Europako patronalak lepoa moztu nahi dio Ekonomia Zirkularrari

  • Jean-Claude Juncker Europako Batzordearen lehendakari izendatu eta berehala pikutara bidali dute Ekonomia Zikularrerako araudi berria. Gero jakin da atzetik bultzaka aritu direla BusinessEurope lobbyak biltzen dituen korporazio handietako ugazabak. Kolpe berean kixkali dituzte genero berdintasuna sustatzeko zenbait arau ere.


2015eko otsailaren 10an - 12:31
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Europako Legebiltzarrak Flickren eskegitako argazkian, Jean-Claude Juncker (ezkerretan) Europako Batzordearen lehendakaria eta Frans Timmermans lehendakariordea, batzordeko kideak aurkezteko 2014ko urriaren 22an egindako saioan.

Janez Potocnik komisarioaren izena nabarmen markaturik geratuko da Europako Batzordearen historian: izan zen behin Esloveniako komisario bat urte luzeko lanez eta pazientzia handiz landu zuena Ekonomia Zirkularrerako europar araudi berria... baina aski izan zen hauteskundeen ondoren komisario berria izendatzea Potocniken lan guztia paper ahul bat bezala erretzeko.

Europan ingurumen gaiez eta iraunkortasunaz okupatzen diren talde askok etsipenez ikusi dute Jean-Claude Juncker lehendakaritza hartze hutsarekin nola hasi den lurperatzen azken urteotako lorpenak. Hondakinak modan daudenez, Euskal Herrira gehienbat iritsi dira Ekonomia Zirkularrerako lege multzoari buruzkoak. Baina ez dira garrantzia txikiagokoak genero berdintasuna sustatu, aireko kutsadura murriztu edo finantzen mugimendua gardenagotzeko abian ziren neurrien suntsiketa. Ondorioak laster hasiko dira ikusten.

Europar Batzordearen lehendakariorde Frans Timmermansek   burokratek hain maitea duten estiloan esan zuen parlamentarien batzordean Ekonomia Zirkularraren araudia osorik deuseztu zutela “aurten bertan, 2015ean, anbizio handiagoko plan berri bat egitearren”. Anbizio handiagokoa ala patronalaren eskarien neurriragokoa?

Potocnikek hilabete luzez landutako negoziaketen fruitu sortu zen Ekonomia Zirkularraren araudia, zeinak helburutzat zeukan Europak hain urri dituen lehengaien bizia luzatzea, hondakinak baliabide bihurtzea berrerabilpena, konponketa eta birziklatzea sustatuz, aldaketa estruktural honek Europar Batasunari 600.000 milioi euroko balioa ekarriko ziolakoan, Barne Produktu Gordinaren %30eko hobetzea eta bi milioi lanpostu berriren sorrera.

Baina ortodoxia kapitalistatik ateratzen ez diren helburuok, antza, ez zituen gogo onez ikusi kontinenteko ugazaba handiak biltzen dituen BusinessEurope lobbyak. Arazoa zegoen planak aipatzen dituen neurri zehatzetan, tartean:

- Hondakinen birziklatzea %70era iristea 2030rako.

- Bilgarrien birziklatzea %80ra iristea 2030erako (papera %90era, plastikoak %60ra, egurra %80ra, metal eta bidrioak %90era).

- 2025erako bukatzea birziklagai den ororen lurperatzea, ez bada hondakin arriskutsuentzako biltegietan eta gehienez %25.

- 2025erako hondakinen sorrera %30ean murriztea.

- Neurriak betetzen direla segurtatzeko alarma sistema sortzea.

- Hondakin arriskutsu guztien trazabilitatea bermatzea.

- Ekoizleen erantzukizuna handiagotzea koste-eraginkortasunezko gutxieneko baldintzak ezarriz.

Neurriok  2014an aldatzen joanak ziren, hasierako helburu ausartak orraztu aldi bakoitzean kimatuz, Zero Waste Europe eta European Environment Bureau elkarteek salatu zutenez, Europako industriaburu handiak gogor ari zirelako bultzaka atzetik. Errausketa zorrotzago eragozteko planak ahuldu egin ziren, helburuak lortzeko epeak luzatu, idazkerak anbiguotu. Antza denez, ordea, Potocnikek abian jarritako araudi deskafeinatua ere gehitxo zen hondakinak merke ekoiztetik eta horien tratamendua herritarrei kario kobratzetik negozioa egiten dutenentzako.

Kutsatzaile handien lobbya

Iazko azaroaren 25ean, Juncker Europako buruzagi jarri eta berehala, Euractiv webguneak ordura arte ezkutatutako albiste bat plazaratu zuen: “Lobby batek proposatu du EBren legedia sinplifikatzea genero berdintasun eta ingurumen alorretan”. Euractivek albistearen iturritzat aipatu zuen BusinessEurope lobbyak, Europako patronal handiak biltzen dituenak, Junckerri bidalitako txosten ordura arte sekretua; Batzordea egun gutxiren buruan gutuna argitaratzera behartuta aurkitu zen.

BusinessEuroperen gomendioa da negoziatze bidean diren zenbait lege europar deuseztea: administrazio kontseiluetan genero berdintasuna lortzeari, amatasun oporren luzatzeari, finantzen gardentasuna hobetzeari eta airearen kutsadurari dagozkionak, gehi Ekonomia Zirkularrarena. Patronalak Timmermansi azaroaren 20an entretatu zion bost lege asmook geldiarazteko eskaria. Kasualitatez, bost horiek berak dira hilabeteren buruan Europako Batzordeak mahai gainetik kendu dituenak.

Zergatik deuseztu legeok? BusinessEuroperen iritzian “enpresa europarren lehiakortasunarentzako oztopo izango direlako”. Ekonomia Zirkularraren paketeari aplikatuz gero argudioa, hondakin gutxiago sortu, sortutakoa hobeto berrerabili edo konpost bihurtu eta birziklatzen baldin bada, aprobetxatu daitekeen ezer errauskailuetara joatea eragozten baldin bada... enpresa europarren lehiakortasunaren kalterako izango omen delako.

Ingurumenaren aldeko informazioa bildu eta presioa egiten saiatzen den Europako Ingurumen Bulegoko (European Environmental Bureau ingelesezko izen ofiziala, EEB) Jeremy Watesek esan du Junckers eta Timermansen kolpeaz: “Garbi ikusten da nondik iritsi den presioa aireari eta hondakinei buruzko lege proposamen garrantzizkoenak erretiratzeko. Eta eskandalua are handiagoa izango da Juncker presidentea ikustea BusinessEuroperen agenda atzerakoia saltzen ‘arau hobea egitea’ dela esanez. (...) BusinessEuropek ordezkatzen ditu iraganeko korporazio kutsatzaileak. Hauek sustatzen duten agendak ez du onartu nahi ekonomiaren epe luzerako osasunak ingurumen politika sendoak eskatzen dituela”.

Euskal Herriko adibideetan islatuko bagenu Bruselan neoliberalek eman duten ostikada berria, esango genuke jokaldian tantoa irabazi dutela BusinessEuropek ordezkatu dituen zerbitzu publikoen kontratatzaile pribatu handiek (FCC, Urbaser...) eta errauskailuen kudeatzaileek (Zabalgarbi, zentral nuklearrak bezala errausketarako labeak egiten dituen Sener...). Ez dute onartu nahi gero eta administrazio gehiago Usurbil, Oñati, Sakana edo Orendainen bidetik abiatzea, hondakinen kudeaketa hobe, merkeago eta garbiagoa egitea alegia.

Ekonomia Zirkularraren lege multzoa, orain pikutara bidali dutena, 2014ko uztailean onartu zuen orduko Europako Batzordeak. Lau hilabete egin ditu bizirik. Betiko erraustu ote duten? The Guardianek galdeturik, Janez Potocnik komisario ohia itxaropentsu azaldu da, esanez ziur dagoela proposamenaren mamia ez dela alferrik galduko, urteotan egindako lanarekin sortu eta zabaldu delako legerik gabe ere Europan aldaketa ekarriko duen olatua.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Europar Batasuna
Europa gainbeheran?

Europar Batasuneko (EB) Legebiltzarra berritzeko hauteskundeak deituta daude datorren ekainerako eta iraupena 2029 artekoa izango da. Amaitzear dagoen legealdi honetarako, Ursula von der Leyen batzordeburuaren helburuetako bat zen Europa berdea sustatzea, baina xede hori... [+]


Migratzaileei sarrera gogortzeko ituna onartu du Europako Parlamentuak

Europar Batasunean migrazio politika gogorragoa ezartzeko ituna onartu du euroganberak, zortzi urtetako negoziazioen ondoren. Hala, eskuin-muturraren ideiei men egin eta arau baztertzaileak erabili ahal izango dituzte hemendik aurrera herrialdeek, kontrola areagotzeko eta... [+]


2024-04-10 | ARGIA
Migratzaileei laguntzeagatik gutxienez 117 pertsona auzitara eraman dituzte Europan 2023an

Pertsona migratzaileak laguntzea kriminalizatzen duten politikak nagusi dira Europar Batasunean, eta hori egiteagatik auzitara eraman dituzten pertsonen kopuruak errekor berria ezarri du 2023an: gutxienez 117.


Eguneraketa berriak daude