Euskal Herrian aske bizitzeko eskubidearen alde borrokan segitzeko deia egin dute preso eta iheslari ohiek

  • Baionan eskaini dute prentsaurrekoa 30 bat euskal preso eta iheslari ohik, urtarrilaren 6an. Larunbatean Sarek eta Bakegileek antolaturiko hitzorduetan parte hartzeko deia luzatu dute.


2021eko urtarrilaren 07an - 10:20
Prentsaurrekoa Baionan

"Pertsona guztientzako eskubide guztien errespetuan oinarrituko den agertoki berrira" heltzeko asmoz, bake prozesua bururaino eramateko beharra azpimarratu dute 30 bat euskal preso eta iheslari ohik Baionan egindako prentsaurrekoan. Larunbat honetan Sarek eta Bakezaleek antolaturiko ekimenetan parte hartzeko deia luzatu dute: "Preso guztien kaleratzea, erbestean dauden guztien etxeratzea eta militante guztien eskubideak errespetatzeko prozesua gauzatzeko ordua da". Jokin Etxebarria eta Saroia Galarragak irakurri dute adierazpena.

2020 urte bukaeran Frederic Xistor Haramburu kartzelatik atera izanak presoen auziari dagokionez "ikuspegi berri bat" islatzen duela sinetsi nahi dute preso eta iheslari ohiek ere. Hala ere argi dute: "Aukera bat zabaldu da, baina mobilizatzen jarraitu behar dugu". Ipar Euskal Herriko gehiengo politiko eta sozialaren mobilizazio, aktibazio eta erabakitasunaren emaitza gisa kokatzen dute azkenean Haramburu kartzelatik atera izana; eta urrats berriak lortzeko bidean, "elkarlanean jarraitzeko" deia luzatu dute aho batez.

2021 urteak kartzelaldiaren 31. urtean sartu diren Jakes Esnal, Ion eta Unai Paroten askapena ekarri beharko duela diote, eta baita eritasunak dituzten presoen etxeratzeak ere.

COVID-19 urte zaila

Salatu dutenez, COVID-19aren izurriteak ondorio negatiboak izan ditu euskal presoengan eta haien senideengan: "Kartzelan ezarri diren osasun neurriek isolamendua areagotu dute, bisiten murrizpen edo bertan behera uztearekin". Osasun krisiaren hastapenean, milaka preso askatuko zituela hitz eman zuen Frantziako Gobernuak, baina "terrorismoaren aurkako legedien aitzakipean" askapenak ez zituzten euskal presoetara bideratu. Erabakia "onartezina" dela ebatzi dute, "are onartezinagoa" esklerosi anizkoitza duen eta COVID-19an positibo eman zuen Ibon Fernandez Iradiren eta aurten 70 urte bete dituen Jon Gurutz Maizaren kasuan.

"Konfinamendu garaian hartutako neurriekin lotutako kontrol sozialaren ugaritzeak gogorarazten digu gure askatasuna mugatua dela eta uneoro zalantzan jartzen dela". Hain zuzen, preso eta iheslari ohi gisa ere, bortitza izaten ari da COVID-19 garaia. Azken asteetan ugariak izan dira preso ohien atxiloketak errepide kontroletan: Igor Uriarte, Jon Irazola, Peio Alcantarilla eta Oier Oaren kasuak ditugu adibide gisa. Hori horrela, beste behin gauza bera exijitu beharra dute: "Gure herrian askatasunez bizitzeko eskubidea".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal preso politikoak
Sortuko sei kide epaituko dituzte euskal presoei "ongi etorri" ekitaldiak antolatzeagatik

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Manuel Carcía Castellón epaileak sei pertsona epaituko ditu Ongietorrien auzian: Antton López Ruiz Kubati, Kai Saez de Egilaz, Pipe San Epifanio, Haimar Altuna, Oihana Garmendia eta Oihana San Vicente. Guztiak Sortuko kideak... [+]


26 urteko espetxealdia atzean utzita aske da Iñaki Garces otxandiarra

Astelehenean jakinarazi du albistea Etxerat elkarteak. Otxandioko preso politikoa baldintzapeko askatasunean zegoen 2023ko martxoaz geroztik.


Euskal preso eta iheslari politikoen aldeko jaialdia egingo dute Ezpeletan larunbatean

Kontzertuen bidez euskal preso eta iheslariak laguntzea da xedea. Aurten, Rakatapunk, Xutik eta Esne Beltza dira egitarauan.


Eguneraketa berriak daude