"Euskadi auzolana" da EAJren leloa, "Euzkadi Elkarte Anonimoa" izan behar luke

  • Urriaren 1a eta 30a tartean, ustelkeriaren aurkako jardunaldi mamitsuak antolatu ditu ADI! Elkarteak Gasteizen. Ustelekeriari begirada sakon eta diziplina anitzekoa luzatu nahi dio ADIk urrian zehar, De Miguel auziko sententzia ezagutzear dela. Ahoan bilorik gabe hitz egin du ADI! elkarteko kide Javier Aguillo Fernández de Gorostizak, ARGIAri eskainitako elkarrizketan. Euskal Herriko ustelkeria maila Espainiako Estatuaren parean kokatzen du. Erdigunea EAJ jartzen badu ere, inplikatutakoak asko direla eta sare bat osatzen dutela dio. Ezkerreko alderdien jarrerarekin harrituta agertzen da, eta herri mugimenduek eta jendarteak oro har ustelkeriaren aurrean erakusten duten axolagabeziarekin oso kritikoa da.


2019ko irailaren 30an - 11:33
Javi Aguillo Fernández de Gorostiza (Argazkia: ARGIA)

Noiz eta zergatik sortu zenuten ADI! Elkartea?

Lau urte direla sortu ginen Gasteizen, San Antonioko ustelkeria kasua dela eta. Auzi horretan, Gasteizko Udaleko PPko hiru ordezkari politiko izan ziren auzipetuak, Javier Maroto eta Alfonso Alonso alkate ohiak tartean. Hainbat sentsibilitate eta esperientzietatik gentozen jendea elkartu ginen orduan. Kezkaz bizi genuen ustelkeria kasuak jendartean oharkabean igarotzen direla ikustea, erantzunik pizten ez dutela.

Pentsatu genuen herritarrok agente aktiboa izan behar genuela eremu horretan. Informatzen eta kontzientzia sortzen saiatzen gara, ohartu gaitezen ustelkeria ez dela kasu isolatuetan oinarritzen, publikoaren kudeaketa ulertzeko modu zehatz bati erantzuten diotela: etekin pribatuaren araberakoa, eta ez soziala. “Euskadi auzolana, Euskadi bien común” da EAJren leloa; “Euzkadi elkarte anonimoa” izan beharko luke.

“Ez dira kasu isolatuak”, esan zenuten jardunaldien aurkezpen agerraldian. Ze dimentsio du ustelkeriak Euskal Herrian?

Azken urteetara mugatuz eta Araban soilik, San Antonio kasuaz gain Epsilonekoa dago, Hiriko, De Miguel, Yurreko ekaitz tankea... Xahututako milioiez eta milioiez ari gara. Egun batzuk direla, EH Bilduk 21 Zabalguneko [Hirigintzaz arduratzen den udal sozietate publikoa] zuzendari berriaren izendapena gaitzetsi du, Arabako EAJrekin loturak dituen enpresaria delako.

Epsilon auzia, adibidez, paradigmatikoa da. EAJren hurbileko enpresei lotuta zegoen proiektua. EAJk 47 milioi euro lortu zituen proiektuarentzat, [Jose Luis Rodriguez] Zapaterori babesa ematearen truk. Proiektua bertan behera geratu zen, baina dirua xahutu zuten. Arabako fiskalak iruzur zantzuak aurkitu zituen, epaiketa egon zen, eta azkenean ez zen kondenarik egon. Edo De Miguel makrosumarioa: 26 pertsona auzipetuak, tartean Arabako Aldundiko EAJko goi karguak.

Praktika orokortuez hitz egiten duzue. Ez du ematen hori denik jendartearen pertzepzioa. Ez al dago uste zabaldu bat, esaten duena egiturazko ustelkeria Espainiako Estatuaren kontua dela, eta ez hemengoa?

Nik uste dut ustelkeria Euskal Herrian, kalitatez eta kantitatez, estatuaren parekoa edo are handiagoa dela. Gertatzen da hemen EAJk ustelkeriaren sare klientelarra ondo kudeatzen asmatu duela. Kasu batzuetan PSEko erreferentziazko pertsonak daude inplikatuak, beste batzuetan PPkoak... EAJk jakin izan du banatzen, zatirik handiena berak poltsikoratuz. Ondorioz, gainontzekoek ez dute ustelkeria arma bezala erabiliko EAJren aurka, badakitelako EAJk haien kontuak ere atera ditzakeela.

Banaketa politika horren adibide argiena AHTan dugu. Bide-tarteen esleipenei jarraipena eginez, ikusten da denetan nahasten direla Espainiako Estatuko enpresa handi bat edo bi EAJri loturiko tokiko baten batekin.

Isiltasun orokortu sinesgaitza dago. Hemen, Araban, publikoki salatzen duen bakarra fiskal bat izatea...

Deigarria da, hain zuzen ere, Arabako fiskal Josu Izaguirrek urteko memorian justizia aparatua bera kritikatzea ustelkeriaren aurrean erakusten duen irmotasun eskasagatik, ezta?

Izaguirrek epaileei eskatu die ez izateko hain koldarrak kasu hauekin, gehienak artxibatu egiten dira eta. Bestelako jarrerak dituztenak jasotzen dituzten presioak ikaragarriak dira. Jakina da Izaguirre gurutziltzatu dutela EAJko buruzagiek. EAEko fiskal nagusia izateko bidean zegoen, eta EAJrekin erlazionatutako kasuak ikertzen hasi zenean burua moztu zioten.

Alderdiaren babesak jende honi guztiari bermatzen dion zigorgabetasuna ikaragarria da. Denak du lotura EAJren tentakuluekin: enpresak, aholkularitza enpresak, abokatu eta prentsa-bulego onenak dituzte, komunikabideak kontrolatzen dituzte zuzenean edo publizitate instituzionalarekin mugitzen duten dirutzaren bitartez... Ate birakariak ahaztu gabe: Josu Jon Imaz Petronorera, Ardanza Euskaltelera...

Jardunaldietan, saioetako bat ustelkeriak salatu dituzten pertsonei eskeinia dago. Erraza al da ustelkeria salatzea?

Aipatu dudan zigorgabetasunak zerikusi handia du ere salatzaileen bakardadearekin. Gurean adibidea Ainhoa Alberdi litzateke, De Miguel auziko ustelkeriaren lekuko nagusia. Auzian, jaso zituen presioak azaldu zituen: “Gaur arte hartu didate mendekua”, esan zuen. Tratamendu psikologikoan egon zen, bere enpresari ohartarazi zioten inongo lehiaketa publikora ez aurkezteko ez zuelako bat bera ere irabaziko. Pairatuko zuena jakin izan balu ez lukeela egingo adierazi zuen epaiketan. Eta, Alberdi bezala, erraustegia gelditu zutenak edo Osakidetzako oposaketetan iruzurra salatu zutenak. Badira ere jazarpena jasotzen ari diren pertsona anonimoak, publiko egiteko jausia ematen ez dutenak, “honaino heltzen naiz” esaten dutelako.

Izugarria da horrenbesteko arriskuak hartzen dituzten pertsonak babesik ez izatea. Ez kritikarik jendartean, ez babes herritarrik, ez omen alfombrak altxatu behar zituzten alderdien babesik.

Zailtasunak zailtasun, epaitegietan amaitzen dute ustelkeria kasu gutxi batzuk. Zer gertatu ohi da auzipetuekin edo zigortuekin?

Auzipetuta dauden pertsonek administrazio publikoan jarraitzen dute lanean. De Miguelek jada ez du Arabako Aldundian lan egiten, lanpostu bat bilatu diote Eusko Jaurlaritzaren nekazaritzako sail batean, Iñaki Gerenabarrenaren ondoan [Arabako buruzai jeltzale historikoa, ABBko presidente hainbat urtetan]. Zigorrak dauden gutxietan, testimonialak dira. Momentuz inork ez du espetxerik zapaldu.

De Miguel auzia Araban epaitu den ustelkeria kasurik handiena da. Sententzia larter jakinaraziko dela aurreikusten da. Zer espero duzue?

Ez dugu askorik espero, egia esan. Hiru buzuzagi nagusientzako, aldi berean hiru akusatu nagusiak ere badirenak, zigor arinen bat espero dugu. Besteentzako zigor ekonomikoren bat, ez besterik.

Zer paper ari dira betetzen instituzioetan ordezkaritza duten ezkerreko alderdi politikoak ustelkeriaren alorrean?

Egiten dutena ez dela nahikoa deritzogu, erabat, harritzeko moduan. Euren burua ezkertiartzat duten alderdiak dira, jendarte eraldaketaz hiz egiten dutenak. Badituzte gertatzen ari denaren inguruko datuak. Gu joan izan gara zantzuekin haiengana: “Zuek, hemen zaudetela, begiratu hemen zer dagoen”. Bizkarrean zapladatxoa ematen dizute, eta horretan geratzen da dena. Ez dakit posibilismoak diren zergatia. Edo etorkizuneko balizko herrialde-paktu estrategikoak diren “ez gara EAJrekin asko sartuko” pentsarazten dutenak. Horrelako zer edo zer izan behar du, bestela ulergaitza da.

Guk ez dugu gaitasunik, oso gutxi gara. Baina egingo balitz galdutako dirutza publiko guztiaren kalkulu bat, eta horrekin egin zitekeena kalkulatu... Adibidez: Epsiloneko 47 milioi euroekin gauza asko egin daitezke. Zerrenda luzea litzateke.

Argazki latza deskribatu diguzu. Zer behar da ustelkeriari aurre egiteko?

Gaia alderdi politikoen eta herri mugimenduen agendan egotea sumatzen dugu faltan. Larria da, boterean dauden alderdi politikoek hondare publikoaz egiten duten kudeaketaz hitz egiten ari gara, boterean euren buruak iraunaraztea bilatzen dutenak. Modu opakuan jarduten dute, sare klientelarrak sustatzen dituzte eta enpresen bitartez diru publikoaren erabilera pribatua egiten dute. Joan-etorriko harremana da enpresa eta alderdien artekoa: hor daude “mesedeak”, alderdien finantzazio ilegala, ate birakariak...

Jendartean ez dago politikoen kontrolerako kontzientziarik. Gure agindupean egon beharko luketen ordezkariak dira! Delegazioan oinarritutako kultura politiko ikaragarria dago.

Hilabetez luzatuko diren jardunaldiak antolatu dituzue ustelkeriaren aurka. Zer helburu duzue?

Ustelkeriaren aurkako jardunaldiak data hauetan antolatzearen arrazoietako bat da De Miguel auziaren epaiarekin bat egin dezaten bilatzea.

Hortik harago, jauzi kualitatibo bat eman nahi dugu jardunaldiekin. Orain arte agerraldiak egin ditugu, kontzentrazioaren bat, hitzaldi solteak edo liburuen aurkezpenak... Orain ustelkeria sakonkiago eta diziplina anitzeko ikuspuntu batetik landu nahi dugu. Jardunaldiek lau eremu nagusi dituzte: ustelkeriaren legitimatze soziala; salatzaileen babesgabetasuna, ustelkeria salatu duten pertsonen lekukotasunekin; komunikabideek eta kazetariek ustelkeriaz egiten duten tratamendua; eta boterearen, zuzenbidearen eta ustelkeriaren arteko harremana. Parte hartzaileen artean ustelkeriaren ikertzaileak eta salatzaileak, kazetariak edo unibertsitateko katedratikoak daude. Hitzaldi eta mahai inguruez gain, Gasteizko Gaztetxean jaia antolatu dugu, ondo pasatzeko eta gastuei aurre egiteko dirua ateratzeko.

Alderdi guztiak gonbidatu genituen ere ustelkeriaren inguruko mahai-inguru batera, baina bertan behera utzi behar izan dugu. Erantzun diguten bakarrak Podemos eta EH Bildu izan dira.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ustelkeria
EAJk Mundakako bere alkatea presionatzen zuen, udaleko idazkariaren gainetik aritzeko

Mundakako alkatea Mikel Bilbao zen gertaerak deskribatzen diren garaian, 2019 eta 2020an, eta EAJko herriko Uri Buru Batzarrak presioa egin zion aurreko udalak kontratatutako zerbitzu juridikoak berriz kontratatzeko. Udaleko idazkariak kontratazio horren aurkako txostena egin... [+]


Ustelkeriaren normalizazioa

904.000 milioi euro. Hori da ustelkeriaren kostua urtean Europar Batasunean, 2020an egindako ikerketa baten arabera. 2008. eta 2020. urteen artean 3.743 ustelkeria kasu plazaratu ziren komunikabideetan Espainiako Estatuan, horietatik 109 Hego Euskal Herriari zegozkien. Atzera... [+]


Hamar milioi euroko komisioak sortu zituzten Koldo García atxilotu duten maskaren operazioan

Guardia Zibilaren esanetan, Victor de Aldama enpresariak ordaindutako diru kopurua litzateke hamar milioi euroko hori, eta Espainiako Garraio Ministerioak pandemia garaian egindako salerosketei lotuta legoke. Ostegun honetan utzi dute aske García, epailearen aurrean... [+]


'Bidegi auzia' berriz ireki eta txosten independentea egiteko agindu du Gipuzkoako Auzitegiak

EH Bilduren helegite baten bidez, Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak berriz ireki du Bidegi auziko bi kereiletako bat, AP1 autobidearen Eskoriatza-Arlaban zatiari dagokiona. Pasa den irailean Azpeitiko epaitegiak erabaki zuen kasua behin behinean artxibatzea. Orain, auzitegiak... [+]


Jaurlaritzak ez zuen Zubietatik Artaxoara eramandako hondakinen karakterizazioaren berri

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailak ez zuen Artaxoara eramandako hondakinen karakterizazioari buruzko informaziorik; hala dio Eusko Legebiltzarrera igorritako dokumentazioan. Gipuzkoako erraustegia kudeatzen duen Ekondakinek lixibiatuak bidaltzen jarraitu zuen, Ecofert enpresak... [+]


Eguneraketa berriak daude