko emakumeak: 4.365). 65 urteko emakumeen kopuru honen ondorioz, 65 urtekoek osatzen dute DSBE jasotzen duten pertsonen multzo handiena: 10.695 (%18,1), beraz, hauetako 10etik 8 emakumeak dira.

DSBE jasotzen duten emakume guztien %24,1 osatzen dute 65 urtetik gorakoek, talderik handiena nabarmen. Aldiz, DSBE jasotzen duten gizonezkoen artean, 65 urtez gorakoak %9,9 dira, talderik txikienetakoa.

Mugimendu Feministaren irakurketa

M8an grebara deitu zuen Euskal Herriko Mugimendu Feministak, dei egin du martxoaren 17an pentsio duinen alde Bilbon egingo den manifestaziora joateko. Emakume pentsionisten egungo egoera honela azaldu dute: "Pentsio propioa izateko aukera izan dutenak, oso prestazio txikiak jasotzen dituzte eta gutxieneko beharrizanak asetzeko nahikoa izateko ere ez zaie heltzen. Beste askok ez dute berezko pentsioa lortzeko aukerarik izan bere bizitza guztian lan egin arren, besteak beste, ezkutuko ekonomian, etxeetan, zaintza lanetan. Eta ezin ditugu ahaztu miseriazko alargun pentsioak jasotzen dituzten emakumeak, zeinei hilabete bukaerara heltzea ia ezinezkoa egiten zaien".

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Pentsioak  |  Feminismoa  |  Pobrezia  |  DSBE

Pentsioak kanaletik interesatuko zaizu...
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude