Euskal Herriko mugimendu internazionalistaren erantzuna Noa abeslari israeldarrari


2014ko uztailaren 09an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33

Noak Euskal artistei bidalitako gutunaren harira, EH-Palestina sarearen gogoeta

Honezkero jakingo duzuenez datorren uztailaren 16an eta Gasteizko Jazzaldiaren egitarauaren barruan Noaren kontzertua dago iragarrita. Israelgo abeslaria ezaguna da Israelgo estatuaren alde egindako adierazpen publikoengatik eta zenbaitetan; Eurovision jaialdian, kasu; estatu sionistaren ordezkari lana egiteagatik. Gainera, zenbaitetan bere adierazpenen bidez justifikatu egin ditu Israelgo armadak burututako sarraskiak (2009ko “berun urtua” operazio militarra). Gerora, eta adierazpen haiek mundu osoan sortu zuten kalapitaren ondorioz, Noa irudi orekatu eta “bakezaleagoa” emateko ahaleginetan ibili da, baina inoiz jarrera argi bat hartu gabe. Hori dela eta, Gasteizen EH-Palestina Sarea osatzen dugun eragileok Noaren presentzia salatzeko kanpaina jarri genuen abian.

Kanpaina horren testuinguruan Euskal Herriko kultur arloko hamarnaka eragilek gutun irekia helarazi zioten Noari. Idazkian jarrera hartzeko gonbita egin zioten eta Giza Eskubideekiko begirunearen aldeko hiru aldarrikapen xumerekin bat egin zezan eskatu zioten:

1- Apartheid erregimena bertan behera gelditzea,

2- Okupazioa bertan behera gelditzea,

3- Errefuxiatuen itzultzeko eskubidea bermatzea.

Egun batzuen buruan, Noak, adeitasunez, erantzun egin dio euskal artisten gutunari bere jarrera azaltzeko. Erretorika bakegile batez makillatuta, abeslariak Israelgo erregimenari eta gaur egungo status quo-ari zilegitasuna emateko tesiak berretsi baino ez du egiten. Azter ditzagun bere gutunean baliatutako argudioetako batzuk:

1- Behin eta berriz bi alderdien arteko jarrera ekidistantea hartzen du, eta egoera desorekatu eta injustu baten aurrean maila berean jartzen du erasotzailea eta erasotua. Gure ustez guztiz lizuna eta gaitzesgarria da garbiketa etniko testuinguru batean biktimari eta borreroari erantzukizun maila berbera eskatzea. Gainera, bere baieztapenak, itxuraz ekidistanteak badira ere, eduki politikoz beterik daude.

1.1- “Alderdi bakoitzak onartu egin behar dio beste alderdiari bizitzeko, independentziarako, askatasunerako eta bakean bizitzeko eskubidea”.

Itxuraz, borondate oneko baieztapena dirudi, baina iruzur argumentala ezkutatzen du bere baitan, izan ere, horren arabera, biktimak, hainbeste urtez garbiketa etnikoa pairatu ostean, onartu egin behar dio borreroari “independentziarako” eskubidea... zein baldintzatan, ordea? 46ko mugetan, 47koetan (NBEaren banaketa plana), 49koetan (49ko su etenaren ondorengo marra berdea), 67koetan (6 egunetako gerra), 93koetan (Osloko akordioak)... ala gaur egungo mugetan? hots, okupatuak onartu egin behar du okupatzaileak bere eremu historikoaren %88a okupatu izana. Gaur egungo status quo ilegala onartu egin behar dute palestinarrek?

1.2- “Bi alderdiek gauza gaitzesgarriak egin dituzte euren ideien izenean”.

Berriz ere, ekidistantziaren izenean, argudio lizuna baliatzen du, alegia, maila berean jartzea okupatzailearen bortizkeria eta okupatuaren erresistentzia-bortizkeria zilegia. Okupatuari Nazioarteko Zuzenbideak berak ematen dio indarraren bidez ere okupatzaileari aurre egiteko eskubidea. Halaber, maila berean jartzen ditu estatu baten armada erregularrak burututako bortizkeria eta  estaturik gabeko herri bateko herritarrek burututakoa.

1.3- “Alderdi bakoitzak amore eman beharko lioke bere helburu osoak lortzeari”.

Hau da, orain arteko status quo delakoa ontzat eman behar da. Okupatuaren helburuak, okupatua den heinean bidezkoak badira ere, ez dira aintzat hartzekoak, are gehiago, okupatuak, bakearen izenean, amore eman beharko lieke bere aldarrikapen zilegiei.

2- “Bi estatuen konponbidearen defendatzaile sutsua naiz”.

Baieztapen honek bere baitan dakarrena, berriro ere, gaur egungo egoera ontzat ematea da. Alegia, 1947tik 2014ra arte okupatutakoa (jatorrizko eremuaren %88a) ontzat ematea eta palestinarrei estatu bat baimentzea Palestinako Agintearen administraziopean dauden eremuetan, hots, Gazan eta Zisjordaniako A eremuetan. Palestinarren ordezkaritza batek bi estatuen konponbidea sinatu zuenean, Osloko akordioetan (1993an), egoera bestelakoa zen, 1949ko su-etenaren eremuak hartzen ziren kontuan. Noak ondotxo dakien bezala, azken hogei urteotako bilakaerak bideraezina bilakatu du bi estatuen konponbidea. Gaur egungo baldintzetan eta eremuetan ezinezkoa da estatu palestinar bideragarri bat ikuspegi guztietatik (geografikoa, ekonomikoa, natur eta ur baliabideei dagokienez burujabea...)

3- “Errefuxiatuen aferari dagokionez bat egiten dut Genevako ekimenak dioenarekin

Genevako ekimen delako hori, 2003ko abenduaren 2an pertsona talde batek sinatutako hitzarmena da. Norbanako talde batek egindako ituna da, inongo zilegitasun ofizialik ez zuen norbanako taldeak, inongo ordezkaritza zilegitasun demokratikorik ez zeukanak. Bertan adostutakoak, beraz, ez dauka inongo balio ofizialik; eta gainera ez dator bat Nazioarteko Zuzenbidearekin. Aitzitik, Nazioarteko Zuzenbidearen arabera palestinarrei dagozkien eskubideak murriztu egiten zituen modu lotsagarri batean. Bilkura Genevan egin zuten ekimenari izen entzutetsua ematearren eta iritzi publikoak Genevako IV. Itunarekin nahas zezan. Palestinako gizartearen eragile askok errendizio aitorpentzat hartu zuten hitzarmen hura, eta bertan parte hartu zutenak traidoretzat:

Hortaz, Noa errefuxiatuen eskubideez ari denean, Genevako ekimen horrek dioenarekin bat egiten du, alegia, “itzultzeko” eskubidea onartzen die baina balizko estatu palestinarraren eremuetara, hots, Zisjordania eta Gazako errefuxiatuen eremuetara. Indarrean dagoen nazioarteko legediak, ordea, NBEaren 194. ebazpenean, euren jaioterrietara itzultzeko eskubidea onartzen die errefuxiatu palestinarrei.

4- “Aitortu egin dut nire jarrera kolonoen kokalekuen aurka, eta uste dut ez liratekeela eraiki behar herrialde okupatuetan”.

Berriz ere, eta Genevako ekimenak dioenaren ildotik, apartheid harresiaren barrualdean gelditzen diren eremuak bakarrik hartzen ditu eremu palestinartzat. Hortaz, orain arte eraikitako kolonia ilegal guztiak, harresiaren kanpoaldean gelditzen direnez, de facto anexionatutako eremutzat dauzka eta hortaz legaltzat. Oraindik aurrera eraiki zitezkeen balizko koloniak bai, salatu egiten ditu, baina orain artekoak (500.000 kolono ilegal bizi dira Zisjordaniako eremuetan, NBEak onartutako mugaren barruan) ontzat ematen ditu.

Ikusten dugunez, Noa oso trebea da hizkuntzaren erabileran, eta informazio nahikorik ez duen edonork onar zitzakeen argudioak baliatzen ditu. Baina ikuspuntu kritiko batetik aztertzen baditugu bere hitzak, ez da oso zaila bere katamaloa eranztea. Bere erantzunarekin, bakezale itxuraz mozorrotuta bada ere, Noak Israelgo apartheid politikari zilegitasuna eman besterik ez du egiten, hortaz, ezin dugu inolaz ere interpretatu Nazioarteko Zuzenbidearen gutxieneko printzipioekin bat egiten duenik:

1- Okupazioaren amaiera eta harresia bertan behera botatzea;

2- errefuxiatuen itzultzeko eskubidea 194. ebazpenak onartzen dien baldintzetan;

3- Apartheid politiken amaiera Israelen bizi diren palestinarrekiko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Israeli boikota
2024-05-21 | Gedar
Hamabi lagun ikertzen ari dira, Castejonen CAF-Trenasaren kontra egindako protesta bat dela-eta

Asteartean deklaratu beharko dute Tuteran, ikertu gisa. Palestinan eraikitzen ari den tranbia-sarearen bidez, CAF "entitate sionistaren kolonizazioan parte hartzen" ari dela ohartarazi dute.


Israeli boikota egitera deitu dute Hego Euskal Herriko hiriburuetan, Nakbaren urteurrenean

Duela 76 urte abiatutako Nakbak martxan jarraitzen duela salatu dute hiri eta herri ugaritan. 5.500 euskal herritar inguruk egin dute bat BDZk antolatutako mobilizazioekin. Larunbatean manifestazioa izango da Iruñean, 12:30ean.


Eurovisioni boikota egiteko deiak indar hartu du, Israelen genozidioa zuritzea egotzita

Maiatzaren 11n ospatuko da Suedian Eurovision jaialdia eta Israelen parte hartzeak kritika ugari sortu ditu. Europako milaka artista eta ehunka antolakundek jaialdiari boikota egiteko deia egin dute. Aurten Malmö hirian izango da ekitaldia eta aurreko egunetan, milaka... [+]


Kanpaldien lehen garaipenak iristen hasi dira Israelekiko boikot akordioekin

Besteak beste, Bartzelonako Unibertsitateko klaustroak Israelekin harreman instituzionalak etetearen alde bozkatu du. Dublingo Trinity College ikasle mobilizatuekin akordio batera heldu da Israelekin “harremana hausteko norabidean lan egiteko”. Ikasle Abertzaleakek... [+]


Eguneraketa berriak daude