Europar Batasunak (EB) azalpenak eskatu dizkie AEBei, herrialde horretako Segurtasun Agentzia Nazionalak (NSA ingelesezko sigletan) egindako entzuketengatik.
 
                                                        Der Spiegel astekari alemaniarrak argitaratu duenez, EBren eta NBEren komunikazioetan espioitza lanak egin ditu AEBetako segurtasun agentziak. Besteak beste, Bruselan, New Yorken eta Washingtonen EBk dituen bulegotetan sartu zen NSA, baita barne-sare informatikoetan ere.
Entzuketak Alemanian
Alemaniako Justizia ministro Sabine Leutheusser-Schnarrenberger atzo mintzatu zen informazio horiei buruz eta Vilaweb atariak jaso ditu haren esanak: “Nekez esplikatu liteke horrelako zerbait terrorismoaren aurka borrokatzea argudio gisa erabilita”.
Der Spiegelen arabera, AEBetako zerbitzu sekretuek Alemaniako 500 milioi telefono-dei, e-posta mezu eta bestelako testu mezu gordeta dituzte. Txinaren edo Iraken jarraipen maila berdina eman diete, Leutheusser-Schnarrenbergerren ustez Gerra Hotzeko garaiak gogora ekartzen duen kontrol maila.
Edward Snowdenek, NSAren kolaboratzaile ohiak emandako datuetan oinarritu da Der Spiegel informazio horiek argitaratzeko.
“Ekintza horiek, baieztatuko balira, erabat onartezinak lirateke”, adierazi du Laurent Fabius Frantziako Atzerri ministroak. Fabiusek argitu duenez, Europar Batasunak eskatutako azalpenez gain, Eliseoak ere kontuak argitzeko eskatu dio Etxe Zuriari.